Musika-talde berrien ustezko atarramentua
Bidaia baten nindoan gustuko abestiak entzuten eta tap! halako batean euskal abesti bat hura agertu zen txandan eta berriro erakarri ninduen, abesti berak atzera ere. Oso atsegin dudanez, gustura aditu nuen. Ez da jende askok ezagutzen duen aspaldiko kanta horietako bat, azken urteetako abesti fin bat baizik. Entzun bitartean, kantu polit horren egile nahiz interpreteen lekuan jartzen hasi eta oharkabe gure inguruko edozein euskal musikariren ibilbidean murgildu nintzen nire bizipenak berpiztuz.
Gazterik zaletasunagatik musikari heldu, bi, hiru edo lagun gehiagoren talde bat egin, eta elkarren anparoan instrumenturen bat ikasiz gustuz entzuten dena errepikatzen saiatuz hasi ohi da.
Taldea proiektu bihurtuko da gero taldekideen gustuen eta, askotan intuizioz, norbere konposizioen gainean, baldin eta osaleen gorabeheren eta liskarren langak gainditu eta aurrera egitea lortzen badu.
Bai, hauek musikaren ekintzaileak dira eta jendearekin musikaren bidez komunikatu nahi dute.
Taldeak, orduan, bere musika gizartearekin partekatzera eramateko bideak bilatzen ditu ilusioz beteta entseiatzeari utzi gabe, norberekiko euforia apur bat sentituz.
Izan ere, helburua ezagun egitea da, inguruan tarteka suertatzen diren kontzertu bakanetara norbere lagunak eta ezagunak gonbidatuz, edota ahal den moduan egiten diren grabaketen berri emanez. Sare sozialetan presentzia izateak ere janzten du hasierako lilura eta bertan agertzen saiatzen dira.
Eta botila-lepoarekin egingo da topo. Izan ere, artisten (proiektuen) eskaintza dauden plaza eta oholtzak baino, askoz ugariagoa da eta errazagoa da instrumentuak jiratu, norbere gustuko musika estiloan trebatu eta nola edo halako grabaketak egitea ekitaldi bat bera ere lortzea baino. Jende asko baitabil jendaurrerako liluraren pil-pil honen gatibu.
Musika-industriak bere publizitate, bolada, makro-artista eta makro-ekitaldiekin ez du lekurik uzten musikaz gozatu eta gizartearekin partekatu nahi duten proiektu berri edota esperimentalentzat eta euskal musikaren panorama, berez urriagoa dena, artista ospetsuenetara mugatu ohi da. Hortaz, horretan datza botila-lepoa.
Gaur egun herrietako jaiek tinko irauten dutelako eta hauekin batera zenbait areto ere badaudelako badago kontzertu aukera andana garrantzizkoa uda partean batez ere euskal artista ezagunentzat, baina musikari hasi berriak norbere herriaren ingurutik hedatu eta zabaltzeko zirkuiturik ez dago.