Emak Bakia etxea, la maison
Man Ray oporretan gonbidatu zuten Biarritz ingurura eta etxearen izenaren esanahiak lotu zuen itxura batean. Horregatik jarri zion euskarazko izen hori filmari.
Filma aitzindaria da, pentsatzen dut garai hartan ez zitzaiola askori bururatuko asmatu berri zegoen zinemarekin esperimentu artistikoak egitea. Autoreak "zine-poema" moduan hitz egiten omen zuen filmaz, eta horixe da filmaren funtsa. Irudi geometriko, hipnotiko eta kuriosoak azaltzen dira bertan.
Emak Bakia filma
Vimeon (eta hementxe bertan) osorik ikusi daiteke filma:
Emak Bakia . Man Ray . 1926 from rbtal on Vimeo.
Oskar Alegriaren dokumentala
Filmaren izenaren haritik tiraka, Oskar Alegriak dokumentala egin zuen 2012an. Ia gidoirik gabe eta kasualitateari bidea utziz egindako filma da. Dokumentalaren helburua etxe hori aurkitzea zen, baina bidean beste sorpresa batzuk aurkituko ditu. Oso kuriosoa da dokumentala, etxearen bilaketako tentsioa ondo mantentzen du eta tartean pertsonaia interesgarri asko elkarrizketatuta ikusiko ditugu.
Gehiago dokumentalaren webgunean
Emak Bakia etxea
Kontuz, hemendik aurrera spoilerrak!
Behin bi filmak ikusita, emozio pixka bat bazuen etxera gerturatu eta ezagutzeak, baina etxea aurkitzea ere txiripa izan da. Pareko hondartzan geundela goraka begiratu eta... "aiba, horrek Emak Bakia dirudi!". Eta horrela bidezihor batetik igo eta kanpotik ikusi genuen etxea.
Gaur egun aeronautika enpresa bateko enpresa batzordea da etxearen jabe, eta afiliatuek opor-leku moduan erabiltzen dute. Tokia bisitatu nahi baduzu, Oskar Alegriari baino lan gutxiago emango dizu etxea aurkitzeak, OpenStreetMap-en ondo gordeta bait dago.
Beste kuriositate bat, alboko etxeak Emak Bakea izena du eta alokatu daiteke egun batzuk pasatu, ezkontza bat edo beste edozein ospakizunetarako.
Hementxe Emak Bakia etxearen argazkia: