Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Blogak eta wikiak enpresan

Eneko Astigarraga 2005/03/29 17:01

Blogak eta wikiak, interneterako komunikazio tresna egokiak eta azken boladan CodeSyntax-en lantzen ari garen eremua.

Gaiari buruzko artikulua zekarren atzo Infoworld aldizkariak: Enterprise collaboration with blogs and wikis . Aurrerago aipatu izan da hemen software sozialaren esparruan koka daitezkeen tresnek erabilgarritasun handia dutela enpresa munduan eta, horren inguruan, deskribapen ona egiten du Michelle Delio-k aipatutako artikulu horretan.

Franz Dill-eren eritziarekin bat eginez, hona hemen artikuluaren zenbait pasarte aipagarriak:

  • Informazioa inteligentzia edo ezaguera bezala izendatzeko, etengabe erabili eta berritu egin behar da.
  • Erabiltzeko errazak eta informalak direlako, e-posta eta bapateko mezularitza (Instant Message) dira langile gehienek aukeratzen dituzten ezaguera tresnak. Baina behin bidali eta irakurriak izan direnean, ez dago e-posta batean edo bapateko mezu batean trukatutako informazioa berriz erabiltzeko aukera edo posibilitate handirik. Posta-zerrendek arazoa zerbait konpontzen duten arren, ez da erraza trukatzen den informazioa ezaguera lan-sare batean konpartitzea.
  • Horregatik, informazioa eta ezagueraren trukaketa bideratzeko eta profitatzeko Cisco, Disney, Hewlett-Packard, General Motors, IBM, Intel, Microsoft, Nokia, Novell, edo Yahoo bezalako enpresak blogak eta wikien erabilera bultzatzen ari dira. Normalean, OpenGroupware bezalako ohizko groupware tresnen osagarri gisa darabiltzate.
  • Martin Wattenberg -ren esanetan blogek eta wikiek zeregin ezberdinak dituzte.
  • Blogak pertsonalagoak dira, iritzi edo komunikazio pertsonala banatzeko sistemak dira, wikiak kolektiboki eraikitzen dira, batek esandakoa zuzentzeko aukera ematen dute eta denen artean egiten dira. Reading a blog is like listening to a diva sing, reading a wiki is like listening to a symphony. .... (Blogak irakurtzea solistak entzutea bezalakoa da, wikiak sinfoniak entzutea bezala.)

Tresnak eskura ditugu, tresnen erabilpena bultzatzean dago erronka.

Praktika onak Blog eta Wikietan

InfoWorld-eko Enterprise collaboration with blogs and wikis artikuluan ageri den iruditik hartuz, hona hemen Blog eta Wiki praktika onerako aholku batzuk:

  • Aukeratu tresna egokia: Wikiak errazago eguneratzen dira; Blogak estatikoagoak dira
  • Indartu dagoeneko martxan dauden prozedurak: aztertu jendeak elkarrekin lan nola egin dezaken
  • Bultzatu iritzi ireki eta zintzoak. Hobe ez ematea blog bat jendearekin ondo konpontzen ez diren exekutiboei.
  • Komunikazio politika finkatu. Hasieratik garbi esan zer mezu mota idatzi daitekeen eta zein ez.
  • Arrakasta duten blogak errekonozitu. Blogintzak denbora eta esforzua eskatzen du, aintzat hartu eta saritu.
  • Egon daitezken akatsak planifikatu. Seguru noiz edo noiz publiko egingo direla, publiko egin behar ez zirenak. Prestau zaitez horretarako.
  • Maiz berrikusi edukiak. Batez ere ziurtatu Wikiaren edukiak eguneratuak eta zuzenak direla.

Argazkia: JL Irigoien

Zientzia eta zientzia-fikzioa

Eneko Astigarraga 2005/03/25 02:18

Duela 100 urte Jules Verne hil zen eta horregatik egun hauetan zenbait erreportai argitaratzen ari dira. Javier Armentia-k Entre La Ciencia Y La Ficcion izeneko artikulu gomendagarria idatzi du bere Por la boca muere el pez blogean (El Correo-ko Territorios gehigarrian argitaratu zen atzo). Jabiren gustokoa uste dut.

"Uno de los géneros literarios más populares, la ciencia-ficción, es objeto de análisis incluso por parte de científicos. ¿Visionarios o científicos? " dio Armentiak.

Seguruenez, ametsetan aurreikusteko gai garenak baino ezin ditugu errealitatean asmatu ...

Ospital digitalak: osasun zerbitzuen etorkizuna

Eneko Astigarraga 2005/03/23 12:09

Business Week aldizkariak Ospitale Digitalei buruzko erreportaia dauka. Bertan osasun zerbitzuen etorkizuna eta, batez ere, teknologia berriek sanitate zerbitzuetan eta bere ekonomietan izan dezaketen eragina aztertzen da.

The Digital Hospital How info tech saves lives and money at one medical center. Is this the future of health care? da erreportaiaren izenburua.

AEB-etan ospitaleetako produktibitatea beherantz jo bazuen ere, gaur egun eten gabe igotzen ari da teknologia berriei esker. Beharbada, kontutan izan beharreko apuntea, Osakidetzan dituzten eztabaiden ingururuko hausnarketarako.

Aldizkariaren azalaren irudian Mr. Rounder etorkizuneko medikua: 24 orduko zaintza egunean, 7 egun astean, 365 egun urtean. Hori bai, errebisioa, mantenu txiki bat eta software eguneraketak behar ditu. Horrez gain, kostoa gorantz joan beharrean mediku digitalaren kostoa beherantz doa.

Abantaila teknologiko horiek izanda ere, gizakiak beharrezkoak izango dira etorkizuneko osasun zerbitzuetan, dudarik gabe. Baina teknologia berrien erabileran prestatuak. Ospitalen barnean informazio eta komunikazio arloan ematen ari dira aurrerapausu handiak. Eta teknologia berriek osasun zerbitzuen kalitatea hobetzen dute, mediku preskripzioen akatsak %80an murrizten omen dituzte, eta gainera nabarmenki merketu egiten dituzte.

Gaur eguneko Ospital Digitalaren ideia izateko irudi sorta eskaintzen du Business Week-ek. Irudiak Hackensack University Medical Center-ekoak dira.

Info gehiago:

Kolorezko haize errotak

Eneko Astigarraga 2005/03/22 20:48

Energiarekin gora eta behera berriro. Energia kontuetan etorkizunari begira energia berriztagarriak gehitzearen premia aldarrikatu dugu ia denok.

Baina, aldi berean, ez zaigu batere gustatzen gure mendiak haize errota erraldoiekin betetzea, gure itsas ertzeetan kilowatio faktoriak eraikitzea edo gure etxe ondoan zentral hidroelektriko edo gasez mugitutakoak jasotzen ikustea. Zarata, ostopoa, irudia, azken finean traba baino ez digute egiten. Eta era berean, ezin da ukatu, gustora eta erosoagoa bizitzeagatik, gero eta energia gehiago kontsumitzen dugu. Kontraesanak.

Horregatik, bitxia iruditu zait Japonen, Nagoyan, eremu komertzial batean Inaba Electric Work-ek eraiki duen haize eta eguzki indarrez mugitutako zentral elektrikoaren goiko irudi hori.

Kolorezko liburuak diruditen panelak haizez mugitutako argi-indar generadorearenak dira eta eraikinaren teilatuan eguzki panelak jarri dituzte.

Agian horrelako energi-zentralak errazago onartuko genituzkeen ...

Erreferentziak:

Independentzia eta jubilazio-pentsioen etorkizuna

Eneko Astigarraga 2005/03/19 00:13

Blog honetan bezala, etorkizuna aztertzera jo dute Maria San Gil-en webgunean , eta Ibarretxe planak independentzia lortzen badu etorkizunean jubilazio-pentsioekin zer gertatuko den hausnartzen dabiltza.

Horretarako, adibide patologiko moduan Soziologia Fakultateetara eramateko moduko galdera egiten da webgunean. Mundiala benetan:

Si el plan Ibarretxe consigue la independencia ¿qué ocurre con las pensiones?

  • Quiebra el sistema
  • Se reducen las pensiones
  • Aumentan los impuestos

Jakina, ez da posible Ibarretxe planarekin lotzen den independentziaren hipotesi hori betez gero, pentsio hobeak izatea, zerga txikiagoak, sistema sendoagoa izatea, ... eta abar.

Baina, horrelako aukeren aurrean erantzuleek ez dute gauzak batere argi ikusten eta antzerako portzentaiak lortzen dituzte aurkeztutako hiru erantzun posibleek. Harrigarria. Ez dago argi sistemak porrot egingo duen, pentsioak gutxitu edo zergak gehitu egingo diren. Izugarrizko nahasketa. Edo hirurak batera eman daitezke? Norbaitek argitu beharko luke asuntu hau. Ikusi bestela gaur arratsaldean ageri ziren emaitzak...

Iñigo Aranberrik duela pare bat hilebete hizlandiako artikulu batean esaten zuen bezala, inolako kontrolik gabe, hau da boto-emaile identifikatu gabe, egindako interneteko inkestak ez dira batere fidagarriak. Horrez gain, galderak egiteko moduak neurri handian erantzuna baldintzatzen duenez... inkestak beti irabazteko hutsezinezko metodoa aurkitu dugu!

Future Washington

Eneko Astigarraga 2005/03/18 01:13

Ernest Lilley SFRevu eta TechRevu aldizkarien editorea da, eta freelance moduan zientzia eta teknologiari buruz idazten du.

Orain Washington-era bizitzera joan da eta Washington-en etorkizunari buruzko historiak idazteko deialdia egin du. Eskaera zientzia-fikzioa, hurreneko historia eta prospektibaren tartekoa dirudi.

Azken 100 urteetan Washington munduko botere indartsuenaren erdigunea izan dela aitortuz, etorkizunari buruzko zenbait galdera interesgarriak egin ditu Lilley-ek eta horiei erantzun nahiean www.futurewashington.com webgunean bota du deialdia.

Zenbaitek baietza eman diote, baina martxoaren bukaerarte Politika-Fikzioa izendatu dezakagun sailkapen batean sartuko liratekeen idazlanak onartzeko prest dago.

Esan esan bezala, Washington-en batzuk animatu dira idazten, baina ez dut uste gure inguruan horrelako deialdi egituratu batek arrakasta handiegirik izango zukeenik ...

Hemen, www.donostiafutura.net askoz konplikatuagoa dugu, bai antolaketa eta egituran, bai webean: sarrerako flash eternoa, agenda eta albistegi zaharkituak, 3 MBeko dokumentu deskarga ezinak, ... hainbeste lan eta oraindik ere Usandizaga kexati .

Izenak letreiatzen flickr-ekin

Eneko Astigarraga 2005/03/16 16:45

Metaatem izeneko tresna batekin jolasean.

Zure izena sartu eta flickr zerbitzuan oinarriturik irudiak sortzen ditu. Spell with flickr bezala izendatu du kastner sortzaile gazteak.

Tresnan ageri den laukitxoan, Eibar izena sartu dut. Metaatem-ek irudiak eta html bat sortzen du eta blogeko sarrera honetan pegatu dut. Ea zer ikusten den...


Beno, ba ez dago hain txarto :-)

Dena den, Metaatem-ek sortutakoa ez baduzu gustokoa, hizki bakoitzean klikeatuz irudia aldatu dezakezu.

Beste froga bat Korrika hitzarekin:


Energia eszenategiak Londoneko Zientzia Museoan

Eneko Astigarraga 2005/03/16 00:23

Energia eszenategiak. Nolakoa gure etorkizuna?

London-eko Zientzia Museoak (Science Museum ), besteak beste etorkizunari buruzko erakusketa omen du: Is this your Future? izenekoa.

Berez, Energiaren etorkizunari buruzko erakusketa, Onkar Singh, Anthony Dunne eta Fiona Raby-k egindako hiru eszenategirekin eraiki da. Eta produktu eta argazki hipotetikoen bildumen bitartez energiaren etorkizun ezberdinak etikan, kulturan edo gizartean sortu dezaketen eragina aztertzen laguntzen dituzte.

Lehen eszenategian komunitate bakoitzak bere energia ekoizten du. Bigarren eszenategian energia hondakinetatik dator eta seguruenez hipotesiak gure jokaera eta giza etiketen aldaketa ekarriko luke. Hirugarrenean gauzak odolarekin dabiltza, animalien odola aprobetxatuz gehien bat. Gastrobot -etan omen dago inspiratua azken hau.

