Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Etorkizuneko asmakizunen museoa

Eneko Astigarraga 2004/12/29 14:09

Interneten denetik dago. Gaur ikusi dudana apur bat txantxetakoa dirudi: Museum of Future Inventions edo Etorkizuneko asmakizunen Museoa. Inozente egunerako aproposa. Baina, ekimenaren atzean Coloradoko jende serioa dagoela dirudi eta, egia esan, teknologien sailkapen erabilgarria dauka.

Duela hilebete bat Slashdot blogean agertu zen aipamena, eta gaur berriro Responsible Nanotechnology blogean ikusi dut Etorkizuneko Asmakizunen Museoa

Museoa DaVinci Institute delakoaren zenbait bisionariok sortu dute AEBko Colorado estatuan.

Museoak dozena bat pabiloi proposatzen ditu:

  1. Robotika
  2. Energia
  3. Espazioko Merkataritza
  4. Teknologia lagunkoiak
  5. Aisialdia
  6. Garraioa
  7. Komunikazioak
  8. Nanoteknologiak
  9. Ingenieritza Genetikoa
  10. Bizitza zientziak
  11. Ingurugirua
  12. Bestelakoak

Zerbait faltan dagoela irizten bazaigu, beti ere asmakizun berriak proposa ditzakegu

Esan bezala txantxetako dirudi arren, jende serioek bultzatzen dute. Hamabost egun barru, The Future of Broadcast News hitzaldia antolatu dute CBS News-eko Jim Benemann -ekin.

EPIC 2014. Komunikabideen etorkizunaren historia

Eneko Astigarraga 2004/12/27 00:41

EPIC 2014, gaur egun Google, Microsoft edo Sony-k egiten ari direna extrapolatuz, komunikabideen etorkizunaren historia ezagutzeko aukera paregabea da, Aaron McLeran -en musikarekin Robin Sloan eta Matt Thompson-ek egin duten bideo labur batean.

Creative Commons lizentziapean transkribitu egin zuen Robin Good -ek bere blogean. Interesantea iruditu zaidanez eta Prospektiba izeneko blog honetan jorratzen diren gaiekin zerikusia duenez euskaratu egin dut.

EPIC 2014 edo komunikabideen historia 1984tik 2014era atera zen "The Museum of Media History"-tik eta Internet-en bueltaka dabil, toki askotan kokatuta dauden zerbitzarietan dago bideoa ikusteko eta historia irakurtzeko aukera ...

Nola ez, kritikak plazaratu dira. Oso sinplea dela Google eta Microsoft-en arteko leiara mugatzea. Hor daudela Yahoo, eBay, AOL, Fox, Technorati, Bloglines, Daypop, 20six, Sixapart Flickr eta Userplane, eta bereak egingo dituztela. e-paper edo paper elektronikoak ez duela arrakastarik izango. Edo ADN informazioa eta nanoteknologiei esker informazioa gizakiok eramangarria egiteko joerak ez dituela kontutan izan.

Halere, interesantea delakoan, hor doa etorkizuneko historia edo eszenategi hau:

Museum of Media History 2014 - 2014 Komunikabideen Historiaren Museoa

Ordurarte jendeak imagina ezin zuen informazioaren dimensio batera akzesoa du 2014 urtean.

Mundu guztiak, era batean edo bestean, parte hartzen du.

Hau da, mundu guztiak parte hartzen du komunikabide dinamikoen sorreran. Baina, Prentsa, gaur egun ezagutzen dugun moduan, ez da existitzen. Laugarren Boterearen indarra eta fortunak bertan behera egin dute. XX mendeko albisteen erakundeak alperrik joandako urak dira, duela gutxiko aztarnak baino ez.

XX mendearen bukaeran hasi zen 2014 urterako bidea...

Suitzako CERN partikula fisikaren laborategiko informatikari batek, Tim Berners-Lee , World Wide Web sarea asmatu zuen 1989 urtean.

Geroago, 1994 urtean, Amazon.com -en sorrera ezagutu genuen. Bere fundatzaile gazteak den-dena salduko zuen denda batean amesten zuen. Amazon eredua, Internet bidezko salmenten eredua izango zena azkenean, automatikoki egindako gomendio pertsonalizatuetan oinarritzen da. Iradokizunak egin ditzakeen denda bat.

Bi urte beranduago, 1996 urtean Standford-eko bi programatzaileek Google sortu zuten. Bere algoritmoak gomendio bezela tratatzen ditu loturak, eta printzipio honek munduko bilaketa motore efektiboena indartzen du.

Denbora eta publizitateen mugak gaindituz TiVo -k telebista aldatzen du 1999 urtean. Frogatu duen ia inor ez da bueltatzen ohizko sistemara.

Urte berean, Pyra Labs izeneko punto.com batek blogger asmatzen du, argitalpenerako tresna pertsonala.

Friendster 2002 urtean hasten da eta milaka gazteek sinistu ezinezko bere bizitzen, bere interes eta bere sare sozialen mapa zehatzekin osatzen dute. 2002 urtean ere Googlek Google News kaleratzen du: albisteen atari bat. Albisteak sortzen dituzten erakundeak dardarazka daude. Google News ordenagailuekin editatzen da erabat.

Googlek Blogger erosten du 2003 urtean . Googleren planak misterio hutsa dira, baina Blogger gainean erakutsi duen interesa ez da arraroa.

Hurrengoa, 2003a, blogaren urtea da.

Dena hasi zen urtea bezala gogoratuko zen 2004 urtea.

Reason Magazine -k bere harpidedunei azalean bakoitzaren etxearen satelite bidezko argazkia eta barnean informazio pertsonalizatua duen alea bidaltzen dizkie.

Sony eta Philips-ek serietan egindako lehen paper elekronikoa kaleratzen dute.

Google-k GMail ateratzen du, gigabyte bat erabiltzaile guztientzat.

Microsoftek Newsbot kaleratzen du : albiste zerbitzu eta filtro bat.

Amazon-ek A9 kaleratzen du, bilaketa motorea Googleren teknologian oinarrituta eta Amazon-en gomendioak gehitzen dituena.

Eta orduan Google publikoa egiten da .

Kapital berriaren uholdearekin, konpainiak erosketa handiagoa egiten du. Google-k TiVo erosten du.

Googleren mugimenduei erantzunez Microsoft-ek Friendester erosten du 2005 urtean.

Urte bete beranduago, 2006 urtean, Google-k bere zerbitzu guztiak konbinatzen ditu, TiVo, Blogger, GMail, Google News eta denak, Google Grid-en bilatzen dituzte. Mota guztietako edukiak gorde eta trukatzeko eskaintzen duen plataforma unibertsala sortzen du: informazioa gordetzeko mugarik gabeko banda zabalera eta espazioa. Beti On Line eta edozein tokitik eskuragarri. Erabiltzaile bakoitzak bere pribatasun maila erabakitzen du. Norberak erabaki dezake dena modu pribatu eta seguruan Google Grid-en gorde edo mundu guztiak ikus dezan publikatu. Inoiz ez da izan hain erraza, mundu guztiak berdin-berdin edukiak sortu edo kontsumitu ditzake.

Googleren igoerari aurre egiteko, 2007 urtean Microsoft-ek Newsbotster kaleratzen du, albisteen sare soziala eta kazetaritza partehartzailearen plataforma bat. Newsbotster-ek, erabiltzailearen lagunek eta ezagunek irakurtzen eta ikusten ari direnaren arabera albisteak kalifikatu eta sailkatu egiten ditu. Gainera, mundu guztiak ikusten duena komentatu dezake.

Aurten, Sony-k egiten duen ePaper-a paper erreala baino merkeago da. Newsbotster-ek hautatzen duen bidea da.

Baina Microsoft-en askonahiekin lehiatuko den aliantza sortu zen 2008 urtean. Google eta Amazonek bere indarrak batu eta Googlezon sortu zuten. Googlek Google Grid eta bilaketa teknologia mahai gaineratzen du eta Amazon-ek bere gomendio sare soziala eta azpiegitura komertziala. Elkarrekin, erabiltzaile bakoitzaren sare sozialaren ezaguera zehatza erabiltzen dute, demografia datuena, kontsumo ohiturena eta interesena, edukien eta publizitatearen erabateko pertsonalizazioa eskaintzeko.

Albisteen Gerra nabarmena da 2010 urtean, gaur eguneko albiste erakundeak ez zutelako parte hartzen.

Azkenean, Googlezon-ek xake-mate egiten dio Microsoft-i software munduko erraldoiak lortu ezin dituen funtzionalitateei esker. Algoritmo berria erabiliz, Googlezonen ordenagailuek albiste berriak dinamikoki sortzen dituzte, esaldiak eta gertaerak eduki iturri guztietatik atera eta berriz konbinatuz. Ordenagailuak albiste berri bat sortzen du erabiltzaile bakotzairentzat.

Laugarren Boterea, ordurarte lokartuta, altzatu egiten da bere lehen eta azken erresistentzia egiteko 2011 urtean. The New York Times Company -k Googlezon salatzen du, azken konpainia honek dituen "fact-stripping robot" edo arakatzaileak copyright legea zapuztu egiten dutelako. Salaketa Auzitegi Goreneraino doa, eta 2011ren Abuztuaren 4an Googlezonen alde erabakitzen du.

Igande batean, 2014ren martxoaren 9an, Googlezonek EPIC ateratzen du.

Ongi etorria gure mundura...

Evolving Personalized Information Construct deitzen da gure informazio kaotikoa filtratu, ordenatu eta banatu egiten duen sistema. Orain mundu guztiak, bere blogaren bitartez, bere mugikorraren kamararekin hartutako irudiekin, bideo erreportaiekin, edo ikerketa osoekin, parte hartzen du. Googlezonek dituen izugarrizko sarreretatik gende askok kobratzen du zatitxoa, bere ekarpenen popularitatearen arabera.

EPIC-ek erabiltzaile bakoitzarentzat eduki pertsonalizatuen paketeak sortzen ditu: bere gustoak, bere kontsumo ohiturak, bere interesak, bere kokapen demografikoa, bere sare soziala erabiliz, produktoari forma emateko.

"Freelance" editore belaunaldi berria sortu da: EPIC-eko edukiak konektatu, filtratu eta lehenetsi egiteko trebetasuna duen jendea.

Denok Editore askoren harpidetza egiten dugu; EPIC-ekin bere hautaketak nahastu eta markatu ditzakegu guk nahi dugun erara. Laburbilduz, eskarmentu gehien duten irakurleek editaturik, EPIC munduaren laburpena da, inoiz ikusi izan duguna baino askoz sakonagoa eta zabalagoa.

-----------

Zientzia-fikzioa? ez dakit bada, historia honetako zenbait gauza gertatzen ari dira jada, eta ez bakarrik 2004 urterartekoak ...

Europar Batasuna: egunerokoak

Eneko Astigarraga 2004/12/25 21:23

Europan, Batasunaren Tratatua dela medio, pertsona, langile, kapital edota zerbitzuen zirkulazioa libre da. Baina, honen inguruan, errealitatean zenbait paradoxa eta eztabaida ematen ari da.

Esate baterako, gaur Tubbydev blogean eta Liberation egunkarian salatu egiten dituzte Bolkestein direktibaren ondorioz ematen ari diren praktika batzuk. Zenbaitek esklabismo modernoa dela uste dute.

Kasu hau Suedian eman da. Suediako sindikatu batek Letoniako enpresa bat salatu du: Suedian lan egiten zuen baina Letoniako lan baldintzak aplikatuz eta horrela, prezio merkeagoak eskainiz, zenbait lan lortzuen zituen Suedian ... Dumping Soziala... etxean bertan!!

Un syndicat suedois denoncait le dumping social d'une entreprise lettone construisant une ecole a Stockholm. La justice lui donne raison. , dio Liberationek.

Arrazoia dute. Eta zoritxarrez, baina seguruenez, Europa osoan lan baldintzak eta orohar, bizitza baldintzak berdindu arte, horrelakoak sarri ikusiko ditugu.

EAE-n, Espainako konbenioak dituzten enpresak ari dira lanean, bertako enpresen kalterako, azken hauek ezin bait dute prezioetan lehiatu soldaten kostoak askoz ere txikiagoak dituzten estatuko enpresekin. (normalean konbenioak baxuagoak dira Espainian EAE-n baino)

Baina ez dut uste, epe luzeari begira behinik behin, lehiakortasunaren borroka soldaten murrizketan dagoenik. Abantaila, zerbitzu hobeen bitartez, bezeroei balio erantsia ematean dago seguruenez. Horretara egokitu beharko dugu suediarrak ... eta euskaldunak...

Arthur C. Clarke eta Informazio Gizartea

Eneko Astigarraga 2004/12/22 00:02

Arthur C. Clarke zientzia-fikzio idazle moduan oso ezaguna da. Bere 2001: A Space Odyssey Liburua zein Stanley Kubrick-en filma arrakasta handia lortu zuten eta historiarako geratu dira.

Baina, Arthur C. Clarke idazlea izateaz gain, zientifikoa zen eta satelite eta telekomunikazioei buruz hainbat lan eta idatziak egin zituen. Esate baterako, Wikipediak dioenez GEO edo orbita geoestationarioak , Clarke orbitak bezala ezagutuak dira.

Beno, ba 86 urterekin Informazio Gizarteari buruz hitz egin du , baina teknologikoa edo zientzia-fikziozkoa baino gehiago, kutsu soziologikoa hartzen diot esaten duenari:

  • Sorkuntza Clarke-ri leporatzen dioten sateliteen bidezko komunikazioari buruz: komunikatzeko sortutako espeziea gara. Teknologikoki posible bada, arin egingo dugu. Horregatik Interneten hedapen azkarra.
  • Telebista eta hezkuntzari buruz: Pantaila munduari begira dagoen lehioa da. Pixkanaka, oso txarra izan arren, lehio hori izatea, ez izatea baino hobea delaren ondoriora ailegatu da.
  • Zentsurari buruz, konparaketa on bat: gure aurrekoak laster ulertu zuten bezala inork esan gabe inork ez zituela derrigortuko liburutegi bateko liburu guztiak irakurtzera, horrela ikasi behar dugu guk gaur egun eskura dugun informazio guztiarekin.
  • Antzerako hausnarketa informazio gehikeria edo Cornellak dioen bezala infoxikazioari buruz: Strangely, as history has shown, our species survived that earlier deluge of information, and some say, even advanced because of it. I am not so much concerned with the proliferation of information as the purpose for which it is used. Technology carries with it a responsibility that we are obliged to consider.
  • Etorkizuneko teknologiei buruz: ekar dezakeen aldeketengatik, ahotsaren errekonozimenduan ikusten aurrerakuntza handiena. Niri William Crosman -en VIVO-ak gogorarazi dizkit.
  • Bioteknikak aipatzen ditu. Braincap izeneko tresna bat esate baterako, nanoboten ondorengoa, baina urruti, 3001-erako, ikusten du Clarke-k bere 3001: The Final Odyssey liburuan.
  • Informatikak hizkuntzari ekar dizkion aldaketa edo aportazioak aipatzen ditu: Computers have introduced words and phrases into our language, which would have been utterly meaningless only a few decades ago. Could your grandparents have understood your anguished cry "My laptop has crashed?" And what would they have made of "megabytes", "hard drives", "back-ups" or "Googling"?

Ez ditut ondoegi ulertzen, baina klikatzen , blogista , Andu Lertxundik bere zutabean aipatu edo informatikariek erabiltzen dituzten antzerako beste hainbeste berba datoz burura ...

Folksonomy - Folksonomia

Eneko Astigarraga 2004/12/21 00:02

Mappr zerbitzua azaltzerakoan eta interneteko flickr edo del.icio.us bezalako zerbitzuak aipatzerakoan, tag edo identifikatzaile batzuen bitartez argazki, albiste, lotura edo edozein informazio sailkatu daitekela esaten zen.

Kasualitatez, gaur IFTF's Future Now. Emerging technologies and their social implications blogean Flickr and folksonomies (Flickr eta folksonomiak) izeneko artikulua ikusi dut eta bertan tag, identifikatzaile edo sailkapen mota sinple hauen erabilgarritasuna aipatzen da.

Metadatoen bitartez, Dublin Core protokoloa erabiliz esate baterako, informazioak sailkatu daitezke era profesional batean. Baina, interneteko erabiltzaile arrunt batek argazki bat sailkatzeko ez du erabiliko horrelako protokoloa, gaitza eta astuna egiten zaiolako, denbora dexente behar duelako eta Internet medio azkar bat delako.

Kasu hauetan, modu azkarrean, di-da batean, jendeak bere sailkapen propioak egiten ditu, norberari egokiak iruditzen zaizkion berbak erabiliz. Adibidez, nik nere sailkapen propioa daukat, nik aukeratutako hitz klabeekin, del.icio.us zerbitzuan. Berdin egiten dute beste erabiltzaile askok.

Baina, normala denez, bere informazioak sailkatzerakoan jendeak hitz edo klabe berdinak erabiltzen ditu behin eta berriro. Errepikatu egiten ditugu identifikatzaileak.

Esate baterako, etorkizunari buruzko gauzak aurkitzen ditudanean, beste jende askok bezala future hitza erabiliz sailkatzen ditut.

Bada, modu informalean sozialki sortzen diren kategoria hauetarako izena asmatu dute: a folksonomy.

Asmatzailea Thomas Vander Wal omen da: Thomas Vander Wal, in his reply, coined a great name for these informal social categories: a folksonomy, irakurtzen dut Gene Smith-en Folksonomy, social classification artikuluan.

Ezagutzen ez nuen terminoaren erreferentzia asko sarean: Alex Wright: semantic web webgunean , nola sortu folksonomia bat , Corante. Social Software blog eta beste asko.

Hala ere, oraindik eztabaida handiak izango dira, bai horrelako sailkapen arruntetan bai ontologien sorrera eta erabilpenean. Nola egin behar ditugu sailkapenak? informazio terminoak eta elkarketaren arabera? erabiltzailearen hizkuntza kontutan izan beharko dugu?

Aurreikuspen gehiago 2005 urteari begira

Eneko Astigarraga 2004/12/20 00:02

Epe laburrari begira, 2005 urteari, aurreikuspen gehiago aurkitu ditut sarean.

Beti interesantea den Jose Luis Orihuela-ren eCuadernon ikusi ditut: Predicciones 2005: Blogosfera , non Atalaya -ko Juan Julian Merelo-renak jasotzen dituen. Bertan Predicciones 2005: Web Design diseinuari buruzko aurreikuspenak, apur bat absurdoak.

Baita, blog berean: Predicciones 2005: Media . Normala hainbeste ikustea gauden egunetan, urte amaierari hurbiltzen.

Eta balantzeak? VDL2-k bai.

Askotan, baina, esandakoari buruzko balantzea egitea falta da. Zertan asmatu duzun eta zertan ez. Horregatik urtero vdl2 kanadiarren aurreikuspenen eta urteko balantzeen zai egoten naiz.

Inoiz Sustaturako euskaratu ditut aurreikuspenak zein balantzeak

Egun gutxi barru bereak argitaratuko dituztela suposatzen dut.

Prospektibak ez du helburutzat etorkizuna asmatzea

Baina Prospektibak ez du helburutzat etorkizuna asmatzea, bai zera. Prospektibaren helburua etorkizuna eraikitzen laguntzea da. Ez dago etorkizuna asmatzerik. Hori dioenak gezurra dio. Patuan sinistea litzateke. Erdi-arora bueltatzea litzateke.

Prospektibaren helburua etorkizun posible guztiak antzematea da, ez etorkizuna nolakoa izango den aurreikustea edo asmatzea. Eta etorkizun posibleen artean gogokoen duguna, helburutzat duguna, gura dugun etorkizuna lortzen laguntzea da prospektibaren helburua.

Hala ere, joerak aztertzeak laguntzen digu etorkizun posibleak antzematen eta, adituen usteetan, probableenak zeintzuk diren ikusten. Horregatik beharrezkoa adituek diotenaren jarraipena egitea ...

Argazkien mapak

Eneko Astigarraga 2004/12/18 19:57

flickr lagun askok erabiltzen duten argazki zerbitzua da: Joxe Aranzabal edo Josu Azpillaga -k esate baterako. Joxeren Faro blogeko mezu honetan ari dira Joxe, Josu eta Luistxo flickr-en erabilpenari buruz.

flickr-en XML bitartez ezagutarazi ditzakezu zure argazkiak eta, besteak beste, tag bitartez sailkatu.

Tag bat argazki, albiste, lotura edo edozein informazio baten identifikatzailea da. Luistxok bere blogean tag convergentes kontzeptua erabili du eta Luistxok asmatutako sistemaren bidez Sustatuko Jamaika atalean tag-ak nola erabiltzen ditugun azaltzen du . Mezuan aipatzen den bezala, antzerako moduan beste batzuek erabiltzen hasiak dira.

Lan kolaboratiboa da. Hau da, askoren ekarpen txikiak lan handi eta txukuna egiteko. Web semantikoak bideratu dezakeen zerbitzuen hastapenak dira, etorkizunean era honetako gauza handiak ikusiko ditugu.

Beno, bada ildo horretan flickr-ekoek Geo-location of tagged images on flickr.com izeneko Mappr, mappr.com , zerbitzua asmatu dute.

Kasu honetan, tag eta beste identifikatzaile batzuen bitartez (tokia, egilea, azkenak) argazkiak mapifikatu egiten dira. Laster zabalduko dute flickr erabiltzaileei. Jamaika ikusteko!!

Berrikuntza sareen garrantzia

Eneko Astigarraga 2004/12/16 07:16

Harvard Business School-eko HBS Working Knowledge aldizkariko Caves, Clusters, and Weak Ties: The Six Degrees World of Inventors artikulu-elkarrizketa aipatzen dute Future Now blogean berrikuntza prozesuan sareen eta ikertzaile edo inbentoreen arteko hartuemanen garrantzia azpimarratzeko.

Batez ere, sare eta harremanen garrantzia goraipatzen du Lee Fleming Harvard Business School-eko irakasleak Sara Grant-ek egindako elkarrizketan.

Nire ustez, Fleming-ek dioena bat dator blog honetako aurreko komentarioan esaten zenarekin. Azken finean, ezagueraren arlo konkretu bateko puntako I+G sareak mundu txikiak dira, mundu mailan estu elkar lotutako ikertzaileek osatzen dituzte, eta zaila da, hutsetik hasita, nodo edo gune berriak sortzea.

Bizkaiko makro-ikerkuntza zentruaren inguruko eztabaidak

Eneko Astigarraga 2004/12/15 20:16

Bilbo inguruan eraiki nahi omen duten ikerkuntzara zuzendutako makro-zentru baten inguruan, albiste ez oso argiak publikatu dira azken egun hauetan.

Abenduaren 4an, Deia-k Europa Pressetik jasotako informazioa zekarren: PSE pide al Gobierno vasco que plantee ante el Ejecutivo Zapatero su deseo de crear una infraestructura de Gran Ciencia. Albistean ez zen kosturik aipatzen.

Ostiralean, Proyectan crear en Vizcaya un centro de referencia mundial en la lucha contra el cancer irakurri genuen El Correon. Albistearen arabera, Jaurlaritza eta Madrileko Gobernuak EHU-ko ikerlari batzuek proposatutako 300 miloi euroko inbertsioa beharko lukeen zentruaren eraikuntza aztertzen ari ziren.

Hurrengo egunetan Jesús Loza, Isabel Celaa eta Blanca Roncal ordezkari sozialistek prentsaurrekoa eman zuten: ikerkerta makro-zentru hori eraikiko ez balitz, Jaurlaritzaren, eta zehatzago, EAJ-ren errua izango litzateke. Arrazoia, laburbilduz, Jaurlaritzak ordaindu nahi ez duelako, eta dena Madriletik ordaintzea eskatzen duelako. Gainera lidergo falta leporatzen zioten EAJ-ri. El PNV pretendia que el Gobierno central pagara el gran centro cientifico de Euskadi da artikuluaren izenburua.

EAJ-ren eskaerak bere logika zeukala iruditu zitzaidan. Aurrekontuen onarpenaren inguruko negoziaketa koiunturalak aparte, Madrileko Gobernuak ez du ikerkuntza trasferentziarik eman eta ez du EAE-n Ikerkuntza Zentrurik eraikitzeko ia inbertsiorik egin. CSIC Consejo Superior de Investigaciones Cientificas delakoaren ia zentru denak Madrilen daude. Beraz, arlo horretan eskaerak egitea, makro-ikerketa zentrua zuzenean Madrilek ordaindu edo kupotik deskontua eginez eskatzea logikoa zirudien.

Gaur EAE-n ditugun ikerkuntza zentruak, parke teknologiko edo enpresetan eta unibertsitateetan ikerkuntzara zuzendutako saiakerak, hemendik bultzatuak eta sortuak dira. Azken adibidea, Erregeen bisita dela eta hain aipatua izan den MCC-eko Polo Garaia ikerketa eremua: kooperatibek landu eta bultzatu dute.

Gaur, beste ikuspegi batetik El Correo eta Diario Vasco -n EHU-ko Bio-Kimika Katedraduna eta Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria izan zen Felix Goni jaunak idatzitako artikuluan, ¿Un centro de referencia mundial en Vizcaya? galdetzen du.

Laburbilduz, bere ustez hutsetik hasita horrelako zentru bat sortzea ezinezkoa da. Arrazoi ezberdinengatik ez da posible, aipatu den bezala, Zientziaren Guggenheim berria sortzea. Ez da bakarrik diru kontua.

Minbizia edo Partikulen Fisikaren ikerkuntzara zuzendutako zentroa eskatzen den ez dago oraindik argi. Baina, hori albo batera utziz, horrelako zentro batek, inguruan ikerkuntzako azpiegitura, superegitura eta know how indartsuago beharko luke. Gaur egun ez duguna. Horrelako zentru batek, bere arloko jakintza zientifikoaren sarea behar du, ezin da hutsetik eraiki eta inguruan tamaina ertain eta txikiko beste ikerketa zentruak behar ditu. Horrelako proiektu batek, pertsonak behar ditu, pertsona jakintsuak eta trebatuak ikertu nahi den eremuan, Nobel saridunak ahal izanez gero.

Beraz, gaurko egoeratik abiatuz, zaila ikusten du hori guztia lortzea, baina beste askok bezala etorkizuna jakintza eta ikerkuntzan dagoela konbentzituta dagoenez, Zientzia Estatu Paktua eskatzen du.

Ez zaio arrazoia falta Feliz Goñiri, zaila dirudi horrelako zentru arrakastatsua lortzea. Baina, artikulu amaieran apatzen duen bezala, are zailago azken finean egun hauetan ikusi duguna aurre-kanpainaren eszena bat baino ez delako izango: lo que se transparenta en las noticias de prensa sobre el centro mundial de fisica de particulas/oncologia es un episodio mas de las rivalidades entre partidos. Bere baikortasunean, iritzian oker izatea espero du.

Etorkizunari begira, erreferentzia mundiala ez bada ere, ondo etorriko da ikerkuntza azpiegitura eta sarea indartzea.

Gehituta, 2004.12.15

Harvard Business School-eko HBS Working Knowledge aldizkariko azken zenbakian berrikuntza sareen garrantzia aipatzen dute: ezagueraren arlo konkretu bateko puntako I+G sareak mundu txikiak dira, mundu mailan estu elkar lotutako ikertzaileek osatzen dituzte, eta zaila da, hutsetik hasita, nodo edo gune berriak sortzea.

Eguneratuta, 2005.01.03

Gaurko Correok Un proyecto ilusionante izenburua duen artikulua du. EHU-ko Manuel Tello (Teknologia eta Industria Sailburu Orde Ohia), eta Fernando Legarda katedradunak eta Sener enpresako Francisco Albisuk sinatzen dute artikulua.

Informazio nahiko nahasiekin (gaur egun ez den DG XII bat, T2 eszenategi zaharkitu bat,...) bada ere, uste dut eztabaida bere neurrian jartzen dutela, alde batetik egia delako horrelako zentru baten proiektuak ilusioa sortarazten duela diotenean, nola ez, eta baita hemen gorago esandakoarekin bat etorriaz "El primer requisito para el diseño, construcción y operación de un centro de este tipo es que en el entorno exista capacidad probada de desarrollar tecnología" esaten dutelako.

Egia biribila bai, baina agian momentu honetan posible ez delako, ez da zehazten ez zenbat diru, ez nork ordainduko duen, ez zein zientzia eta teknologia eremuari zuzendu behar den makro-zentroa, baina badirudi gehiago fisikaren eremura joten dela.

Hala ere, makro-ikerkuntza zentruaren definizioa ematen da: "un centro de esta naturaleza es una instalación dónde los usuarios, investigadores de ciencia básica o aplicada y los ingenieros y tecnólogos que trabajan en sus laboratorios, centros tecnológicos o empresas pueden acudir a realizar sus medidas. Por tanto, al ser un centro de servicios para la investigación, se debe apoyar en una plantilla tecnológica especializada en las tecnologías implicadas y en un reducido número de científicos de alta cualificación."

Besteak, definitzear suposatzen ditut...

Urtea ideetan. New York Times dixit

Eneko Astigarraga 2004/12/14 20:05

World Changing -en irakurri dut aste honetako New York Times Magazine aldizkariak 2004 urteko ideen bilduma dakarrela.

Erregistratu beharra dago, baina doan da, eta bertan The Year in Ideas: A to Z. aurkituko duzu. Beste modu batera esanda, urteko tendentzia edo joera aipagarriak. New York Times Magazinek zerrenda ateratzen duen laugarren urtea da.

Aurtengoan, Acoustic Keyboard Eavesdropping-tik You Don't Need Superstars To Win-era.

Tartean, kuriosoa New York bezelako metropolian Micropolis, The bezelako ideia urtekoen artean zerrendatzea. Baina, aurten hauteskundeak izan dituzte eta Bush-en aldeko botoa Mikropolis hauetatik (50.000 biztanle baino gutxiagoko eremuak) dator era masiboan.

Izan ere, eremu mikropolitano hauetan Bush-ek %60.6 portzetaia lortu zuen, Kerry-k % 39.2 lortzen zuen bitartean. Eta erabakikorra izan zen Ohio Estatuan, 29 eremu mikropolitanotik 27k gorri (errepublikano-Bush) bozkatu zuten, Bushen garaipena zihurtatuz.

Aipatutako webgunean urteko beste ideia asko. Oso AEB-koak batzuk noski ( Fertile Red States edo saski-baloiko arazoei buruzko 3-Point Problem, The ), baina globalak eta deigarriak beste batzuk: Skin Literature , Dumb Robots Are Better edo Giga-Waves .

STEPHEN HAWKING gizon prudentea eta azkarra da

Aurrekoarekin zerikusirik ez daukan zenbaki berdineko artikulu batean elkarrizketa bat egiten dio Deborah Solomon-ek Stephen Hawking irakasle famatuari.

Lehen galdera hau da:

  • Zein uste duzu dela fisika munduan aurten agertu den ideiarik inportanteena?

Eta Hawking -ek gizon prudente eta azkarra dela erakusten du erantzunean:

  • Ez dugu jakingo urte batzuek pasatu arte.

Ez dakit New York Times-eko magazine horretako artikulugileek erlaziorik duten....

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.