Eibarren garraio publikoa hobetzeko ideiak
Aspaldi buruan neukan ideia hauek bildu eta publikatzea, eta Liza lagunak bere blogean idatzi duenarekin ( Eibarren mugikortasuna hobetzeko neurri erraz eta merkeak ) berotu eta hor doaz. Ea norbaiti baliagarri zaion ideia hauetakoren bat.
1. Trafiko araudia betearaztea
Tontakeria dirudi, baina Eibarren hau esan beharra dago. Tamalez, gure trafiko arduradunen erantzuna honakoa izaten da "Eibarrek hain geografia zaila duenez, eskuzabal jokatzen dugu".
Hau absurdua da. Normalean, baliabide bat (aparkatzeko tokia, bideak, pasalekuak eta abar) zenbat eta urriago izan, arauak zorrotzagoak eta betetzeko exijentziak handiagoak izan beharko lukete. Pentsatzen dut AEBn ez dagoela gaizki aparkatzen duten autoekin arazo handirik, terrenoa sobran dute. Baina Eibarren? Eibarren ez bada trafiko zainketan zorrotz jokatzen, non?
Bestalde, arauak ez badira betearazten, arauak betetzen dituzten hiritarrak dira kaltetuenak. Toki batean udalak aparkatzea debekatzen badu eta araua hautsi eta aparkatzen dutenak ez baditu zigortzen, praktikan aparkaleku pribatu bat jarri die. Aldiz, arauak errespetatzen dituztenentzat aparkatzeko toki bat gutxiago izango da.
Argi dago Eibarren ez dugula aparkatzeko toki gehiegi. Hori horrela, ez du zentzurik autoek trabarik egiten ez duten hainbat tokitan aparkalekua debekatzea, batez ere gero ez bada betearazten. Zertarako debekatu, gero ez bada betetzen?
2. Autobus geltokiak eta zamalanen guneak zaintzea
Aurreko proposamenaren zehaztapen bat da hau, kasu partikularra. Autobus geltokietan autoak aparkatzeko ohitura hori kendu behar dugu, noizean behinkako kanpaina batetaz aparte. Noizko errespetatuko dira autobus geltokiak?
Berdin zamalan guneekin. Ehundaka gune daude eta aldiz ez dira errespetatzen, eta benetan zamalanetara datorrenak kale erdian gelditu beharra du. Zertarako jartzen dira orduan?
3. Geltokien izenak zehaztu eta estandarizatzea.
Norbaitek esaten didan bakoitzean "Untzagara" iritsiko dela autobusean, inoiz ez dakit Egogainen izango den, Untzaga dorrearen alboan, jubiletxearen aurrean ala San Juan kalean. Untzaga dena da eta ez dago jakiterik non jarri behar garen autobusa ez galtzeko.
Bilbobusen autobusetan arazo hau "konpondu" dute. Autobus barruan datorren markagailuan hau jartzen du (gutxi gora behera, buruz nabil) "Eibar centro-Untzaga-Egogain-Hotel Arrate". Ondo! horrela ez dute hutsik egingo!
Udalari dagokio geltokiak "estandarizatu", egoki izendatu eta dabiltzan garraio konpainiei informazioa pasatzea.
4. Autobus geltokiak zaintzea
Denek dute aterpea, lanbro-herri honetarako egokia? Seinaletxo batekin zehaztuta dago geltokiaren izena? Ordutegiak eta pasatzen diren lineen informazioa jartzeko tokirik badute?
5. Oinezkoen guneetan autobusak baimentzea
Asteburuetan erdialdea itxita gelditzen da. Kaltetuenak garraio publikoa erabiltzen dutenak dira. Geltokiak tokiz aldatu, geltoki batzuek anulatu, bidaiak luzatzen dira eta abar.
Nere proposamena da gertuko lineentzat oinezkoen gunea zabaltzea, Calbeton kalean garajea duenarentzat bezala. Europan oso normala da hirien zentru historikoetan autobusak pasatzen ikustea, ba hemen ere bai. Poliki-poliki, kontutan izanda oinezko gunean daudela, baina pasa daitezela barrutik.
Garraio publikoa hobesten da horrela, abantaila bat ematen zaie erabiltzen dutenei, autobusak hiri erdian utziko dituelako. Gainera, lurzorua pribatizatzen duten tabernetako terrazen zabalkundea mugatuko litzateke, noizean behin autobusa pasatu behar delako.
6. Planifikazioa
Gaur egun ez dago dirurik, baina gauzak aurrez planifikatzen badira etorkizuneko hainbat obraren norabidea zehaztu daiteke. Sarritan pentsatzen dut epe luzerako planifikazio hori falta dela edo behintzat ez dela kanpotik ezagutzen. Gaur egun eginezinak diruditen gauzak agian pausoka-pausoka...
Honetan oso adierazgarria da San Juan kaleko geltokiaren kasua. Udaletxe atzetik derrepentean eraman zuten San Juan kalera, ez dakit nolako planifikazioarekin, baina porlanez eginako geltoki probisional horrek han jarraitzen du. Zein zen plana? Ez genekien Ardantzako geltokiaren obrak ez zuela tokirik utziko?
Pixka bat pentsatuta seguru beste 20 ideia bururatzen zaizkigula. Udalean norbaiti axola dio honek denak? Baietz pentsatu nahi nuke.