Euskal musika
Berdin da Jazz, Heavy, Folk, Triki edo musika korala. Beraiei hala iruditzen bazaie, Vasco edo Euskera etiketan sartuko zaituzte eta listo!
Pertsona arrunta bazara, ez duzu inoiz ezagutuko zer dagoen etiketa horren azpian. Gaitzerdi. Baina Corteinglesean, irrati batean edo musikaren inguruan arduraren bat baldin baduzu, kalte handia sor dezakezu. Estilo bat orokorrean entzuten duenarentzat zaila izango da Miren Aranburu, Arima Beltza edo Su Ta Gar deskubritzea.
Aspaldi entzuten ari naiz kexu hau gure musikarien artean, nola zaku horretatik ateratzeko borrokatu behar duten, maila internazionaleko musikariak izanik nola zaien hain zaila homologatuak sentitzea Euskal Herritik kanpora. Azkenengoz Ruperri entzun nion nola EITB sortu arte irrati guztietan entzuten zen bere musika, eta ordutik bakarrik ghetto-etan entzuten hasi zela.
Azkeneko esperientzia asteburu honetan izan dut. Gasteizen nengoen eta denbora egiteko Corteinglesera sartu nintzen diskak kuxkuxeatzera. Corteinglesean Euskera izena du euskal musikaren sailak, eta bata bestearen alboan, arazorik gabe ikusi daitezke Doctor Deseo, Erramun Martikorena, Arbaso eta Epelde eta Larrañagaren diskak. Harantzago, Latzen eta Kenzazpi, estilo berdinekoak balira bezala.
Hau dena espero nezakeen. Benetan harritu nauena izan da Gaby Jogeix bluesman kataluinarraren diska toki berean aurkitzea. Bere bekatua? Diska Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak disketxean atera diola. Beste bat zakura!