Arimaren ordez, G puntua
Hauteskundeen zaparradatik babesteko gordelekurik goxoenetakoa dirudi G puntuak, emakumeek uretraren eta aluaren artean omen duten eremu berezi hori.
Hainbat eta hainbat emakumeri galdetu diot G puntuaz: etxean, lankideei, edonon. Bakar batek ere ez du. Asko jota esango dizute “benetan sinesten dut batzuek badutela”; baina egundo ez “bai, nik badut, eta pozik nago”.
Ezin da zehazki kokatu: Graftenberg-ek 1944an aurkitu zuenetik, hatza sartu eta hiru zentimetrora egon da, edo askoz ere barrurago, edo anitz aldetan egon da aldi berean, gizonok ere izan dugu. Aspaldion, emakumeek dutela diote, baina ez guztiek, eta bakoitzak bakarra.
Kokapen zehatza balu, ez litzaiguke interesgarri, edo gibelaren eta belarriaren interes mota baino ez liguke piztuko, eta ez etengabe berritzen doan lilura grinatsu hori. Edozelako putzu-zulo bustitan sartzeko beti prest dagoen Oier Gorosabel masajistaren berbak: "susmua dakat entelekia bat dala, edo bestela "beti-billa-aritzeko" atxeki bat (zentzu honetan ona, beraz)".
Horrela, G puntuaz aritzeko jakintza arlorik egokiena ez da sexologia, baizik psikologia eta batik bat teologia.
Arimaren hilezkortasunean sustraituriko erlijioak indarra galtzen ari diren honetan, eta jendartea gero eta sexualizatuago dagoenez, nolabaiteko federen baten beharrak G puntu harrapagaitza asmatzera eta sakralizatzera bultzatu gaitu. Erlijio klasikoetan arimak betetzen zuen eginkizuna G puntuari dagokio orain: inork ez daki zehazki zer den, non dagoen… Halatan, badauzkagu G puntuaren ateoak, agnostikoak, fideistak, deistak eta teistak. Hori bai, oraingoz eta zorionez ez dugu G puntuaren martiririk.
Hobeto esanda bai, antzeko zerbait badugu: lehengoan Gernika inguruko enpresa-gizon batek G puntua gizonok dugula irakurri eta sinetsi zuen. Jakin-minak bultzatuta uzkia Pilot bolaluma batez arakatzeari ekin eta fisuraz eta zauritxoz josi zuen. Ez da oso larria izan, baina Pilot beharrean hobe da Bic erabiltzea.
Zure idatziek G puntuaren gozamen zerutiar hori zer izan daitekeen ezagutzera hurbiltzen gaituzte, Markos. Edonola ere, Kalakan bota zenuen Kinder arraultzaren metafora ezin ederrago eta borogilagoa (tira, obalatuagoa) falta da.