Amañako igarilekua
Askotan entzunda eta argazkiren bat ikusita, baina aste honetan Eibarko industria-sarearen berreraikuntza 1938-1942 erakusketan plano gainean bere kokapena argi eta garbi ikusi ahal izan dut. (Bide batez, ez galdu erakusketa eder hau, Armagintzaren museoan daukazue 2019ko uztailak 19 arte.)
Igerilekua (Igarilekua Eibarren) gaur egungo San Andres nagusien egoitzaren parean zegoen, Ego ibaiaren ura desbideratu eta saltoak eta guzti egiteko jarrita. Gaur egun "Slow" taberna dagoen tokian edo agian Ermua aldera metro batzuk haruntzago. Gaur errepidea dagoen tokian ibaia pasatzen zen garai hartan. Felix Arrietak detaile gehiago eman zituen, igerilekua betetzeko modua eta eraikitzeko moduaz Eibarko lehen bonbardaketari buruzko kontaketa zirraragarrian.
Beste argazki honetan argi ikusten da Alfaren hasierako eraikina, lehen unean Ego ibaiaren ezker aldean, eta badirudi igerilekuak zanga egiteko pretil ederra zeukala.
Jakina denez, gero Alfa handitu zen eta askoz luzeago egin zen, Barrenenguaraino. Argazki honetan ikusten da nola ibaia estali zuten, Amañako zubitik begiratuta:
Beste igerilekuak Eibarren
Uste dut garai batean Jose Etxeberria "Kerido"-ri entzun niola beste igerileku bat aipatzen, Casa del Pueblo gaineko terrazan zegoela eta umeei igeriketa ikastaroak ematen zizkietela, gerra ondoren uste dut. Norbaitek entzun du horrelakorik? 1954ko ortofotoan ez da hainbesterako bereizten.
Zenbat kostau jakun pizinia eukitzia, ezta? Artikulu politta egin dozu, baiña beste bat be bazeguala esan nahi detsut. Gure amak eta Matxarixan ikasi zeben igarixan. Ez dot uste hain haundixa zanik baiña han ibiltzen ziran txipli-txapla.
Bariantiak be desegin zittuan eibarren zeguazen pare bat putzu, (betiko) ospittal atzian.
Besarkada bat!