Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Mutrikuko olatu energia zentrala ezagutzen

Mutrikuko olatu energia zentrala ezagutzen

Gari Araolaza 2014/06/22 10:55
Duela pare bat hilabete azkenean izan nuen Mutrikuko olatu zentrala ezagutzeko aukera. Ez galdu aukera, urte osoan hilean behin izango bait da horretarako modua.

Askok pena handia dugu 2006. urtean hasi ziren Mutrikuko portu berriaren lanengatik, baina gutxienez energia berriztagarriak frogatzeko pauso garrantzitsu bezala gelditu da tokia.

Orain, hainbat urteren ondoren zentrala kudeatzen duen EVE-k bisitatzeko aukera eman du eta orain hilean behin tokia ezagutzeko aukera dago.

Zentralaz

Zentrala, olatuekin energia sorkuntza ikertzeko azpiegitura esperimentala da, Europako lehenengoa ez bada, bai bere estiloko lehenengoa. Hau dela eta, bere helburu nagusia ez da produkzioa, baizik eta energia sorkuntza mota berri honen baliagarritasuna frogatu ahal izatea, bide batez akatsak egiteko aukera izan eta horietatik etorkizunerako ikasteko.

Gure itsasoaren olatu jarduna oso aldagarria denez (konparatu aurtengo neguko ekaitzak, atzoko itsaso barearekin adibidez), garrantzitsua da hainbat urte jarraian aztertu ahal izatea, ea zenbat eman dezakeen x urtetan, zein arazo sor daitezkeen eta abar. Eta horretan ari dira.

Horregatik ez dute zentzu askorik zentral honi potentzia aldetik egiten zaizkion kritikek, eta hala ere ez dut uste gutxi denik:

Instalatuta dagoen potentzia 296 KW-koa da. Hau da egoera idealetan, olatu komenigarrienak dauden egunetan (ziurrenez ez handienak) lortu dezakegun potentzia maximoa. Gure etxe bakoitzean maximoa 3 edo 4 KWtan egoten denez, kalkulatu dezakegu gehienez-gehienez 100 etxetarako argindarra eman dezakela momentu onenetan. Urte guztian zehar gertatzen diren gorabeherekin (aberiak, olatu falta, olatu gehiegi eta abar), kalkulatzen da 600.000 KWh-ko energia ematen duela.

Hala ere, elektrizitate sorkuntzan ohituta gaudenerako zentral txikia da. Adibidez Oiz mendiko haize errotek 26 MWko potentzia dute (hau da, 26000 KW Oizen vs. 296 KW Mutrikun), hau da, Oizkoa Mutrikukoa baino ia 100 aldiz handiagoa da.

Potentziaz eta energiaz:

Nola erlazionatzen dira aipatutako 296 KW (potentzia, ahalmena une jakin batean), 600.000 KWh (energia, urte bukaeran lortutako agregatua) hauekin?

Zenbat ordu ditu urte batek? 24 x 365 = 8760 ordu

Urte osoan zentrala topera ibiliko balitz (olatu idealenak urte osoan, aberiarik ez eta abar):  296 KW x 8760 ordu = 2.592.960 KWh

Beraz, 2.5 miloi KWh lor genitzazke kasu idealean baina 600.000 KWh lortzen dira. Horrek esan nahi du, kasu idealenean egin lezakenaren %23a dela lortzen den energia. (datuen iturria, Wikipedia)

Beraz, pentsatzen dut EVEko teknikarien lanak horretan datzala orain: ehuneko hori handitu eta bide batez geldiuneak eta efizientzia-galerak zergatik gertatzen diren aztertzean, instalazio hauen bideragarritasuna neurtzeko eta teknologiaz ikasteko. Ez dezagun ahaztu oker egindakoetatik ikasten dela gehien.

Bisitaz

Esan bezala, orain bisitatzeko aukera dago. Normalean hilabeteko azken asteburuan izaten dira, eta tokiak eta instalazioak merezi du. Noemi gidaren azalpen interesgarriek ere bai.

Niretzat ikaragarriena portu berriaren tamaina da. Argazkiek ez dute benetan adierazten nolako tamainako tokia den. Kantauri itsasoko olatuetaz babesteko egindako egiturak honek, 450 metro zabaleran eta altueran 17 metro inguru ditu. 

Bisita Mutrikuko portuaren historia ezagutuz hasten da eta gero sorgailuen gela barrua ikusten da, horretarako prestatuta dauden bideo eta azalpen panel batzuek lagunduta. Zirrara handia sortzen du han barruan zaudela olatuek turbinetan sartzean eragiten duen zarata eta bibrazioak.

  • Bisita egutegia Mutrikuko Udalaren webgunean
  • Izen ematea Mutrikuko Turismo bulegoa
  • Gidaria: The Basque Way, Noemiren enpresa. Benetako euskal esperientziak eskaintzen ditu kanpotarrentzat: zesta puntan jokatu, arrain enkantera, pintxo dastaketak, soziedadean afariak historia ibilaldiak eta abar, ingelesez eta alemanez ere bai.

 

Mutrikuko babes dikea 2011an.

Hondartza eta babes dikea, 2011. urtean.

Mutrikuko babes dike aurreko plaza

Babes dike aurreko plaza ikusgarria

Mutrikuko energia sorgailu bat

Ezarrita dauden 16 energia sorgailuetako bat.

Hainbat turista Noemiren azalpenak entzuten

Noemiren azalpenak entzuten, zentral barruan horretarako prestatuta dagoen gelan.

Pirukeriak
Pirukeriak dio:
2014/06/23 11:58
Aupa Gari,
Energia berriztagarrien ikerkuntzan inbertitzea positiboa da, baina Elgoibarko Energia Burujabetza jardunaldietan gonbaraketa hau egiten genuen Ingurugiroarekiko mugak aztertzen: (Hemen laburpena, diapo eta guzti: http://www.elgoibarren.net/content/view/5043/11/ )


    40 Milioi Euro xahutu dituzte dagoeneko Mutrikun, 296kwko zentrala eraikitzeko.

    Deba ibaia Elgoibartik pasatzen den zatian 4 zentral hidroelektriko daude, 250 eta 621kw arteko potentziarekin bakoitza.

Zentral hidroelektriko hauek momentu honetan Kaudal ekologikoa ez dute errespetatzen eta arrainen pasabiderik ez daukate (bitartean ez dira guretzat eredu), baina ikusten dugu hauetako zentral txikienaren antzeko sorkuntza ahalmena daukala Mutrikukoak, eta kostuak askoz handiagoak dira Mutrikun. Eta txarrena, ingurugiroarekiko kalte ikaragarria eragin duela Mutrikuko portu honek, eta orain entzuten dugu berriztagarrien izenean izan omen dela.

Kostua, ingurugiroari kaltea eta energia sorkuntza, hiru aldagaiak kontutan hartzeko eskatzen dugu instalazio berri bat egiten denean.

Mikrohidraulikan aditua den Gorkak (aurrerago edukiko dugu bere berri) ikerketa hau egin digu:

    Gaur egun geldik dagoen Elgoibarko mikrozentral batean eginiko ikerketan 70kwko potentzia estimatzen du teknologia berrituarekin.

Hauetako 4 zentralek Mutrikukoak beste energia emango luke, hauen inpaktua minimoa da (ez daude arrainak dauden eremuetan) eta kostuan erreparatuz gero, 340 mikrozentral egin ahalko genituzke aurrekontu berarekin!

Gari, zuk aipatzen duzun Oizko parke eolikoa bera ere kuestionatua izan zen ingurugiroarekiko inpaktuagatik. Gure ustez horretan sartu aurretik, ipar isurialdean badaukagu zertaz baliatu (gure orografiari erromatarrek Saltus Vasconum deitzen zioten!). Duela 100 urte egin ziren mikrozentralak berrezartzen badaukagu lana, baserrietarako eta enpresa txikietarako ateratzen zen argi indarra garai hartan eta instalazioak egoera nahiko onean daude.
Pentsa dirutza hori inguruarekiko inpaktua gutxitu eta turbinak optimizatzen inbertituko balitz! EHUko Eibarko kanpuseko Energia Berriztagarrietako irakasle eta lagun batek dioen bezela, Gipuzkoak, zentral nuklear batek beste produzitu dezake mikrohidroelektrikan, gainera lekuan lekuko autonomia edukiko genuke, baina ez dago interesik.

Edozein kasutan, interesgarria bisita, eta honi buruz idaztea. Gero galdetuko dizkizut honen inguruko xehetasunak
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2014/06/23 12:07
Aupa Arkaitz! Gaur zuzenean komentatuko dugu gaia, baina zehaztapen batzuk:

- Hasieratik bukaeraraino Mutrikuko portu berria astakeria bat iruditzen zait neri, alde guztietatik begiratuta.

- Behin astakeria hori eginda dagoela, energia berriztagarri bat frogatzeko erabiltzea, alde positibo bat bada behintzat. Zerbait positiboa behintzat.

- Gezurrezko argudioa da energia berriztagarriak eta portuaren arrazoiak lotzea (entzun izan dugun arren). Iritsi zen proiektuaren une bat non norbaitek galdetu zuen "Zertarako ari gara astakeria hau egiten?" eta beste norbaitek albotik esan zion "Jar dezagun olatu zentral bat irudia garbitze aldera". Espero dut inoiz norbaitek olatu zentral bat asmatzen badu horrelako obrarik behar ez izatea, ze bestela akabo!

- Oizeko kasua atera dut tamaina aldetik konparaziorako, besterik ez. Ez naiz sartzen eredugarria den ala ez, besteak beste idearik ere ez daukadalako.

- Ez nekien Elgoibarko zentral hidroelektrikoen tamaina, baina horrek erakusten du zertan ari garen, ezta? Horiek berak ondo eginda... Alde ederra!

Gero arte! Hamalau atso tronpeta joten!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon