Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Internet eta telefonoa etxean: aukera berriak

Internet eta telefonoa etxean: aukera berriak

Gari Araolaza 2013/05/10 19:25
Azken hilabetean etxean Internet edukitzeko aukera berri bat frogatu dut. telefono gabeko ADSL-a. Betiko telefono zerbitzua lortzeko, IP-ahots zerbitzua erabiltzen dut.

Orain arte normalena zen etxean telefono linea arrunta edukitzea, funtsean azken 100 urtetan eduki dugun teknologia berbera. Berez ahotsezko komunikaziorako duela hainbat urte ezarritako linea hori Internet zerbitzua lortzeko prestatu izan da, bere gainean ADSL zerbitzua ezarriz.

(Euskaltelen kasuan desberdina da, etxeraino bi kable berezitu etortzen bait dira: batetik betiko telefono linea eta bestetik Internet eta telebista zerbitzua dakartzan kable koaxiala.)

Orain aldiz, sortu da Internet zerbitzurako ADSLa kontratatzeko aukera, baina telefono zerbitzua kontratatu beharrik gabe. Horrek asko merketzen du hileroko Internet konexio kostua.

Pepephone

Pepephone izenak askori barregura ematen dio, baina uste dut beraiek direla telekomunikazioen sektorea eraldatzeko pauso gehien ematen ari direnak. Sakelekoetan hasi ziren eta linea beraiekin kontratatuta daukatenak behintzat oso pozik daude ematen dituzten tarifa eta zerbitzuarekin.

Batez ere ezaguna egin da lan egiteko duen moduagatik, adibidez:

  • Oferta harrigarri (eta gezurrezkorik) ez dute publizitatzen. Horren ordez, zerbitzuak dituen kostu guztiak argi eta garbi adierazten dituzte osotasunean.
  • Sektorean normalak izan beharko luketen erabakiak hartzen dituzte. Adibidez: erreklamazio bat egiten badiezu, lehenengo zuzenean dirua bueltatzen dizute eta gero hartzen dute zure erreklamazioa aztertzeko denbora.
  • Sakeleko telefonorik ez dute "oparitzen". Beraien esanetan beste konpainiek telefonoak oparitu bai, baina ondo pagatzen ditugu hurrengo urtean ordain arazten dizkiguten tarifa garestietan.
  • Tarifa oso merkeak eskaintzen dituzte, eta eskaintza berri bat dagoenean bezero zaharrei aurkezten zaizkie lehenago, eta gero berriei.

Tamalez, honelako jokabideek harridura sortzen digute, munduko normalena izan beharko zenean.

Pepephoneren ADSL-a

Ba, azkenean beraien ADSL-an alta ematea eskatu nuen. Hona hemen zerbitzuaren ezaugarriak:

  • Mugarik gabeko zerbitzua. Sareak ematen duen guztia eskaintzen dute (segun non bizi zaren, 20 Mbps-tara iritsi daiteke. Nirea 4 Mbps-tara iristen da.)
  • Alta ez da doan, norberak ordaintzen du. Routerra bera ere (Internetera konektatzeko jartzen diguten aparatu hori, wifia dakarrena) norberak eskuratu behar du, dela berria erosita (40 Euro inguru) edo zure aurreko ADSL konpainiarena berrerabilita.
  • Ez dakar telefono linearik. INTERNET bakarrik dakar zerbitzuak.
  • Guzti hau, hilean 23 Euro +BEZa. Punto. Ez dago beste kostu ezkuturik.
  • Eskatu eta 24 ordutan martxan neukan zerbitzua. (berez zerbitzua Vodafone-rena da eta Pepephonek salmenta egiten du)

IP bidezko telefonia

Nola Pepephoneren ADSLak ez duen telefono aukerarik eskaintzen, hau beste modu batetan konpondu behar izan dut. Horretarako IP telefonia erabiltzea zen aukera bakarra. Aspaldi neukan frogatzeko gogoa eta hortxe aukera.

Telefono sistema honek, Internet erabiltzen du deiak egiteko. Saretik audioa, bideoa edo beste edozein gauza transmititzen den moduan, telefono deiak ere transmititu daitezkenez,  IP telefonia sistemak aukera hori erabiltzen du. Horretarako, telefonoa ADSL routerrari lotu behar zaio. Beste ezaugarri berezi bat da, telefono hori eskuan hartu, beste nonbaiteko Internet zerbitzuari konektatu (baita Txinara bagoaz ere) eta etxean bageunde bezala hitz egin dezakegula, deiak bidali eta jasotzeko.

Nire kasuan OVH-ren zerbitzua kontratatu dut. Hasieran nire kezka kalitatea zen. Beldur nintzen ea nire ADSLak nahikoa kalitate emango zuen, baina emaitza ona izan da. Batzuetan nabari da kalitate jeitsiera, batez ere une horretan ordenagailuan bideoak ikusten edo pelikulak deskargatzen ari bagara, baina normalean oso ondo dabil.

  • Zerbitzuaren kostua, hilean 1,20 Eurokoa da
  • Prezio horretan, munduko 40 herrialdetako telefono finkoetara deiak doan eskaintzen dituzte. Guztiz doan. (tartean Europako denak gehi Brasil, Txina, Thailandia, Kazajstan, AEB eta abar)
  • Sakeleko telefonoetarako deiak (Espainian edo beste herrialdetara) ordaintzen dira. Tarifa baxuak dira, baina oraindik gutxiago ordaindu ahal izateko hainbat bono eskaintzen dituzte.
  • Telefono terminal arruntak ez du balio, IP telefoniarako berezia behar da. Norberak erosi behar du edo bestela beraiek alkilatzen dituzte hilean Euro bat pagatuta, aurrez fidantza ordainduta (80 Euro nire modeloaren kasuan)
  • Zuri deitzeko 512 zenbakiaz hasten den telefono zenbakia ezartzen dizute. Hau da agian traba handiena, zuri deitzen dizutenek ez dutelako finkoetarako tarifa laua aprobetxatu ahal izango, eta zenbaki horrek mesfidantza sortzen duelako.

Edonorentzat soluzioa?

Hemen zalantzak ditut. Bai Pepephone eta bai OVHren kasuan instalazioa norberaren esku gelditzen da. Arazo txiki batzuk izan ditut eta konpontzea lortu dut denbora pixka bat dedikatuta, baina gauza hauek egiten ez badakizu, inguruan dakien norbait beharko duzu: router bat konfiguratzea, ip telefonoa konfiguratzea, kableak antolatzea eta abar. Hau IKEA modukoa da, azkenaldian hain ezaguna den Low-cost-a, eta norberak egin behar izaten ditu gauzak martxan jartzeko lanak.

Bukatzeko, orokorrean ni oso gustora nago. Hasieran kezkati nengoen inbertsioa altua iruditu zitzaidalako (alta 90 Euro + telefonoaren fidantza 90 Euro) baina orain epe luzerako abantailak (prezioan) gozatzen hasi naiz eta gustoa ematen du.

Nire esperientziaz beste galderarik duzu? Erantzuteko prest.

Amatiño
Amatiño dio:
2013/05/11 00:56
Ondo ulertu baldin badut bi gauza dira. Batetik ADSLa eta bestea IP telefonia. Bakoitza bere aldetik. Bigarrena izugarri zaila iruditzen zait nire kasuan. Ni ez naiz IKEA. Bigarrenak, ostera, errazago ematen du. Hala ere, zer arraio da "Routerra ere norberak eskuratu behar"?
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2013/05/11 06:58
Routerra da Internetera ADSL bidez konektatzeko erabiltzen den aparailu hori, telefono konpainiak etxean jartzen diguna. Normalean berak eskaintzen du Wifi zerbitzua baina kable bidez entxufatzea ere eskaintzen du.

Kontua da Pepephonek ez duela routerrik ere eskaintzen. Hau ere norberak ingiratu behar du. Aurretik ADSL izan baduzu, izango duzu etxean gordeta aparatu hori, ba, hori berrerabili behar. Bestela, edozein informatika dendatan saltzen dituzte 40 Euro inguruan.

Adi baina, Euskaltelen kablerako router edo kable-modem-ek ez dute honetarako balio, Euskaltelen sistema ez bait da ADSL-a, kablea baizik.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2013/05/11 07:47
Artikulua berridatzi dut hainbat zatitan, ea orain argiago gelditu den.
Marijo
Marijo dio:
2013/05/15 07:47
Gari, guk ADSL bai, baina telefonoa ez dugu jarri, baina linea badaukagu, telefono linea barik garestiago saltzen dizu ADSLa Movistarrek. Beraz, gure kasuan, telefono finkorik ez dugunez erabiltzen, zure Pepephone hobeto datorkigu. Baina Eibarren 4 Mbps badituzu, ez dakit nik landagune baten zer izango den; movistarren beste agian? Permanentzia kontratua dugunez mugikorrengatik, bitartean, informatzeko tartea hartu beharko dugu. Eskerrik asko!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon