Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Facebook distantzia motzerako

Facebook distantzia motzerako

Gari Araolaza 2010/05/23 08:39
Ia hiru urte daramatzat Facebooken (FB), eta azkenaldian geroz eta gehiago erabiltzen ari naiz.

Bai, FB-ek pribazitate eta segurtasun arazoak ditut. Kontziente naiz, eta berriz ere Interneteko jarduna zentralizatzen ari gara dudarik gabe, informazio gehiegi esku bakar batzuetan. Alde ilun hauetaz jakiteko onena da Teketeni irakurtzea eta gaiaz konturatzea, eta gero nola jokatu pentsatzea. Optimista inkontziente bat naiz agian, eta sarearen autoregulazio indarrean esperantza dut. Pentsatzen dut gauza hauek ere konponduko direla pixkanaka. Ea egia den.

Baina dudarik gabe FBek iraultza txiki bat ekarri du nire ingurura. Han aurkitu ditut lehenengo aldiz nire Internetetik kanpoko lagunak, aspaldi ikusi gabekoak, parkean umeekin egoten garenak eta abar. Interneten ibili naizen azken 12 urteotan jende hau ere ibili da maila desberdinetan, DV irakurtzen, bidaiak erosten, Youtuben bideoak ikusten eta abar. Baina ikustezinak ziren niretzat, eta orain hor daude, askoz gertuago Interneti esker.

Horregatik azkenaldian nire jokaera aldatu dut. Lehen edozeini lagun eskaera egin eta onartzen nion. 180 lagun izatera iritsi nintzen. Orain ez. Orain benetan ezagutu behar dut eta lotura bat behar dut pertsona horrekin lagun egiteko. Gertatzen zaizkidan gauzak kontatu nahi ditut, gertukoei nahi dudana esan, gaur daukadan plana kontatu, lagun batek apuntatu nahi badu, ezezagunek behatua sentitu gabe. Internetetik kanpora ere, inguruan FB bultzatzen ari naiz, benetan inporta zaidan jendea ikusteko eta jarraitzeko aukera delako.

Twitter desberdina da.Twitterren ezezagun askok jarraitzen nau (300 bat jarraitzaile ditut guztira) eta idazteko kontu handiagoz ibili behar da. "Audientziari" gehiago begiratzen diot. Gainera han geek-ak bakarrik gaude, inguruko ebento guztietan ikusten garenak, laneko jendea. Nire eguneroko bizitzako oso jende gutxik ezagutzen du Twitter.

Hizkuntzaren erabileraren aldetik ere askoz gehiago egiten dut gazteleraz eta inglesez Twitterren, FB-en baino. Badakit euskaraz ez dakien jende askok irakurtzen nauela han eta nahi gabe ere, "audientziari begira" idazten dira gauza asko.

Beste inork egin du erreflexiorik honen inguruan?

Gari
Gari dio:
2010/05/28 00:39

Beste inork ez duenez erantzun, hona hemen nireak:

  • Zure ezagunen sarea ez da homogeneoa errealitatean. Bai, noski. FB-ek baditu aukerak, lagunen taldeak osatu eta gero idazten direnak batzuentzat edo besteentzat izateko, baina ez dira asko erabiltzen.
  • Ezagunen sareak badira, zergatik ez guk sortutako tresnekin egin? Baina nik ia 15 urte daramatzat sarean denetik egiten, eta jende asko ez dut ikusi FB-en sartu diren arte. Zurekin ados nago, eta egunen batean antolatuko dugu beste sare hori, baina asko kostatuko zaigu jende hori erakartzea, Linuxera edo Firefoxera erakartzea kostatzen ari zaigun beste.
  • Euskaraz gehiago egiten duzu, baina zure testuinguru gehiena euskalduna delako. Bai, horixe egiten ari naiz Facebook-en, nire ingurukoen taldea garbitu ahala.

*

Teketen
Teketen dio:
2010/05/24 12:53

Aupa Gari, eztabaida banatu honetan parte hartu nahi nuen. Zure bidea jende gehienak egin duena da. Askok erabaki horiek hartzen ditu eta oso naturala da gainera. Seguraski Facebook-ek arlo honetan bere gabezia handienetako bat erakusten du. Zuk lotu duzun nire txapa horretatik kanpo. Azkenean zure ezagunen (zentzu zabalenean) sarea osatzen bukatzen duzu Facebook-en eta horrek hainbat arazo erreal sortzen ditu:

  • Zure ezagunen sarea ez da homogeneoa errealitatean. Facebook-ek zure sare ezberdinak batzen ditu nahigabe. Pertsona garen bezala, murgilduta gauden sarearen arabera ezberdin hitz egiten dugu. Lagunekin era batean hitz egin dezakegu eta lanekoekin best era batean adibidez. Facebook-ek hori dena batu egiten du eta talde edo sare horiek batzera behartzen gaitu. Facebook-ek talde erreal horiek sarean islatzeko aukera eman beharko luke.
  • Ezagunen sareak badira, zergatik ez guk sortutako tresnekin egin? Guk sortutako tresnekin sor ditzakegu sare horiek. Ondoren sistema elkarreragileekin sare bateko pertsona batekin lotu genezake nahi izanez gero. Horretarako lan gehiago egin beharko dugu, baina batek sortutako sarea askok erabili dezake. Gainera, normalean sare hauek elkarrekintza mota hobeagoa izaten dute. Eibar.org, posta zerrenda eta ondoren blog sareak emandako emaitzak ikusterik besterik ez dago. Niretzako etorkizuneko apustu bat hau izan daiteke.
  • Euskaraz gehiago egiten duzu, baina zure testuinguru gehiena euskalduna delako. Fenomeno hori bera aurkako zentzuan gertatuko da gaztelera nagusi duten pertsonen testuinguruan eta gainera hori ohikoagoa izango da beti. Honek, euskararen hoberako baino, kalterako izan liteke. Testuinguru euskalduna ez duten sare gehiago egon daitezkeelako. Noski, hemen erabaki pertsonalek garrantzi handia daukate, nahiz eta zure testuingurua bat izan, euskaraz egiteko grina, euskalduntasun militantearen kasuan. Baina, orokorrean zure testuinguruaren araberako hizkuntza aukeratuko duzu. Aurreko puntuan azaldutakoak egoera hobe dezake.
  • Twitter eta Facebook ezberdinak dira! Ados, baina niretzako Twitter, blogetatik gertuago dagoen generoa da. Irekiagoa da, "lagunak" sortzeko era ezberdina dauka. ia RSSen harpidetza bezalakoa dela ere esan daiteke. Era berean, mezuak motzak dira, beraz ulertzen dut edozein pertsonak jarraitu nahi banau, bidaltzen ditudan mezuen %50a ulertzeko gai delako dela. Eta ulertzen ez badu ere, eskaintzen ditudan loturak askotan beste hizkuntza batzuetan daude eta horiek ulertuko ditu. Arrazoi hauengatik, Twitterren blogean egiten dudan bera egiten dut, euskaraz hitz egin gehienetan. Momentu batzuetan gaztelera edo ingelesa erabiltzen baditut ere, nire audientziak "ulertuko" duelako.

Ea beste norbaitek eztabaida jarraitzen duen.

iturri
iturri dio:
2010/05/23 11:16

Eskerrik asko zure hausnarketak gurekin partekatzeagatik, Gari. Hurrengo egunetan nik ere zerbait idatziko dut honen harira.

ibon
ibon dio:
2010/05/24 05:51

Arrebeak bidali zidan aspaldi (ez dakit zenbat urte, baina nahikotxo) entzuna ere ez nuen FaceBooken parte hartzeko gonbitea.

Atzerrian zegonez eta etzenez laister etorteko erean, nahiko modu erosoa iruditu zitzaidan, korreoaz aparte, berarekin harremana mantentzeko eta (batez ere) argazkiak partekatzeko.

Zerbitzuak sona hartu hala, hainbat ezagunen (eta ezezagunen) eskariak agertzen zitzaizkidan profilan. Oso gitxinaka gehitzen nituen eta pertsonalki ezagutu behar nituen (eta eurekin gauzak partekatu nahi) "lagun"tzat hartzeko.

Egun, aldiz, hain izan da handia olatua zuzenean ezagutzen ez ditudan pertsonak eta taldeak gehitu ditudala, eskariak eta gonpidapenak edonondik jausten baitira. Ez dut oso gogoko FBek bere erabiltzaileen datuei buruz darabilen politika eta horregatik, igotzen ditudan edukiak (argazkiak, komentarioak...) oso tentu handiz gehitzen ditut.

Beraz, neuri alderantzizkoa gertatu zait. Eduki aldetik ardurosoagoa bihurtu naizen aldetik, erlazioetan ezaxolatiagoa bilakatu naiz (nahiz eta harremanena ere beste klaseko informazioa izan)

haritz
haritz dio:
2010/05/23 13:45

Aupa Gari, Ondo dago hausnarketa. Hain zuzen ere, aurrekoan Iturrirekin hizketan oso antzerako gauzak aipatu genituen.

Nik ere, aurki, garbiketa egingo dut. Kriterioak oraindik ez ditut guztiz zehaztu, alegia, ez dakit non jarriko dudan "laguntasunaren muga". Zalantza batzuk baditut. Esaterako, kasu batzuetan ezagutu gabe ere, edo gutxi ezagututa, eremu profesionalean koka daitezkeen harremanak mantentzeko ere baliogarri zait FB. Ez dakit. Gauza bat argi dut, erabiltzaile profila duten enpresa/erakunde/elkarteak berehala ezabatuko ditut. Denok ikasi dugu ibilian, eta iritsi da gauzak behar bezala egiteko unea. Facebook-en ikusiko dugu elkar! (baita FBtik kanpo ere!).

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2010/05/24 11:57

@Haritz, azkenaldian lan kontuegatik dauzkadan loturak ere kentzen ari naiz. Batez ere erabakitzeko erabiltzen dudana da, ea azken urtebetean kontakturik izan dudan pertsona horrekin. Horren arabera erabakitzen dut.

@Ibon, kuriosoa zure ibilbidea, baina FB erabiltzen jarraitzen baduzu, nik uste dut atzeraka ere egingo duzula. Ez badiozu zukurik ateratzen, bere horretan utziko duzu ziurrenez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon