Domeka arratsaldekoa
Udazken epeleko domeka lasai horietakoa izan zen atzokoa. Bazkal ostean buelta bat ematera irten nuen. Arratsaldeko laurak-bostak aldera oso jende gutxi zebilen kalean, umeak baino ez.
Horrelako lasaitasunarekin, gustoko kirolean nenbilen: eskaparateei poliki-poliki begira. Umeen erropa-denda garesti batekoari pega-pega eginda nengoela, nahi gabe elkarrizketa bat entzun nuen. Kalean inor ez zebilenez, ez zen zaila besteek esandakoa entzutea.
Galdera jaso zuen neska gaztea ematen zuen, hogeitapiku. Ilehoria, oso argala, metro t’erdi inguru. Jertsei haundi urdin iluna zeraman. Ez nuen entzun zer erantzun zuen, baju egiten zuen berba. Gizonak berriz: “eres extranjera?”. Erantzuna berriro ere ez nuen entzun. “Tienes novio?” Neskak berriro ere erantzun, nik entzun ez. “Es que yo estoy buscando una mujer como tú”.
Ni baino piska bat aurrerago gizon bat (50 bat urte, morenoa, ile gutxi, altura eta itxura normala, normalik badago) entzun nuen neska bati galdetzen ziola: “tú eres de aquí?”. Nik burua jiratu nuen, pentsatu nuelako neska bertakoa ez bazen, igual gizona kaleren baten bila zebilela, eta laguntzeko asmoz. Begiratzerakoan konturatu nintzen ondoan telefono-kabina bat zegoela. Barruan neska bat telefonoan eta kanpoan galdera jaso zuena zain. Konturatu nintzen baita ere kabina horren inguruan etorkinak egon ohi direla, telefonoz hitz egiteko hilaran.
Ni bitartean begira-begira, laupabost metrotara. Neskak zerbait erantzun zion eta gizona joan egin zen trankil asko. Neska eta biok gertu geratu ginen, elkarri begira, bera zeharo gorrituta. Berbetan hasi nintzaion, gertatutakoaz galdetzeko. Zeharo lotsatuta eta haserre zegoen. Azentoarengaitik igartzen zitzaion etorkina zela, baina ondo egiten zuen erderaz. Europako ekialdekoa edo izango zen. Itxurarengaitik berdin izan zitekeen Osintxun jaiotakoa. Hitz egiten aritu ginen piskatean, gizon haren arpegi galantaz, nola harrapatu zuen neska erabat desprebenituta. Barrez bukatu genuen, esanez hurrengoan nobio boxeolari bat duela erantzun beharko zuela.
Etxerakoan pentsatzen nuen seguru asko gizon hark bazekiela kabina inguruan etorkinak elkartzen zirela. Eta bururatzen zitzaidan europear itxurako neska argal batek domeka eguzkitsu bateko arratsaldeko bostetan horrelako gauza bat agoantatu behar badu, zer ez ote den gertatuko azal beltzagoa duten emakumeekin, egunak argirik ez duenean, herriaren erdigunea ez diren bazterretan.