Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Guai ez

Guai ez

Elena Laka 2005/10/17 09:27

"Kontu korrontea zabaldu zuten antolatzaileek (…) beste eremu batean. Europa osoa kontutan izanda (…) seguruenik errenta zein kontsumo mailarik altuenetakoak erakusten dituen Deba Goiena eremu gipuzkoar zein bizkaiera mintzairadunean. Halaber, monobolumen zein 4x4 gehien erakusten dituen ikastolagune tradizionala (…) Nora zuzendu diru-biribilketa….Mendebaldeko euskalkia monobolumnean dabilen ekialde hurbilera ez, noski, oraindik ere oinez dabilen ekialde urrunera baizik". Berria 05-10-14

Zirimolan garamatzan gaur egungo merkatu-munduan, gauzak ez dira diren bezalakoak, saltzen diren bezalakoak baizik. Saltzen duguna (edo ez duguna) gara. Eta aitor dezagun: azokan postua ipintzerakoan Debagoienak ez du asmatu. Ez gara ez gipuzkoar ez bizkaitar moduan azaltzen. Aberatsegiak ez gara, baina pobreegiak ere ez, ez gara kexatzen. Donostiatik eta Bilbotik hurrun eta garesti gaude, horiei bizkar bizi gara beraz. Maltzagatik bailararako sarrera aiñubia da, ez da erakargarria. Eta onar dezagun: EITBko promoko andaluzaren moduan, “zozo” samarrak gara. Frigorifiko asko, farandula gutxi. Iaz Euskal Herriko Hollywooden izan ziren Kilometroak, ZarautzenJakina, Zarautzen dena da “guai”. Eguraldia ere primerakoa izan zen egun horretan, inork ez zizkion kontutan hartu Zarautzi bere aberastasuna. Luxozko automobilak, ehun milioiko etxeak, markako dendak… ezezagunak ei dira Zarautzen. Ah, baina Zarautz polita da, euskalki dotorean mintzatzen da, seguruasko gaur egun euskal idazle per capita gehien dauzkan herria da, eta herrian bertan langileek ez dute bost errelebotan lan egiten. Zarautzen “guai” da malekoitik paseatzea. Ostera goiko trenbidetik ibiltzeak “glamour” gutxiago dauka. Eta berdin hurrengo urteko Kilometroak-en herrian, Oiartzunen. Han txaletik ez, 4x4ko autorik ez.

Nafarroa, buruz oker ez banabil, Peninsula Iberiar guztian errenta per capita altuena duen lurraldea da. Iruinberrin duela bi urte gertatutakoa penagarria izan zen, eta ondo bideratuak iruditzen zaizkit hara emandako diruak, ikastolen alde gauden guztioi egindako elkartasun deiak. Zein da orduan aldea? Euskal Herri honetan badago dirua eta aberastasuna. Baita ere gauza askotarako baliabide premia. Itxuraz baina horretxek guztiak bereganatuko ditu bere burua ondoen saltzen dakienak. Eta ez da hori, momentu honetan, Debagoienaren kasua.

etiketak: stormy monday
Elena
Elena dio:
2005/10/19 12:19

Nik uste dut gai hau egueraldi txarra egin zuen eguna baino lehenagotik datorrela. Atentzioa eman zidan Kilometroak eguna baino lehen, Arizmendi ikastolako arduradunei egindako elkarrizketetan, zenbat aldiz azaldu behar izan zuten euren ikastolak ez zeukala dirurik, ez zela aberatsa. Excusatio non petita, acusatio manifiesta.

Ez daukat gogoan Zarautzko ikastolak iaz horren beste aldiz errepikatu behar izan zuenik dirurik ez zeukala.

Seguruasko bazegoen lehendik aurreiritzi bat, gero Fermin Etxegoienek bere zutabean jaso zuena.

e-gor
e-gor dio:
2005/10/18 14:24

Nik be irakurri nauen Fermin Etxegoienen artikulua, eta ez jaten gustau. Alde batetik, emuten dau gure euskalkixak laguntzarik ez dauela merezi esaten dauela. Bestetik, nik be pentzau nauen Naparrun be dirua ugari dauela esaten dala. Hala ta be, Zarautz eta Oiartzungo adibidiak ez jaten okurritu, eta oso onak die.

Gainera, askotan emuten dau kooperatibismuan bidez gure bailaran lortu douen ongizate-mailagatik barkamena eskatu biher douela, edo pijo edo burges bihurtu garela. Ez al da ba hori ezkerrekua dan edozeinek eskaketan dauena, aberastasunan banaketia alegixa?

Artikulu honekin nire pentzamendua plasmau dozu, baina nik egingo nauena baino askoz hobeto. Txapeau! Aukeratuko al daue Berrian blogtekarako? Ez dot uste...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.