Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Remix-aren adibide gordina ala bidegabekeria?

Remix-aren adibide gordina ala bidegabekeria?

Gari Araolaza 2012/12/16 10:21
Azken egunotan irakurritakoaren ondoren gaiari bueltaka nabil, ezin erabaki batera iritsi. Bidegabekeria da Legebiltzarrean egin duten Ruperren kantuaren bideoa, ala egoera erreal baten adierazle bezala onartu behar dugu?

Iturrik ondo laburbiltzen du gaia eta izan diren iritziak, Eta Ruperrek, zer dio Ruperrek? bere apuntean. Ruper berak ere bertan erantzuten du, egile eskubideez kezkatuta edo "luze eta zabal hitzegiteko gaia" dela esanez.

Gehienak asaldatuta gaude, minduta egin den erabileragatik. Aldiz, Luistxok puntu berri bat jarri du eztabaidan, Sustatun emandako erantzunean: Fight the power, bai, baina remixatu kultura ere bai. Luistxorentzat badirudi hau Remix kulturaren adibide bat gehiago besterik ez dela.

Hau da: ados edo aurka egon gaitezke, baina errealitatea hau da: jendeak sortzaileen obrak hartu eta bere gustora moldatzen ditu, nahiz eta moldaketak ez izan artista orijinalaren edo bere jarraitzaileen gustokoak.

Eta noski, Lawrence Lessig etorri zait burura, eta berriz ere bere Remix hitzaldia ikusteko gogoa izan dut. Ziurtatu nahi nuen ea Lessig-ek "Zaindu  maite duzun hori" kantuarena baino adibide ankerragoak aipatzen ote zituen. (Bide batez, duela urte batzuk izan genuen Lessig Miñaon entzuteko pribilegioa, hitzaldi hau bera ematen.)

Gaian interesa baduzue, ikusi mesedez bideo hau lasai hartuta. Azpitituluak aktibatu daitezke.

Eta hau horrela balitz? Egia balitz bidegabekeria dela Ruperren kantua horrela erabiltzea, eta egia balitz baita ere hau dela Remix kulturaren emaitza eta den bezala onartu beharko genukeela? Edukien askatasunaren aldeko banderizo moduan ari bagara, ez dugu onartuko UPyDkoek Ruperren kantuak beraien gustora moldatzea?

etiketak: copyleft, musika, copyright
Amatiño
Amatiño dio:
2012/12/16 15:46
Ez dut ulertzen eztabaida.
1. Kanta merkatuan dago eta edonork kanta dezake. Nor da nor mugak jartzeko?
2. Segurutik eskubide-kontua litzateke diru truke balitz. Baina ez da.
3. Eta, gainera, kantaren aukera ez dute parlamentariek egin, ETBk baizik.

Eta, hain zuzen, hauxe da nire inkognita bakarra. Kanta-aukeratzaileak ba al zekien zer ari zen hautatzen?
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/12/17 00:29
1 eta 2 puntuak horrela dira, egilearen eskubideen monopolioa duen SGAEk horrela antolatu duelako autore guztientzat eta pertsonalizazio aukerarik gabe. Baina egile eskubideen kudeaketa beste modu askotan antolatu zitekeen. Izan ere, teorian autore batek "eskubide guztiak erreserbaturik" izaten ditu, baita hil ondorengo hainbat urtetan ere. Aukera hori erabiliz, autoreak beto eskubidea izan lezake, bere obra berak aukeratzen duen moduan erabiltzeko baimena eman, nahi dituen prezioak jarri eta abar. Noski, horretarako eskubideen kudeaketa ez luke SGAE-ren eskutan utzi behar.

3. puntua niretzat ere kezkagarria da. Ezjakintasuna edo arduragabekeria ziurrenez. Baina politikariek ere antzera jokatuko zuten, ezta?
Amatiño
Amatiño dio:
2012/12/17 12:30
Modu batez edo beste, ehun lagun inguruk parte hartu omen du (dugu) ETBren Gabonetako kantu-grabaketan. Kantak, kantariak, taldeak, ordena... dena ETBk erabaki du. Zer da normalagoa, esaten dizutena kantatu eta kitto, ala pegak jartzen hastea?
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/12/18 06:45
Ados. Nik ere, minbiziak eragindakoen elkarteren batekoa banintz ez nuke edozein kanturekin eragozpenik jarriko, baina ez dut imajinatzen eibar.org-eko blogariz osatutako talde bat "Asturias patria querida" matxinadarik gabe kantatzen. Are gutxiago alderdi politikoak tartean izanda.
Luistxo
Luistxo dio:
2012/12/22 08:46
Nire jarrerari dagokionez... puntu bat baino gehiago.

1. Bai, remix, edo kulturaren berrerabilpen arrunta iruditzen zait. Musika hor dago, hartzen dugu, nahasten dugu, kantatzen dugu. Musikariari ez bazaio gustatzen nik edo besteak desafinatzea, zer egingo diogu ba.

2. Apur bat jokoz kanpo harrapatzen nau jendearen indignazioak. Agian ez dut kantuaren esanahia ondo ulertu, baina "zaindu gorroto duzun hori" esaldiak halako ukitu inklusibo bat gehitzen zuela uste nuen. Dogmatismoen salaketa, kontrarioarenganako enpatia.

3. Flipatu nuen Ordorikaren erantzunarekin. Non eta komunitate honetako beste blog batean, interpelazio "arraro" baten ondoren. Eta iritzi lauso bat lagatzeko. Ez dakigu egiazki zer iruditu zaion, itxura batean gaizki, baina zergatik? Baimenaren kontuagatik bakarrik? Motibo kultural eta politikorik ez? Igual izango da, susmatzen hasia nago, "laino guztien gainetik" hegan dabiltzan horietako bat dela, oinak Internet lurtarraren basarekin zikindu nahi ez dituen bat... Internetek uzten digu herritar arruntoi sortzaile izaten. Garaia da sortzaile batzuk ere herritar arrunt bihur daitezen. Edo, ez dakit, agian ez da hori eta igual izango da ez dela idatzizko adierazpenarekin ondo moldatzen.
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2012/12/23 11:00
@luistxo "Interpelazio "arraro" bat" diozu. Buruan nuen galdera egin nuen publikoki nire blogean. Zergatik da hori arraro?

Atzo Kafe Antzokiko kontzertuan egon nintzen lehen aldiz. Primerako giroa zegoen. Jende ezagun asko tarteko.
jon eskisabel
jon eskisabel dio:
2012/12/23 11:30
Legebiltzarkideen bideoari remixa deitzea gehitxo iruditzen zait. Nik uste dut horri karaoke deitu izan diogula betidanik eta Internet bera sortu aurretik ere existitzen zela.
Luistxo
Luistxo dio:
2012/12/24 08:34
@iturri: arrazoia duzu, Iturri, zure artikuluak ez du ezer arrarotik, eta galdera arrunta da bururatu zaiona bati baino gehiagori, ea Ruperrek zer ote zuen esateko honetaz.
@eskisabel: remix, karaoke... ze inporta dio? Ezin da karaokerik egin? ezin da desafinatu?
Madalen
Madalen dio:
2013/02/06 14:14
Schrödingerren katua dirudi, egia eta guzurra alde berean,katua hilda eta bizirik aldi berean. Kutxa zabaldu arte ez dogu jakingo zein den. Eztabaida ona, baita be.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon