Hauteskunde kanpainaren estiloa (I)
Hauteskunde kanpaina badoa aurrera, herritarrendako eta politikariendako, batzuek jaramon gehiago egiten diotela, besteek urrutiko soinua baino ez dutela aditzen. Legebiltzarrean eserlekua izango duten lau alderdietako zerrendaburuak dena ematen ari dira Lehendakaritzara iritxi nahi horretako propagandan. EAEko lurralde osoa zeharkatzen dihardute, goi eta behe, esker-eskuin, entzun ditzagun eta kontutan izan ditzagun. Euren argazkiek leku arraroenetatik begiratzen gaituzte. Baina erretratuak ez dituzte nonahi jarri eurak gu ikusteko, guk beraiei erreparatzeko baizik.
Ikusi ditugu. Konturatu gara zein arropa janzten duten. Jabetu garan euren estiloaz. Eta hona hemen, hainbestetan parean ikusgai ipini zaizkigunez, lau hautagai ohiartzuntsuen estilo azterketa labur bat:
Eskaini genion post labur-laburra Urkullu lehendakarigaiari, hain izan zen handia haren ezpain glosseatuak egunkariko argazkitik azaltzen agertu zitzaizkigunean eman zigun inpresioa.Orain, polikiago, bere estiloa dugu berbagai.
Iñigo Urkullu hautagaia, arropari dagokionez, ez da apainkeriatan ibiltzen den gizona. Kanpaina aurretik ere ezagutzen genuen bere estiloa: Bilbo-Bilboko jaun batena. Traje perfektoa, alkandora argia, Windsor korapiloa gorbatan, mokasin disdiratsuak eta galtzerdi beltzak.
Kanpainan baina, piska bat herritartu nahian edo, hiru lizentzia hartu ditu bere estilo bilbo-gentleman horretan:
Bata, jaka eta alkandora barik, nikia.
Jakina, aurrekanpaina beroa izan genuen (eguraldiaz nabil) eta erromerietara joateko sport estiloa behar da. Horretarko I.U.k nikia aukeratzen du: ez t-shirta, beti poloa. Hau bezalakoa, urdin argi-argia, edo zuria. Markakoa, hori bai, eta lepoaldea piska bat jasota. Estilo hau Oier Gorosabelek azaldu zuen hemen.
Bigarrena, gorbata erantzita. Kanpainan murgilduta, gorbata gabe ikusi dugu sarritan hautagaia. Gertutasun handiagoa ematen du irudi honekin.
Edo gorbatabako bigarren aldaera: Obama modua, alkandora hutsean, mauka luzeak piska bat jasota. Oso imitatua, baina Barakek bezala inork gutxik defendatzen dakiena.
Eta hirugarren lizentzia, ausardia estetiko ateraldi batean, jakaren ordez, kazadora. Hori bai, Bilbo-Bilbokoek eramaten dutena bezalakoa. Gazteekin-eta elkartzeko, irudi ez hain serioa ematekotan.
Hori ba, arropa bat ala bestea jantzi, Iñigo Urkulluren estiloak badauka ezaugarri bat, eta da beti lisatu berria ematen duela. Berdin dio telebistako agerraldi bat izan, jendearekin bilera batean, iluntzeko ekitaldi batean izan. Bere alkandorek beti lisatu berriak ematen dute, praketan ez dauka simur bat ere ez. Horrek eskatzen du lisatze on bat, eta lisatuari eusten jakitea. Lisatzaile onak badakigu Sabin Etxean egon badaudela. Lisatuari luzaroan eusten jakitea berriz, norbere meritua da.