Garbitokia eta Kristino
Ez dago maila berean jartzerik zientziaren, filosofiaren, literaturaren eta erlijioaren hizkerak eta hizkera horien nahiak eta helburuak eta egiarekin duten harremana. Zientzia dagoena azaltzen ahalegintzen da, ahal bezain xehero, eta bere hutsak zuzentzeko gertu dago beti. Filosofiak berriz kontzeptuak sortzen ditu eta sistema bakoitzak ondo datorkion egiaren ideia asmatzen du. Literaturak aldez aurretik onartzen du irudimenak sortua dela.
Aldiz, kristautasunak dogmatikoki oparitzen dio bere buruari beste edozein jarrerarena baino ahalmen bikainagoa berezko errealitaterik sakonenarekin bat egiteko. Kristautasunak ei du egia bakarra ezagutzeko gaitasunik behinena. Uste du besteen gainetik dagoela. Harrokeria horrek ez dio ikusten uzten kristautasuna giza irudimenak asmatu duela. Gizakiak sortu du Jainkoa, ez alderantziz. Kristautasunaren funts filosofikoa hain da ahula eta arbitrarioa, luzaro hil behar izan baitu zalantzan jartzen zuen edonor, eta, bere agintea indartu eta zabaltzekotan, bat egin du agintaririk ankerrenekin, hasieran Konstantino eta berriki Franco kolpista kriminalarekin. San Pauloz geroztik onartu baitu agintari oro Jainkoak aldeztua dela, eta horrenbestez men egin beharrekoa. Espainiako Elizak orain dio ez zaiola botorik eman behar terroristekin negoziatzen duenari, baina Pio XII Aita Sainduak zuzenean negoziatu zuen poitikoki naziekin, naziak indartsu zetozelarik. Elizaren oportunismoak ez du mugarik, baina biziko bada beste erremediorik ez du, hain baita eskasa haren oinarri ideologikoa.
Esaterako, Aita
Saindua hutsezina ei da. Orain arte, bataiatu baino lehen hiltzen ziren haurrak
linbo izeneko egoitza batera zihoazen. Zintzoen arimen egoitza da,
berrerospenaren aurretik. Benediktok orain linboa ezabatu du. Non gelditzen da
orduan aurreko Aita Sainduen hutsezintasuna?
Bestalde, fedea oinarritzeko kristauek erabiltzen dituzten frogak harrigarriak dira. Esaterako, Richard Dawkinsek “El espejismo de Dios” liburuan gogoratzen duenez (milesker Luistxo), ba omen da garbitoki edo purgatorio izeneko eremu bat. Bertara doaz hil ostean infernuratzen ez diren arimak, zerura baino lehen. Garbitokia egoitza mingarria da, bekatuen erruz pilaturiko zor guztia ordaindu arte egon behar duzu bertan.
Arras da gogaikarria hortaz garbitokialdiaren luzatzea, eta behiala Elizari dirua emanez gero garbitokialdia labur zenezakeen. Diru gehiago Elizari, arinagoa garbitokialdia. Elizak ziurtagiri bat ematen zizun, indulgentzia, erositako egun kopurua zehaztuz. 1903an jadanik ezin zen indulgentziarik diruz erosi, baina Aita Sainduak, Pio X.enak, hierarkiako maila bakoitzak dakarren garbitokialdiaren laburtzea zehaztu zuen: kardinalak, 200 egun; artzapezpikuak, 100; azpezpikuak, 50 baino ez. Eta otoitzak ere labur lezake.
Zein da disparate
honen guztiaren froga? Entziklopedia Katolikoaren arabera, hauxe: baldin
hildakoa zuzenean joango balitz zerura edo infernura, orduan haren alde otoitz
egiteak ez luke zentzurik. Garbitokiak existitu behar du, bestela gure otoitzak alferrikakoak lirateke (Richard Dawkins, “El espejismo de Dios”, Espasa, 381-384
orr.); gisakoa duzu garbitokiaren inguruko Benediktoren eldarnioa ("Dios y el mundo", Mondadori, 121-123 orr.).
Bistan da frogatu beharrekoa frogatutzat jotzen dela frogabidea bera hasi aurretik. Hori dela-eta, fideismoak dirudi fede-jarrerarik zentzuzkoena: onartzen dut azterketa kritiko baten aurrean kristautasuna guztiz hauskorra eta makala dela, baina hala ere sinesten dut. Horra fedearen arriskuetako bat: arrazoimena makurtzeko ohitura dakar, eta kritika belaunikaraztekoa. Garbitokia, Hirutasun Saindua edota gorputzen berpiztea sinesten hasi eta aise hel zintezke edozein burugabekeria onartzera, are Espainiakoa Zuzenbide Estatu bat dela.
Horregatik emango du ziurrenik Aita Sainduak hain maiz burutik seko jota dagoelako inpresioa. Ez bakarrik Ratisbonan mundo osoko musulmanak beste barik iraintzeagatik; halaber giza irudimenak sorturiko infernuaz, garbitokiaz, aingeru jagoleaz eta Jainkoaz inongo zalantzarik gabeko existentzia enpirikoa balute bezala mintzo baita, txundigarria egiten den etxekotasunaz gainera (“Dios y el mundo”, passim.).
Zentzu horretan, Benedikto
Bermeoko eroetxean itxita duten Kristinoren kide arteza da, imajinaziozko
lagunekin txikiteoan ibili eta eztabaidatzen baitu. Agian ez da eskatu behar
Benedikto lehenbailehen Bermeoko eroetxera ekar dezaten, baina bai ordea Kristinori
Aita Saindu izateko aukera eskain diezaioten. Ez luke onartuko, nahiago du Tala
Vaticanoa baino, saindu gehiago dabil hemen. Vaticanoko kupulen sinesmenak sinpatikoak lirateke beren botere itzela errugabeak umildu eta lotsarazteko erabiliko ez balute.