Apur bat harrigarriak guztiak, egia esan.

Iturria: Near Near Future, we make money not art.com

Gallup, blogak eta Elgeta

Eneko Astigarraga 2005/03/14 00:48

IFTF's Future Now-en irakurria : ostiralean Gallup inkesta etxe famatuak oraindik blogek ez dutela hedapen handia zioen, blogen inguruan egindako inkesta baten harira argitaratutako Blogs Not Yet in the Media Big Leagues artikuluan.

Zenbait datu interesgarri artikuluan... Gazteen artean zerbait hedatuagoa dago blogen jarraipena, baina AEB-n populazioaren %75ak erabiltzen du Internet, eta Gallup-en inkestaren arabera, bakarrik %12ak jarraitu eta irakurtzen ditu blogak.

Zapatuan, Jean-Pierre Cloutier kazetari kanadiarrak blogen irakurleen inguruko aipamena zeukan bere blogean, hemen bezela Blogads agentziak egindako inkesta interesgarria aipatuz Qui lit les blogues? artikuluan, non blogen irakurleen kantitateai baino gehiago irakurleen kalitateari erreparatzen dion.

Blogek ez dute oraindik Komunikabideen Champions-ean jokatzen beraz, baina blog euskaldunen inguruan zalapartatxoa dabil azken boladan. Paperezko argitalpenak (Argia, Berria, Deia, Correo/DV, Gara, ...) blogen inguruko artikuluak argitaratutako dituzte eta, gainera, blogista euskaldunen lehen bileratxorako deialdia (B&B, Besta , BeSeTea edo dena delakoa) , egin da.

Blogistak poz-pozik, eta kultur eragileek ere, diot nik: eredu jasangarri batekin, blogak, Internet euskaraz idazten da.

Elgetako deialdia justu Xerez Ipuruara datorren egunean da, horregatik, partida zapatura ez badute aurreratzen, blogista euskaldunen kuadrilarekin bat egitera joango naiz Elgetako Espaloira, baina berandu. Ipuruakoa amaitutakoan :-)

Oraindik blogek ez dituzte irakurle larregirik, are gutxiago blog euskaldunak, jendeak ez omen dauka horretarako astirik, baina Gallup bezalako etxe batek, eta marketing eta publizitate agentziek arreta eskeintzen badiete blogei, ez dakit gaurko egiturarekin edo beste batekin, seguru etorkizunari begira indarra hartuko dutela.

Euskadi 2015

Eneko Astigarraga 2005/03/10 00:07

Euskadi_2015_Lehiakortasun_Foroa

Gaur Bilboko Euskalduna Jauregian azaroan aipatzen genuen Euskadi 2015 Lehiakortasun Foroa -ren emaitzetariko aurkezpena egin da: Euskadiren 2. Eraldaketa Ekonomikorako Oinarrien aurkezpena.

Ana Agirre eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak egin dute aurkezpena eta Ainhoa Arteta sopranoa entzuteko aukera zoragarria izan dugu. Egia esan, txalogarria da Euskadi 2015 ekimena, baina gaur txalo gehien eraman dituena, duela bi urte zendutako Javier Garcia Egotxeaga Sailburua ohiarekin batera, Ainhoa Arteta izan da.

Emanaldi hunkigarria, musika kontuetan ni bezalako erdi gorra eta ezjakin batentzat ere bai. Eta ohitura ederra, berritzailea eta beharrezkoa, kultura, ekonomia eta berrikuntza lotzearena. Azken boladan ohitura bihurtzen ari dira horrelako esperientziak: Andoni Egaña eta Ezagutzaren Klusterra, Fran Lasuen eta Nanoteknologiak, Andu Lertxundi eta Xuxen, edo artistek eta enpresa berritzaileak: laster hasiko den artes divergentes Artetik Berrikuntzara / Arts & innovation... ohitura ona eta etorkizunerako joera, espero.

Aurrerago aipatu zen bezala, ekimena parte hartze oso interesgarriarekin egin da eta hausnarketa mailan emaitzak eman ditu.

Gaurko ekitaldian Ibarretxe eta Agirre-k aurrekoei, I Eraldaketa Ekonomikoa bideratu zutenei esker beroak eman dizkiete egindako lanagatik, ( izan ere banatutako dokumentazioan www.politicaindustrialvasca.net webguenaren berri ematen zen), eta orain datorkigun Eraldaketaren ardatzak, erronkak, Estrategiaren Oinarriak eta Lan Ildoak aurkeztu dituzte. Plan zehatzak edo egitarauak datozen gobernuek ipini beharko dituzte martxan, gizarte osoaren kontua izango da onartzea eta aurrera eramatea

Standard & Poor's etxearen rating-ak

Baina, bestalde, gaur gehien azpimarratu dena , etxera nentorrela irratian behin eta berriro entzun dut, Standard & Poor's (www.standardandpoors.com ) rating-agentziak Euskal Erkidegoari gaur bertan eman dion rating berria izan da: AA+ . Nolabait gauzak ondo egiten ari direla bermatuz. Sekulako lorak bota dizkio Standard & Poor's-ek Jaurlaritzaren Politikari. Ibarretxe-k pozik egoteko arrazoiak zituen:

Kanpotik esaten ari zaizkigu: Herri serio eta fidagarria gara zioen :

Rating igoera finkatu ahal izateko, Standard & Poor's agentziak hurbiletik jarraitu du Euskal Estatutuak izan ditzakeen aldaketei buruzko eztabaida ere. Ez da itxaro bete-betean konponduko denik, ez eta eragin ezkorrik izan dezakeenik ere epe ertainean, erregioko aurrekontu-kudeaketari buruz. Bitartean, autonomi-gobernuak bere konpromisoari eutsiko dio, finkatze fiskalari zein zor-kontrolari dagokienez

Uste dut antzerako rating-a eman ziotela duela gutxi Gipuzkoa Lurraldeari, kasu honetan Fitch Rating (www.fitchratings.com ) etxeak. Fitch Rating nazioarteko agentziak Gipuzkoako lurralde historikoaren epe luzerako kalifikazioa hobetu du, lehenago genuen A bikoitza plus (AA+) kalifikaziotik A hirukoitzera (AAA) igoz. Azpimarratzekoa de Gipuzkoako foru ogasuna dela, estatuz peko entitateetan, kreditu-kalifikazio gorena lortzen lehena eta bakarra Espainiako estatuan zioen harro Joxe Juan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Diputatu Nagusiak urteroko agerraldiko diskurtsoan (Adi ms-word dokumentua)

Zorionak guztioi, orain arteko lorpenak dira eta poztekoak, baina etorkizunari begiratuz ezin dugu gaur eguneko rating-ak edo lortutako adierazleekin (hezkuntzan, ekonomian, giza garapenean, ...) konformatu behar, etorkizunekoak prestatu behar ditugu. Eta Ibarretxe dixit: eskarmentua, neurria eta prestakuntza dira gure gaitasunak

Datozen urteetarako lehiakortasunaren erronka nagusia Berrikuntza indartzean datza. Berrikuntzan Europa eta lurralde aurreratuarekiko konbergentzia lortzean, alegia.

Euskadi_2015_Lehiakortasun_Foroa

Baina, era berean, oso garrantzitsuak iruditu zaizkit eraldaketarako beharrezkoak bezala aipatu eta diren ardatzak:

  • Garapen jasangarria
  • Gizarte Kohesioa

Enpresa Lehiakortasuna eta Giza Berrikuntzarako Estrategia

Euskadi 2015 Lehiakortasun Foroaren Webgunean sortzen diren materialak eskuragarri daude. Besteak beste Eztabaidarako elementuak (452 KB .pdf formatuan) txosten laburra baina interesgarria, hainbat elementu giltzarri plazaratzen dituena edo Lehen Fasearen Balantzea (515 KB .pdf formatuan) txostena, non 2015 urteko Euskadiren erronkak eta giltzarri estrategikoak aipatzen diren.

Gaur Enpresa Lehiakortasuna eta Giza Berrikuntza: Estrategiaren Oinarriak eta Lan Ildoak izeneko txostena banatu da. Hemen dago eskuragarri (ADI .pdf txostena 1,53 MB) . Planteamendua intesgarria dirudi eta Kluster ezberdinen estrategia planen laburpenak ditu. Begirakada ematea merezi duelakoan nago.

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.