Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Aniztasun gela edo "dibertsi"

Aniztasun gela edo "dibertsi"

Gari Araolaza 2019/06/27 09:20
Duela bi urte ez nuen aniztasun gela ezagutzen, ez nekien horrelakorik zegoenik ere. Sinplifikatuz, egoera berezia duten DBH-ko ikasleei zuzendutako gela da.

Ez naiz hezkuntzako profesionala, guraso bat baizik. Sarean ez dut beste informaziorik aurkitu eta agian puntu okerren bat esango dut, horregatik eskertuko ditut zuzenketak komentarioetan.

Aniztasun gela edo "dibertsi" (Diversidad hitzetik) gela berezi bat da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hainbat zentrutan eskaintzen dena. Gela honen helburua da DBHko titulua lortzeko zailtasunak dituzten ikasleei jarraipen zuzenagoa egin ahal izatea.

Zailtasun hauek jatorri desberdina izan dezakete: luzaroan gaixo egon diren ikasleak, beste herrialde batzuetatik iritsi direnak, ikasteko zailtasunen bat dutenak... hainbat kontu egon daiteke jatorrian. Hortik izena: aniztasun gela. Anitzak izanagatik ere, ikaslea lerro honetan sartzeko aukeraketa bat egiten da eta faktore komuna izaten da lanerako motibazioa izatea.

Gela honetan eskolak nagusiki bi irakaslek ematen dituzte, orokortuz batek letrak (euskara, gaztelera, gizarte...) eta besteak zientziak (mate, fisika/kimika, bio/geo...), bloke banatan. Beste ikasgaien kasuan (ingelesa, soinketa etab.) bakoitzak bere irakaslea du, lerro arruntean ematen duena.

Bi urtetako zikloa izaten da aniztasuna eta ezin da errepikatu. Nota globala jasotzen da bloke bakoitzean.

Aniztasun gelako ikasle kopurua txikiagoa da (12-15) eta lan pertsonalizatuagoa egin ahal izaten du irakasleak. Azterketek pisu gutxiago dute eta gehiago gelako aurkezpenek, taldeko lanek eta eguneroko jardunak, irakasleak oso ondo jarraitzen bait du ikasleen eguneroko lana.

Kontua guztiz argi gelditu ez zaidan arren, printzipioz ikasleen notek ponderazio bat jasaten dute eta ezin dute puntuazio jakin batetik goragokoak izan, beste ikasleekin alderatuta ez dezaten abantailarik izan. Emaitzen diktadura hortxe daukagu, eta kontu honetan atzera pauso bat egiten da ikasleen esfortzuaren balorazioari muga bat jarriz.

Hala ere merezi du. Eskola anitza nahi genuen gurasoek, ezta? Fokua esfortzuan jartzen duena eta ez hainbeste emaitzetan, ikasle kopuru mugatu batekin, ikasle bakoitzaren berezitasunak kontutan hartuko dituena, ikasleen arteko harremanak eta talde lana bultzatuko dituena, eta hori dena dago aniztasun gelan. Guzti honek albo efektu on batzuk dakartza:

  • Ikasleak ez dira beraien mailaz lotsatzen, libreki eta akatsak egiteko beldurrik gabe hartzen dute hitza gelan.
  • Bakoitzak zailtasunak alde batean dituenez elkarri laguntzeko prest daude ikasleak eta inork ez dio besteari barre edo burlarik egiten.
  • Ikasle bakoitzaren gaitasunak azaleratzen ditu, eta horrek beraien autoestimuan asko laguntzen du. Ordura arte beraien buruaz kontzeptu eskasa zuten ikasleak besteei laguntzeko gai direla konturatzen dira.

Bestetik, badago beste ikasle eta gurasoengandik kasu batzuetan inbidia edo zelo apur bat, ikasle hauentzat gauzak errazagoak izan daitezkeela edo. Nik alderantziz esango nuke, ikasle hauek beste handicap batzuek dituztelako eta ikusi dudalako zenbat lan egin duten eta nolako esfortzua egin duten.

Azken finean, ez genuen esfortzua baloratzea nahi ezagutzen ordez? Zailtasunak dituzten ikasleekin zer egin nahi dugu: pelotoian integratu ala bide bazterrean utzi? Ez ote da metodologia hau eskola publikoan denontzat nahiko genukeena? Ez ote genuke nahiago eredu hau beste geletara zabaltzea makro-zentru eta gela masifikatuen ordez?

Bukatzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Eibar BHI zentruko Virginia, Irene eta Gorkari, sistemaren zurruntasunaren gainetik beraien gizatasuna jartzeagatik. Eskerrik asko bihotzez zuen lanagatik.

etiketak: hezkuntza, eibar
Maialen Araolaza Arrieta
Maialen Araolaza Arrieta dio:
2019/06/28 14:42
Biba!
Eskerrik asko kontatzeagatik!
jolaus
jolaus dio:
2019/07/08 11:02
Hasteko, ezin hobeto deskribatu duzu Diber gela bat zer den, nolako lanketa egiten den eta zeintzuk diren bere helburuak, Gari. Virginia, Irene eta Gorkak bezala, nik ere lau urte egin nituen Jakintzako Diberreko talde bateko tutore bezala. Bi talde desberdinekin (talde oso desberdinak, egoera pertsonal eta akademiko oso desberdineko ikasleak zituztenak) aritu nintzen, diru-laguntzak bukatu zirenera arte.

Talde biak oso desberdinak izan ziren. Lehenengoan arazo akademikoak zituzten ikasleak nituen, nagusiki. Bigarrenean, aldiz, egoera pertsonal eta familiarra konplikatua zutenak. Azken hauekin esperientzia benetan gogorra izan zan, ikuspegi pertsonaletik, baina nire lanbidearen inguruan nuen pertzepzioa osatu eta aldatzeko balio izan zidan.

Beti esan dudan moduan, ikastolan bizi izan ditudan ikasturte aberasgarrienak izan ziren, bai maila profesionalean baita pertsonalean ere. Diberreko ikasleei esker gaur irakasle hobeagoa naizela sentitzen det. Eta seguru nago Virginia, Irene eta Gorkak ere berdin pentsatzen dutela.
Gari
Gari dio:
2019/07/09 16:01
Eskerrik asko Jolaus! Bai, egia da zailtasunetan ikasten dira lezio onenak. Sistemak ez du erraz jartzen, baina eskerrik asko irakasle zailduoi!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon