Maite Artola eta patataren etorkizuna
Amy Winehouse hainbat mundu desberdinen konfluentzia da. Lehengoan emakume maitemindu abandonatuena aipatu nuen. Bizitza zitala izan duten jazz eta soul abeslari handien lerroa ere hor dago: Billie Holiday, Ella Fitzgerald, Aretha Franklin...
Argandan Mezulariaz eta Maite Artolaz ere oroitu nintzen: agertokiaren erdian emakume Virgo hauskor eta sentsibleak (Artola irailaren 13an jaio zen, Winehouse 14an) ahotsa goxo eta irmo modulatuz bere harena gobernatzen baitu (Zalon eta Ade koruko beltzen ordez jarri Aramendi eta Elorza, eta abar).
Harena: Maite Artolak dioenean "egidazu ekarpen interesgarri bat, Aramendi", ez ote da eskaera zeharo sexuala, "bete nazazu"ren berdintsua? (Ni ibiliko naiz ziur aski interpretazio horrekin tronpaturik, urte gehiegiz irakatsi baitut psikoanalisia; baina litekeena da tronparazle nagusi jelosia izatea).
Dagoeneko desagertua da Mezularitik solasaldia, udako ordutegia dela eta, baina Maite Artolak maiz dakartza gai eta elkarrizketa ezin zirraragarriagoak.
Arabako patataren etorkizun ilunaz mintzatu zitzaigun uztailaren bederatzian. Oso gutxitan aritu da Artola patatarekin bezain distirant eta leinurutsu.
Euskalduna patata jale amorratua izan da eta da, edozerekin jaten dugu patata: barazkiekin, patata tortilla, patata frijituak…
Jabier Legorburu adituak berriki gozaturiko afari baten berri eman dio Mezulariako kazetari Axun Arozenari, hasi eta buka patata nagusi: entsalada, patatazko krema, patata-opila, eta postre patatazko bizkotxoa.
Dirudienez, Axun Arozenak kazetaria ez ezik patataren aldeko aktibista antzeko bat ere biltzen du bere baitan, patataren aldeko ekitaldiz ekitaldi dabilena. Azkenekoan, poltsetako patata frijitu horietako batzuk jan zituen, gainetik txokolatea zutela, eta benetan goxo omen zeuden.
Zurrumurru ugari dabil, patatak loditzen ote duen. Axun Arozenak Bitor Rodriguez nutrizionistaren iritzia jaso du: kontua da patataren nutriente edo elikagairik aipagarrienak karbohidratoak direla, karbohidrato konplexuak, xurgapen motelekoak, gure gorputzak behar duen “erregai” garrantzitsuena. Horixe ematen digu patatak opari. Bada, Rodriguezek azpimarratu duenez, karbohidratoetan aberatsak diren beste elikagaien aldean, adibidez zerealen aldean, patatak kaloria gutxiago du. Esaterako, ogiak baino 2’5 kaloria gutxiago. Ez soilik ez du gizentzen; gainera, hain beharrezkoak zaizkigun karbohidratoak era arin batez geureganatzeko aukera ematen digu patatak, tuberkulu eder horrek.
Bereziki estua izan da Arabaren eta patataren arteko lotura. Duela zenbait urte, inguruotan ez zelarik saltzen Espainiako patata baizik, negozio polita zekarren patatak Araban. Giro freskoa eta lur hondartsua behar baititu: Arabako giroa, Arabako lurra. Izena eta ospea eman dizkio patatak lurralde historiko horri. Harro hartzen dute arabarrek “patatero” deitura.
Bada sukaldari ospetsu bat, Unai Fernandez de Retana, sukaldari gazteen Euskadiko txapelduna, patata beste inork ez bezala estimatu ez ezik baliatu ere egiten duena. Gasteizko “El Clarete” jatetxean dabil. Komodin gisa darabil patata Fernandez de Retanak, zernahitarako: saltsak eta goarnizioak egiteko, jakina, baina halaber plateraren bihotz. “El Clarete”n, kasu, bederatzi platereko menu batean, seik dute patata oinarri. Fernandez de Retanaren errezeta bat: Idiazabalgo gaztaz, odolkiz eta patataz onduriko hostopila. Patata, konfitatua. Ahogozagarria zinez.
“El Clarete”n arrakasta itzela izaten ari den beste plater bat: arrautza frijitua bere puntillatxoekin, patata trufatua lagun daramala. Arrautza xingar iberikoan frijitzen da. Aldi berean, patata egosi, patatari trufa txertatu, orobat tipula apur bat. Horrela egindako patatak ukitu zoragarria ematen dio arrautzari.
Harreman goxo hori, tradizio hori, ordea, hausten ari da, aspaldion nabarmen sumatzen da gainbehera: orain dela 15 urte 10.000 patata-hektarea lantzen ziren Araban; gaur egun berriz ez dira 2.000ra iristen. Orain gainera Eskozia, Frantzia eta Herbeheretako patatarekin lehiatu behar du Arabakoak. Egoera nahasia da. Merkatua lur jota dabil. Nekazaria ez dago dirua galtzeko; eta ez dago patataren aldeko apustu eta bultzada garbirik.
Patatari kalte, moda honek ere egiten dio: supermerkatuetan-eta, patata garbi-garbira jotzen dugu, patata ia distiratsua erosten dugu. Zeharo umetua dugu hautematea. Haatik, Arabako patata, kalitatez bikaina bada ere, iluna duzu eta ximurra.
Inoiz ez bezala merezi du aurten patatak elkartasuna. Patataren Nazioarteko Urtea izaki, eguraldiak ez baitio batere mesederik egin uztari: udaberri amaieran, euria behar zenean, ez du bota; aitzitik, justu euria mantsotu behar zuenean, orduantxe zaparradarik gogorrenak. Berrogeita hamar egun jarraian bota du, hain oker ere patata-sasoian. Soroak arras heze egon dira eta berandu erein behar izan da patata. Erein, gainera, gutxi; eta ereindako pixar hori askotan galdu, erdi ustelduta hezetasunaren erruz. Bizkaian gehiena galdu da. Eta Araban ere asko. Euriteek, patata bezala, artoa ere kaltetu dute. Edonola ere, Patatarena dugunez Nazioarteko Urtea, oraingoz artoa baztertu eta soilik patatari egingo diogu gorazarre.
Arabako patatari fama eta ospea, zehaztea komeni baita, jateko patatak baino gehiago hazi edo ereintze patatak eman dio. Duela bosturte batzuk hazi-patata lantzen zen batez ere Araban; orain berriz erdi bana jatekoa eta hazitarakoa.
Nola batari hala besteari etorkizun argiagoa eskaintze aldera dabil aspalditik jo eta su lanean Iker Institutua: patata sakonki ikertzeaz gain patata mota berriak asmatzen ditu, ezjakinontzat txundigarria baita. Itxaropen handia dute jarria oraingoz EMP00104 klabe-izena duen patatagan. Iker Institutuko Jabier Legorburuk Axun Arozenari kontatu dio orain bertan asmaturiko hiru patata molde dituztela nolabait esateko “labean”, probak eta egiten, eta EMP00104 delakoa datorren urtean merkaturatu nahi lukete. Hori-horia du haragia eta zuri-zuria azala, supermerkatuetan edonor erakartzeko modukoa. Bestalde, tamainaz ez da oso handia eta erresistentzia galanta erakutsi du gaixotasunen aurrean. Adituek oso puntuazio altua eman diote dastaketa, egosketa eta frijitze probetan. Patatazale guztion esperantza biziberritzea erdietsi du EMP00104 patatagai maitagarriak.
Egia bada ere zebra-muskuiluaren izurriteak kezka larria eragin duela, bada funtsezko desberdintasun bat zebra-muskuiluaren eta patataren etorkizunaren gaineko kezken artean: Maite Artolak uztaileko beste Mezulari batean jakinarazi digunez, zebra-muskuiluarekin ez dago zereginik; aitzitik, guztiok jarriko bagenu apur bat Arabako patataren alde, aurrera atera genezake: halatan, idatzi honen bidez Gasteizen Urriaren 5etik 10era patatatasunari buruz egingo den Kongresu berezira joatera animatu nahi zaitut. Bertan, besteak beste, patata protagonista izango duen argazki lehiaketa antolatuko dute, patatan oinarrituriko plater goxoen dastaketa…
Zergatik pizten ote du patataren patuak gaur egun hainbesterainoko ardura? Zeren sinbolo da patata, zein da patataren esentzia? Gure garaian gailen dabiltzan beste joera zenbaiten aurkako erresistentzia irudikatzen du nolabait patataren xumetasun eragingarriak. AHTa bezalako makrohandikeriei kontrajarri lekieke apika patata apalaren txukuntasun praktikoa. Galdetu bestela irlandarrei, zenbat aldiz ez ote dituen gosez hiltzetik salbatu. Patata da Irlandako sinbolo nazionala oker ez banago, eta “Ulysses” eleberrian, XX. mendeko ospetsuena, patatatxo ximur bat darama sakelan Leopold Bloom protagonistak.
Poema bikaina inolaz ere/ Juan Luis Zabala poema hori idazten ari zen sasoian "Harri barruko bihotz-borrokak" liburuaren iruzkina egin nuen eta "Patataren marmarra" deitu nion/ Gainera, Patricia Highsmith-en "Ripley trebea"n bada itsasontzi garrantzitsu bat, Pipi izenekoa