Nola sortu GPSrako ahotsak
Honako hau laburpen bat da. Zuzenean iturrietara joan nahi baduzu, hona hemen loturak:
- The Ultimate Guide to Creation of Custom TomTom Voice Files
- VIFTOOL : Pythoneko jatorrizko programa eta fitxategiak
- Euskarazko GPSrako ahotsak
Testuak prestatu
Ulertu ongi nola egin behar den lana, eta testuen fitxategia deskargatu ondoren, prestatu zure testu zerrenda. Kontutan izan euskararen kasuan moldaketak behar direla. Esaldiak osatzeko grabazio zatiak itsasten direnez eta hizkuntza bakoitzean ordena berdina ez denez, honelako gauzak egin beharko dira:
Ingelesez: After -> 200 -> Meters -> Turn right.
Euskaraz: ....(hutsik utzi) -> 200 -> Metrora -> Biratu eskuinera.
Ahotsa grabatu
Ahots fitxategiak MP3 formatuaren lehengusu librean prestatu behar dira, hau da, OGG formatuan. Horretarako tresna egokiena Audacity audio editore librea da. Linux, Windows eta Mac bertsioetan duzu Audacity hau.
Ahalik eta kondizio onenetan egin grabaketa. Mikrofono on bat, toki isila, grabazio maila ongi jarri eta abar. Gure kasuan material profesionala lortu zuen Jatsuk, baina gutxiagorekin ere balioko du, seguru.
Testu zerrenda hartu eta banaka-banaka grabatu testuak. Lasai. Grabazioa bera ordu laurdeneko lana da, testu motzak dira eta.
Ahots fitxategiak prestatu
Ahots fitxategiak moldatzeko komeni da audioaren inguruko ezagutza minimo batzuk izatea. Grabazio zati bakoitzari hasierako eta bukaerako espazio hutsak kendu, grabazio maila normalizatu (zati guztiek antzerako bolumena izan dezaten) eta inguruko zarata filtratu. Hasieran aipatzen dudan gida horretan oso ongi zehaztuta dago.
Lan astunagoa da audio fitxategi bakoitzari dagokion izena ematea. Izan ere, enpaketatzeko programak izen jakin bateko fitxategiak bilatzen ditu eta gure grabazio zatiei fitxategi izen horiek eman behar dizkiegu. Horretarako badago gidan "Template OGG file names" izeneakoa. Handik deskargatu eta eredu moduan erabili.
Ahotsak enpaketatu
Karpeta batean gorde behar ditugu OGG ahots fitxategi guztiak, VIF fitxategi bat (testu fitxategi arrunt bat, non azaltzen den zein hizlari eta hizkuntzari dagokion) eta nahi bada irudi bat BMP formatuan, gero TomTom programak erakutsiko duena gure ahotsa aukeratzeko momentuan.
Viftool programarekin, ahots fitxategi guztiekin .CHK fitxategi bat sortuko dugu. Horixe da fitxategi nagusia.
Listo! .chk, .vif eta .bmp fitxategiak batera gorde eta horixe da TomTom-ean gorde behar duguna.