Domeka arratsaldekoa
Udazken epeleko domeka lasai horietakoa izan zen atzokoa. Bazkal ostean buelta bat ematera irten nuen. Arratsaldeko laurak-bostak aldera oso jende gutxi zebilen kalean, umeak baino ez.
Horrelako lasaitasunarekin, gustoko kirolean nenbilen: eskaparateei poliki-poliki begira. Umeen erropa-denda garesti batekoari pega-pega eginda nengoela, nahi gabe elkarrizketa bat entzun nuen. Kalean inor ez zebilenez, ez zen zaila besteek esandakoa entzutea.
Galdera jaso zuen neska gaztea ematen zuen, hogeitapiku. Ilehoria, oso argala, metro t’erdi inguru. Jertsei haundi urdin iluna zeraman. Ez nuen entzun zer erantzun zuen, baju egiten zuen berba. Gizonak berriz: “eres extranjera?”. Erantzuna berriro ere ez nuen entzun. “Tienes novio?” Neskak berriro ere erantzun, nik entzun ez. “Es que yo estoy buscando una mujer como tú”.
Ni baino piska bat aurrerago gizon bat (50 bat urte, morenoa, ile gutxi, altura eta itxura normala, normalik badago) entzun nuen neska bati galdetzen ziola: “tú eres de aquí?”. Nik burua jiratu nuen, pentsatu nuelako neska bertakoa ez bazen, igual gizona kaleren baten bila zebilela, eta laguntzeko asmoz. Begiratzerakoan konturatu nintzen ondoan telefono-kabina bat zegoela. Barruan neska bat telefonoan eta kanpoan galdera jaso zuena zain. Konturatu nintzen baita ere kabina horren inguruan etorkinak egon ohi direla, telefonoz hitz egiteko hilaran.
Ni bitartean begira-begira, laupabost metrotara. Neskak zerbait erantzun zion eta gizona joan egin zen trankil asko. Neska eta biok gertu geratu ginen, elkarri begira, bera zeharo gorrituta. Berbetan hasi nintzaion, gertatutakoaz galdetzeko. Zeharo lotsatuta eta haserre zegoen. Azentoarengaitik igartzen zitzaion etorkina zela, baina ondo egiten zuen erderaz. Europako ekialdekoa edo izango zen. Itxurarengaitik berdin izan zitekeen Osintxun jaiotakoa. Hitz egiten aritu ginen piskatean, gizon haren arpegi galantaz, nola harrapatu zuen neska erabat desprebenituta. Barrez bukatu genuen, esanez hurrengoan nobio boxeolari bat duela erantzun beharko zuela.
Etxerakoan pentsatzen nuen seguru asko gizon hark bazekiela kabina inguruan etorkinak elkartzen zirela. Eta bururatzen zitzaidan europear itxurako neska argal batek domeka eguzkitsu bateko arratsaldeko bostetan horrelako gauza bat agoantatu behar badu, zer ez ote den gertatuko azal beltzagoa duten emakumeekin, egunak argirik ez duenean, herriaren erdigunea ez diren bazterretan.
Guai ez
"Kontu korrontea zabaldu zuten antolatzaileek (…) beste eremu batean. Europa osoa kontutan izanda (…) seguruenik errenta zein kontsumo mailarik altuenetakoak erakusten dituen Deba Goiena eremu gipuzkoar zein bizkaiera mintzairadunean. Halaber, monobolumen zein 4x4 gehien erakusten dituen ikastolagune tradizionala (…) Nora zuzendu diru-biribilketa….Mendebaldeko euskalkia monobolumnean dabilen ekialde hurbilera ez, noski, oraindik ere oinez dabilen ekialde urrunera baizik". Berria 05-10-14
Zirimolan garamatzan gaur egungo merkatu-munduan, gauzak ez dira diren bezalakoak, saltzen diren bezalakoak baizik. Saltzen duguna (edo ez duguna) gara. Eta aitor dezagun: azokan postua ipintzerakoan Debagoienak ez du asmatu. Ez gara ez gipuzkoar ez bizkaitar moduan azaltzen. Aberatsegiak ez gara, baina pobreegiak ere ez, ez gara kexatzen. Donostiatik eta Bilbotik hurrun eta garesti gaude, horiei bizkar bizi gara beraz. Maltzagatik bailararako sarrera aiñubia da, ez da erakargarria. Eta onar dezagun: EITBko promoko andaluzaren moduan, “zozo” samarrak gara. Frigorifiko asko, farandula gutxi. Iaz Euskal Herriko Hollywooden izan ziren Kilometroak, ZarautzenJakina, Zarautzen dena da “guai”. Eguraldia ere primerakoa izan zen egun horretan, inork ez zizkion kontutan hartu Zarautzi bere aberastasuna. Luxozko automobilak, ehun milioiko etxeak, markako dendak… ezezagunak ei dira Zarautzen. Ah, baina Zarautz polita da, euskalki dotorean mintzatzen da, seguruasko gaur egun euskal idazle per capita gehien dauzkan herria da, eta herrian bertan langileek ez dute bost errelebotan lan egiten. Zarautzen “guai” da malekoitik paseatzea. Ostera goiko trenbidetik ibiltzeak “glamour” gutxiago dauka. Eta berdin hurrengo urteko Kilometroak-en herrian, Oiartzunen. Han txaletik ez, 4x4ko autorik ez.
Nafarroa, buruz oker ez banabil, Peninsula Iberiar guztian errenta per capita altuena duen lurraldea da. Iruinberrin duela bi urte gertatutakoa penagarria izan zen, eta ondo bideratuak iruditzen zaizkit hara emandako diruak, ikastolen alde gauden guztioi egindako elkartasun deiak. Zein da orduan aldea? Euskal Herri honetan badago dirua eta aberastasuna. Baita ere gauza askotarako baliabide premia. Itxuraz baina horretxek guztiak bereganatuko ditu bere burua ondoen saltzen dakienak. Eta ez da hori, momentu honetan, Debagoienaren kasua.
"Eztarri sakona"
Gaueko hamarrak aldera silloian jarri eta hartzen dut eguneko periodikoa. Atzokoan zekarren 33 urte direla Eztarri sakona filma pornoa estreinatu zutela.
Nahiz eta filma gau partean izan, takilak arratsaldean zabaldu ziren. Laurak alderako sekulako ilara zegoen, Principaletik ia Udaletxerainokoa. Nire lagun Garbiñe eta biok hantxe, erdi-lotsak ematen duen barregura horrekin. Lerroan porno bat ikusteko!
Gogoan dut pelikula hori ikusi genuenean, orain dela hamabost bat urte, Donostian. Ordurako filma mitikoa zen, eta jakin bezain laster emango zutela erabaki genuen ikustera joatea. Uste dut Kultura Patronatuaren edo ziklo baten barruan eman zutela. Ez dakit zein ziklo klase izango zen, zine pornoa edo? (Ah, diru publikoa xahutzeko modu ona!, esango du baten batek).
Filma orduan sartu ginen zinera Garbiñe, Iñigo, Josefran eta laurok. Garbiñe eta Iñigorekin mantentzen dut erlazioa, Josefranen berria galduta daukat. Aretoa lepo eginda zegoen, eta goiko partera joan behar izan genuen.
Hamabost urte pasa dira eta filmaz ez dut ezer gogoratzen, ez da eszena bat ere. Argumentua bai, lehendik ere banekielako. Baina irudi bat bera ere ez da geratu nire buruan. Pentsa zelako inpaktoa izan zuen nigan. Hamabost urte ondoren, bi gauza baino ez zaizkit gorde oroimenean, biak ere garbi-garbi:
- filma jatorrizko bertsioan zela. Itzulpena bazegoen. Itzultzailea eszenatokiaren bazter batean zegoen emakume bat zen, paper batzuetan elkarrizketak irakurtzen. Irakurtzen, ez antzezten. Orduan irakurtzen zuen funtzionarioaren tonu lauan: bien, bien cariño, sigue, sigue. Eta horrelakoak. Oso barregarria izan zen.
- filma bukatu ondoren, aretoan halako beroa egiten zuelako edo, eztarria lehor-lehor eginda irten genuela taldeko laurok. Irten eta tabernarik gertuenean kas edo coca-cola bana tragoan edan genuen, eztarriko lehortasun hori kendu ahal izateko.
