Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Aurpegiko ileen joera

Aurpegiko ileen joera

Leire Narbaiza 2012/06/24 22:40
Nola eramaten dute aurpegiko ilea gizon euskaldunek? Ingurukoengan fijatuta, bizar, bibote, kokospeko eta abarrak blogeratuta!

Aurreko post baten jardun dugu pasadaz aurpegiko ileez. Ruedaz aritzerakoan aipatu genuen bisaietako ilea. Gaurkoan, baina, post osoa eskainiko diot, askorako ematen baitu.

Egia esatera, Eraldalab-eko jardunaldian bururatu zitzaidan zerbait idatz litekeela honen gainean. Bertara nahiko jende gaztea joan zen. Esango nuke adina 30en bueltan zebilela. Kontua da elkartutako gizonezko gazte, sendo, zindo horietako askok bizarra zeramatela. Proportzio handian, argazkietan ikusten den moduan. Harritu egin nintzen, eta nire belaunaldikoekin konparatzen hasi. Hortik gora jo nuen, aurreragoko belaunaldietara. Horrela sortu zen ideia hau, konparazioak eginez.

70. hamarkadan Laboak (ile bakoa aurpegian) "Egun da Santimamina" kantu famatuan "Euskara salbu ikusi arte, ez dut moztuko bizarra" abesten zuen. Batzuek zentzu hertsian hartu, eta bizardun egin ziren betiko. Orduko manifestazioetako argazkiak-eta ikusten baditugu, erraz berretsiko dugu hori.

Baina denbora aurrera egin ahala, askok bizarra egin eta musu-garbi geratu ziren. Beste batzuek, ordean jarraitu zuten bizardun. Era askotara, ideologia desberdinetakoak, gainera. Hementxe hainbat kasu:

mario onandia

Mario Onaindiak, adibidez, hil arte eroan zuen, bere partidu politikoan hain modan egon zena.

xabier lete

Xabier Lete ere bizardun gogoratzen dugu. Bizar luzeagoarekin ere ezagutu genuen, argazki bitxi honetan bezala:

xabier lete zoro

Amatiñoren blogetik hartua, erdian dago Lete, lehoi baten antzera

Beste bat lehoi itxura duena Xabier Amuriza da:

xabier amuriza

Antza denez oso modan egon zen bizar luuuzea erabiltzearena, Fernado Muniozguren zenak gazteagotan erabili zuen bezalakoa

fernando muniozguren

Ez dut aurkitu erretraturik bizar luzeagoarekin, baina nik ikusi izan dut, benetan. Gure herriko Iñaki Larrañaga pintoreak darabilena bezalakoa.

iñaki larrañaga

Mutur horretara eraman barik, geratzen zaigu bizardun historikoren bat: Benito Lertxundi. Oso ondo ematen dio bizarrak, ezer barik baino guapoago.benito lertxundi

Talde honetan Iñaki Antiguedad ere sartuko nuke. Badakit gazteagoa dena, baina bere estetikak badauka sasoi horretakoarekin antza apur bat

iñaki antiguedad

Tira, argazki mitiko bat ere ezin falta post honetan, Sarrionandiarena bizarragaz. Orain auskalo, agian depilazio laserra dauka egina, eta ilerik ere ez zaio ateratzen, baina ezin nuen ahaztu!

joseba sarrionadia

Belaunaldi horretako gizonezko batzuk bizar/kokospeko dikotomian bizi dira. Hau da, batzuetan bizardun besteetan bibotea eta ahutz-bizarra. Bururatzen zaizkidanak:

joxerra garzia

Joxerra Garziak batzuetan bizarra, besteetan perilla "itxia".

jesus egiguren

Jesus Egigurenek ere aldaketak egiten dit noiznahi.

Baina gutxien aurkitu dudana bibote hutsa izan da. Kasu pare bat politikoen artean

ramon etxezarreta

Ramon Etxezarreta, bibote sarri eta handiarekin, Jon Idigorasen estilora (nahiko toreroak, biak ala biak, alajaina)

jon idigoras

Beste politiko bat biboteduna, Iñaki Azkuna. Aristokratikoagoa, bistan denez. Behar omen da Bilboko alkate izateko

iñaki azkuna

Bibote hutsarena baina, ez da hain popularra. Antza denez, sasoi bateko Errealeko jokalarien ezaugarria ez dugu, ez, oso gustuko, horrela, huts-hutsean.

zamoraZamora

 

 

 

 

 

 

idigoras Idigoras

satrustegi Satrustegi   Larrañaga

Tira, bibotedun idazle estiloso bat ere bururatzen zait, baina hau gaztetan futbolaria ere izan zen. Joan Mari Irigoien:

joan mari irigoien

Belaunaldi berean baina, dena ez da bibotea izan. Belarrondoko ileek ere izan dute protagonismoa, patillak, hain zuzen ere. Eta nor da patillen erregea, pastazko betaurrekoekin batera? Ruper Ordorika handia, modaz paso eginda, bere nortasun propioarekin, ikur bihurtu duena. Gizon elegantea, berba baten!

ruper ordorika

Ile-zangoak modan jarri ziren, eta hurrengo gizaldiak ere bere egin zituen. Pernando Barrenak, kasu.

pernando barrena

Edo hurrengo belauneko Maiorga Ramirezek bezala, patilladun ilehori bakarra gure rankinean

Baina Ruper Ordorika patillen erregea bada printzea Unai Iturriaga da! Berak baino luzeago gutxik eroan dituzte ile-zangoak gure panoraman.

unai iturriaga

Belarrondoko ileak gehi mini-kokospeko horrek egin dute famatu Iturriagaren estetika. Mini-kokospeko hori oso zabaldua da hainbat adinetan. Aitortu behar dut niri asko gustatzen zaidala, eta bizarra eginda izan, baina ukitu hori lagatzea maite dudala. Musikari askok darabilte:

Eñaut elorrieta

Eñaut Elorrietak, adibidez, bizarra kentzen duen bakoitzean, look desberdina ematen diola bere buruari uste dut, baina beti mantentzen du mini-kokospekoa

mikel urdangarin Mikel Urdangarinek urteetan daroa. Ondo geratzen zaio!

iñaki soto Iñaki Soto Garako zuzendariak ere badarama, estilo handiz. Egia esan, Soto anaiek aipamen berezia behar dute, biek aurpegiko ilearekin hainbat modu erabili dutelako. Mikel Sotok, adibidez, gauza definiezina darama, bizar eta patilla artekoa. Ikusi:

mikel soto Ile-zango luzeak kokospean ia elkartzen direnak.

Batzuetan bizar huts bihurtzen dira bibote barik, Amish edo islamista estilora

Xabier Gantzarain Berriako zutabegilearen moduan.

Baina patilla definigaitz horiek belaunaldi horretako askok darabiltzate:

teketen-artsuaga

Gorka Julio eta Asier Artsuaga, patilla luzeekin, Eraldalaben

Eta atzera ere Eraldalabera itzuli naiz. Eta 30 urteren bueltan dabiltzanen artera. Esan dudan moduan, harrituta geratu nintzen bizardunen kopuruarekin. Hala ere, ez nuke esango bizar permanenteak direnik, postaren hasieran aipatu ditudanak darabiltzatenak bezalakoak. Koiunturak direla esnago nuke. Hau da, pentsatu barik lagatakoak. Bihar, gogotsu jaikiz gero, desagertuko direnak. Pixka bat Gorka Bereziatuaren antzera

gorka bereziartua

Askotan 3-4 egunekoak diruditen arren ez dira horrela, ez direlako oso itxiak eta nahiko suabeak. Atsegina da oso, batez ere aurkezpenetako musu emate horretan. Tira, musu emate guztietan!

Gari Araolazaren moduan, bizarra, baina ez oso-oso itxia, beste belaunaldi batekoa izan arren.

Gero, Eraldalab-ekoaren ostean, Bizardunak taldea etorri zitzaidan burura. Agian hauek jarriko zuten moda hau, ala eurak dira modaren jarraitzaile? Ezin esan!

bizardunak

Joera horretan ere Kalakan-eko Janmixel Bereau ere sar genezake, Jesukristo looka darama eta.

Erdikoa, jakina!

Gazteengana salto eginda, nire belaunaldikoak laga ditut alde batera. Eta Gari Araolaza aipatu badut ere, esango nuke, ez dagoela hain zabalduta bizarrarena euren artean. Batzuek ez dute bizarra egiten eta askorik ez dutenez, lakaina batzuk baino ez zaizkie geratzen, sasoi batean Jon Sarasuari legez:

Twitterreko nire TLan baina, bizardun pare bat ere aurkitu ditut, salbuespenak:

Benito Fiz

Ricardo Gomez

Biak irakasleak, biak bizardun baina bizarra moztua eta soildua, nahita. Zainduak.

Bibotedunik ez dago, ez badira perilladunak. Perilla izan daiteke bibotea+kokospekoa, edo bizarra ken ile-zangoak, nahi duzuena. Lehenengo taldekoak gutxi dira: Joseba Tapia, baino ez dut aurkitu

Bibote sarria, patillak eta perilla

Bigarren taldean kasuak ugariagoak:

Iban Zaldua

Joxe Rojas

Josu Lezameta.

Argi dago! Sasoi bateko gizonen artean oso modan egon zen eta badago belarrondoko ile bako bizarra. Segi horrela, ondo geratzen zaizue-eta ;-)

Amaitzeko argazki bakarra, Ander Arroitajauregi luthier eibartarrarena, benetako ahutz-bizarra daramana aspalditik. Ume guztiek tira egiteko tentazioari eutsi ezin dute bera ikustean:

Nik argi daukat, gizonezkoa banintz, bizarduna nintzateke. Sekulako alferra emango lidakeelako egunero bizarra egiteak, patillak definitzeak, perilla murriztea, bibotea moztea. Noizean behin bizarginarengana joan eta hari emango nioke lana! Gero plazera dela esateko! Gora aurpegiko ilea!

xme
xme dio:
2012/06/24 23:52
oso dibertigarria; markos zapiainek duela urte batzuk antzeko gaia erabili zuen, euskal letren mundura mugatuta: bizardunak, bibotedunak (ez hain gutxi: belaunaldi berean izagirre, jorge gimenez, joxean elosegi...), eta gero muxugarbiak; oraingo gazteen bizar-revivala iritsi barik zegoen artean.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/06/26 08:54
Xabier, egia diozu, ez dago ikustea baino zeinek osatzen duen poeta zonbien kluba
leire
leire dio:
2012/06/26 13:37
Eskerrik asko Xabier eta Markos erantzuna lagatzeagatik! Ohore handia da zuek gure blog xumea bisitatzea eta erantzunak lagatzea!
Gustura asko irakurriko nuke artikulu edo zera hori, euskal idazleak bizar edo bibotez sailkatzen duena. Baduzue niri bidaltzerik? Mila esker!
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/06/26 17:24
Eskerrik asko, Leire! Arraroa egiten zait zuen blogari buruzko umiltasun hori, begi bistakoa baita Anti-gona dela gaur egungo blogik seduzitzaileena

Hemen duzu ilea:

http://sustatu.com/1069756779
leire
leire dio:
2012/06/28 23:18
Mila esker, Markos! Zelako lorea bota diguzun! lausengatzaile samarra zara, horratik! Ia ideiez hornitzen jarraitzen dugun!
Eskerrik asko loturarengatik! Ona!!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera