Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

EAJ-EA koalizio irabazleak, gobernu eta etorkizunerako aliatuen premian.

Eneko Astigarraga 2005/04/17 21:00

Azken urteetan, hauteskunde emaitzen inguruko artikulutxoa eskatzen didate herriko eta kitto! aldizkariak hurrengo goizean ateratzen duen alerako. Aurten, lehendabiziz, blogean ere. Hor doa:


EAJ-EA koalizio irabazleak, gobernu eta etorkizunerako aliatuen premian.

Ia beti bezala, kanpaina berezia: lege-kanporaketak, agerraldi mediatikoa, azken orduko urduritasunak, ... baina beste batzuekin konparatuz, giro lasaia nagusi izan dela esango nuke.

Beharbada horregatik, aurreko hauteskundeetan baino partehartze txikiagoa izan da. Hala ere, hauteskundeak gure herriaren aniztasunaren islada izan dira. Sei aukera politikoek lortu dituzte ordezkariak Gasteizen.

Euren arteko elkarrizketa eta akordio zabal eta sakonak behar-beharrezkoak izango dira hurrengo lau urteetarako Gobernua osatzeko eta, are gehiago, normalizazio politikoa lortzeko eta hainbeste aldarrikatu den bakearen legealdia izateko.

EAJ-EA koalizioak aise irabazi ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak, bigarren alderdiak baino 10 eserleku gehiago lortuz, baina joan zen astean zenbait inkestek iragartzen zuten gehiengotik oso urruti geratu da.

Printzipioz, badirudi abstentzioak eta Estatuko Gobernuan dagoen alderdiak, PSOEa kasu honetan, sortzen duen efektu mediatikoak EAJ-EA koalizioa eta PP-ren kalte egin duela. Bestalde, badirudi alderdi ezkertiarrek gehiago mobilizatu dituztela bere hautesleak. PSE-Eek, Aralarrek eta, batez ere aipatzekoa da EHAKaren kasua, EHren botoak lortu eta gehitu egin dituelako.

Etorkizunerako iragarpenak egitea ez dirudi erraza hauteskunde gau honetan. Gehiengo nabarmena lortu dezakeen aukera bat baino gehiago aurreikusten dira, eszenategi posibleak bat baino gehiago, baina printzipioz, guztietan indar nagusi bezala EAJ-EA koalizioarekin kontatuz.

Baina, lehen esan bezala, elkarrizketa sakonak beharko dira horretarako. Alde batetik Maragallek proposatutako irtenbidea, PSE eta EAJ-EAren artekoa, non beste alderdi batzuk gehitu daitezkeen, EB esate baterako; bestetik Estatuto berriaren aldeko edo abertzaleen arteko akordio zabala, EAJ-EA, EHAK, Aralar eta beharbada Ezker Batua gehituz. Zailago, baina minorian egon daitezkeen gobernuetarako akordio urriagoak posible dira. Hirukoa gehi Aralar eta baita, akaso, PSE-EE eta PP-ren artekoa.

Abertzale eta konstituzionalisten arteko oreka ez da larregi aldatu: PP-k galtzen duena PSE-EEk irabazten du, eta EAJ-EA koalizioak galtzen duena EHAK eta Aralarrek irabazten dute. Ezker Batua lehen bezala geratzen da.

Legebiltzarreako hauteskundeak Eibarren

Eibarko datoei dagokionez, azken urteetan behin eta berriro ikusten ari garen joera errepikatu egin da.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak erraz irabazten du eta, aldiz, Udal Hauteskundeetan PSE-EEk lortzen du gehiengoa. EAJ-EA koalizioak botoen %39 lortu du Eibarren, alde handi samarra atereaz bigarrenari, botoen %27 duen PSE-EE-ri.

PPk eta EHAK antzerako portzentaiak lortzen dituzte %12-13aren inguruan, baina PP 7 puntu jaisten den bitartean, EHAK gora egiten du. EB eta Aralarrek aurreko deialdiekin konparatuz, ez dute aldaketa handiegirik, lehenengoek apur bat gorantz eta bigarrenek apur bat beherantz egiten dute.

Bihartik aurrera, berriro, alderdien arteko elkarrizketa ordua ..., guztion onerako izan dadila

Elgetan lagun arteko BST-a

Eneko Astigarraga 2005/04/17 20:46

Azkenean batu gara blogari talde majoa, ez dakit zenbat, baina ateratako argazkiak kargatzen ari dira flickr zerbitzuan. Ondo, ondo.

Hasierako argazkia

taldeko argazkia

Ardoak 2015 urtean

Eneko Astigarraga 2005/04/17 13:24

Larunbateroko Berrian Mikel Garaizabal enologo eta sumiller elorriotarrak, besteak beste Euskal Herriko Ardoak argitalpenaren egilea eta Catar Vino atariaren bultzatzaileak, atal gastronomiko interesgarria dauka, baina zoritxarrez ez dago Interneten.

Atzokoan, ardo sektorearen prospektiba aipatzen zuen Mikelek eta Robert Parker The Wine Advocate aldizkariaren sortzaileak Food & Wine Magazine aldizkarirako egindako aurreikuspenak zekarren.

Sektoreari buruz Parkerrek duen ezaguerarekin, joan zen urtearen bukaeran, 2015 urteari begira 12 aurreikuspen egin zituen.

Beste sektore batzuetan ematen diren aldaketak kontutan izan (aldaketak banaketan, Internet, lehiakortasuna, teknologia eta material berriak, ekonomia berrien eragina, ...) eta, era berean, ekoizle berrien etorrera aurreikusten zituen Parkerrek.

Vinography.com A wine blog ardoen inguruko blog ederrean (RSS-a, albiste eguneraketa, beste blogei buruzko erreferentzia ugari, creative commons lizentzia, ...), Robert Parker-en aurreikuspen horiek, kritikak eta komentarioak aurkitu ditzakegu Parker Predicts The Future of Wine and I Respond albistean.

Mikel Garaizabalek Berria -ko Ardoxka atalean azpimarratzen dituenak hauek dira:

  • Frantziako ardoen hondamendia.
  • Ardo-marka jakin batzuk aurkitzea oso zaila izango da, eta neurrigabeko prezioa izango dute, Asiar Ipar Amerika eta Europako Ekialdeko aberats berrien eskaeragatik.
  • Ardoaren banaketa ere asko aldatuko da, ekoizleek zuzenean salduko dituzte jatetxeetara eta dendetara.
  • Internetek garrantzi handia izango du, ardoen inguruko informazioa ematean.
  • Kortxo naturala apenas ikusiko da, horren tokia kortxo sintetikoak hartuko du.
  • Egur gabeko ardoak gehiago baloratu eta salduko dira.
  • Merkatua oso lehiakorra izango da prezio/kalitatea balantza horretan.
  • Ardo mota gehiago izango dugu, eta herrialde berriak sartuko dira ekoizleen merkatuan: Mexiko, Txina, Errusia.
  • Espainako ardoak izango dira izarrak, bai kalitateagatik bai sormenagatik, baina tradiziozko lurralde izan diren Errioxak edo Ribera del Duero ospea galduko dute, eta haien ordez Jumilla, Toro edo Priorat izango dira baloratuenak.

Gainera, Italiako hegoaldea edo California's Central Coast goraipatzen ditu Parkerrek eta baita ere beste ekoizle berri batzuk: Bulgaria, Romania, Japan, Lebanon, Turkey eta agian India ailegatu daitezkela. Parkerren aurrikuspenak Vinography blogetik gain, Iblnews-en argitaratu ziren .

Beraz, 2015 urtean ardo arrakastatsuenak zeintzuk izango diren aparte utzita, Parkerrentzat sektoreko enpresen etorkizunerako erronka estrategikoak: lehiakortasuna, kalitatea, teknologia berriei egokitu eta, sektore industrialetan gertatzen den legez, enpresak lurralde berrietara zabaldu.

Argazkia: VinoGraphy Rober Parker ardoen kata batean

Leonardo da Vinci, etorkizuna aurreikusten

Eneko Astigarraga 2005/04/15 18:24

Google-k gogora arazi digun bezala, 1452 urteko apirilaren 15ean, Florentziatik gertu dagoen Toskanako Vinci herrian Leonardo da Vinci artista, zientzilaria eta futurista jaio zen.

Leonardo da Vinci pintorea, disenatzailea, asmatzailea, zientifikoa, futurista, pentsalaria, ... izan zen, Errenazimentu garaiko eredua.

Joan zen egunean aipatzen genuen gizonek aurreikusten duguna asmatzeko erreztasun handiagoa dugula. Bada, horretan, beste gauza askotan bezala Leonardo maisu izan zen.

Zalantzarik gabe, prospicere, latinez urrutira begiratu, sarritan egiten zen gauza zen. Adibide batzuk ikustea baino ez dago: Leonardo Visions of the Future . Leonardoren paraxuta, tramankulo militarrak, tankeak, ....


Paris, Elgeta: Blogs & Beers

Eneko Astigarraga 2005/04/13 20:04

Elgetan bezala, apirila honetan Parisen blogeatzen dabiltzatenak Paris Blogue-t-il? izeneko Blogs & Beers batean biltzera doaz gaur.

Parisek 11,5 miloi biztanle ditu eta 210 blogari apuntatu dira. E-gorrek bezala, konparaketak egiten hasita, 600 mila hiztun baino ez dituen herri honetan, Parisko proportzio berdina izateko, Elgetan 11 blogista biltzea behar dugu.

Parisen 11.500.000 biztanle ----> 210 blogari Parisen

EHan 600.000 euskaldun ----> 11 blogari Elgetan

Baina, seguru gehiago batzen garela! Ni behinik behin han izango naiz.

Bide batez, ez dakit zer dioten marketinean espertoak direnak, baina oso tradizionala iruditzen zait Parisen prestatu duten kartela hain moderno dirudien blogeatze honetarako :-)

Hala ere, ideia on bezala, argazki lehiaketa antolatu dute Les fenetres de la blogosphere : blogosferaren lehioak.

Software agenteak info-digestiorako

Eneko Astigarraga 2005/04/07 20:25

New Scientist aldizkariak Corpora Software aipatzen du bere artikulu batean : Software agents give out PR advice

Beste batzuk bezala, Corpora Software enpresak Lengoaia Naturalaren Prozesamenduan (LNP) erabiltzen diren algoritmoak erabiliz, zelatarako, ezaguera agertarazteko eta kudeaketarako softwarea garatzen ditu.

Adibidez, artikulu edo albiste baten zentzua aztertzeko - funtsean positiboa, negatiboa edo neutroa den automatikoki jakiteko -, software produktua daukate eta merkatuan harreman publikoetan izan ditzakeen aplikazioak aztertzen ari dira. Nolabait dokumentu elektronikoen "tonua" aztertzen ari dira.

Zentzu berean, IFTF -en diote blogek kontsumitzaileengan duten eragina eta kontsumitzaileek "erosteko erabakia" nola hartzen duten aztertzen ibili dira.

Ailegatu diren ondorioetariko bat: irakurtzeko larregi dago eta gero eta gehiago izango da, beraz informazio fluxuak eta edukien azterketa egiteko sistema automatizatuen premina gero eta handiagoa izango dugu.

Ba ez, agente horiek ez dira txarto etorriko irentsi behar dugun informazio guztia digeritzeko eta, Cornella-k zioen bezala, infoxikatuak ez bukatzeko

Irratiaren amaiera, Al Gore eta etorkizuneko Telebista

Eneko Astigarraga 2005/04/05 18:40

Gaurko Irratia.com saioa entzuten, Wired aldizkariaren The End of Radio alearen, irratiaren etorkizunari buruzko zenbakiaren, berri izan dut.

Gainetik begiratuta, beti bezala, Wired-en alea interesgarria dirudi.

Podcasting-ari buruz ari dira une honetan Jabi Zabala eta Patxi Gaztelumendi . Gure artean beraiek dira aitzindariak, baina nonbait irakurri dut Bideo-blogging-ak podcasting-a gaindituko duela: 2005 : Le video-blogging va-t-il surpasser le podcasting ?

Izan ere, gaur goizean entzun dut AEB-etako hauteskundeetara aurkeztu zen Al Gore jaunak gazteei zuzenduta eta bideo-blogging-arekin zerikusia duen Telebista proiektu berri batean sartu dela. BBC News dixit: Al Gore launches youth TV channel . Al Gore hor badago ez da izango txantxetako kontua. Etorkizuneko telebista, blogak bezala gu geuk egina.

Ekonomi Gerizan. Hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna

Eneko Astigarraga 2005/04/04 19:57

Gehienetan bezala, txosten interesgarriak Aurrezki Kutxen Federazioaren Ekonomi Gerizan argitalpean. Joan zen astean, zenbaki berria plazaratu zen. Ekarpen asko eta mamitsuak, eta ekarpenen laburpenak irakurrita ideia ona har dezakegu txostenetan aurkituko dugunaren inguruan.

Ostegunean kaleratu zen zenbaki berriak 19 txosten edo ikerketa dakar, hiru ataletan sailkatuak:

  • Lehen atalak Epe luzerako hazkunde ekonomikoa: ikuspegi orokorra du izenburutzat
  • Hazkunde ekonomikoan eragiten duten faktoreen analisia da bigarren atalaren ardatza.
  • Hazkunde ekonomikoa: zenbait ebidentzia enpirikoren analisia da azken kapituluaren izenburua.

Mikel Navarro-ren Lehiakortasunaren analisia EAE eta Nafarroan edo La Competitividad del Pais Vasco y Navarra frente a los nuevos paises miembros de la UE. Las falacias de la competitividad aipatu nahi nuke hemen. Alde batetik ESTE -ko irakaslea delako baina, batez ere, fundamentu askorik gabe EAE-ren bilakaera ekonomikoari buruzko iritzi eta artikuluak idazten diren garai hauetan, datu zehatzetan oinarritutako analisi sakonak eskaintzen dituelako Mikel Navarrok.

Askok ukatu arren, azken urteotan per capitako errenta mailen eboluzio ikusgarria izan da, bai EAE-n bai Nafarroan. Baina etorkizunari begira kezkagarria da hobekuntza okupazio tasetatik etorri delako eta ez, ordea, produktibitate-tasaren gehikuntzetatik.

Aztertutako produktibitate faktoreetan (langilegoaren kualifikazioa, kapital-zuzkidura, I+G gastua, sektore egitura), azken urteetan asko hobetu arren, nahiko atzean gabiltzala dio Mikel Navarro irakasleak. Espainaren gainetik, bai, baina Europako eta AEBetako bataz bestekoen oso-oso azpitik!

Mikel Navarroren ustetan, lehiakortasunari dagokionez, Euskal enpresentzat mehatxua ez dago, askotan pentsatzen den bezala, Europa Batasunaren ekialdeko estatu berrietan zeuden enpresetan, baizik eta herrialde horietan kokatutako kapital atzerritarreko konpainietan. Konpainia horiek geuriek duten antzeko produktibitate, edo kasu askotan hobea, dute, baina lan-kostu urriagoak dituzte, eta horietan dago mehatxua lehiakurtasunaren ikuspegitik.

Txostena, .pdf formatoan, hemendik deskargatu daiteke. (Adi 335 KB. Erregistroa beharrezkoa, baina doan da)

Euskara eta Kudeaketa

Eneko Astigarraga 2005/03/31 13:13

Apirilaren 26an, 19.00-etan, Ezagutzaren Clusterretik bultzatutako Nola txertatu euskara erakundeen kudeaketan: gakoak eta esperientziak txostenaren ondorio nagusiak aurkeztuko dira Bilboko Euskalduna Jauregian.

Ezagutzaren Clusterrean Euskara eta Kudeaketa izeneko foroa 2003 urtean sortu zen, eta era iraunkorrean Azti Fundazioa, Batz S. Coop., Euskal Herriko Unibertsitatea, EITB, Elhuyar Aholkularitza, EMUN, ESTE Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Saila, Gaiker Fundazioa, IDOM, Ikerlan, IMH, Labein Fundazioa, MCC S. Coop., Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Robotiker Fundazioa Tekniker Fundazioa, UZEI eta VISESA-k parte hartu dute.

Gainera beste, erakunde batzuk puntualki lagundu edo sustatu dute foroa. Esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Bestalde, foroak eskatutako informazioa bere esku jarri duten erakundeak, besteak beste, Energiaren Euskal Erakundea, Kondia, Danobat, Pasaiako Portuko Agintaritza, Ekonomilarien Euskal Elkargoa, Elkargi, Urola Kostako Hitza eta Niessen izan dira.

Bilbon aurkeztuko den argitalpenak bi atal nagusi ditu:

  • Egindako hausnarketaren emaitza: 2004. urtean zehar egindako lanaren bilduma da. Atal honetan Euskararen balioerantsiaren inguruan egindako hausnarketa eta edozein erakundetan euskararen erabilera txertatzeko zenbait gako jasotzen dira.
  • Kasu praktikoak: lan hau egiteko urtebete horretan parte hartu duten erakundeek egindako aurkezpenak jasotzen dira. Kasu praktikoen artean, izaera eta aktibitate diferenteetako duten erakundeak izan dira: enpresak,unibertsitateak, fundazioak eta abar.

Ongi etorria eta baliogarria izan dadila!

Hondamendi ekologikoa aurreikusten dute 2031 urterako

Eneko Astigarraga 2005/03/30 20:27

Earth Policy Institute delakoak egindako ikerketa baten arabera, Txinak daraman garapen bideak benetako hondamendi ekologikoa ekar dezake, behintzat, orain arte bezala, datozen urteetan estatubatutarren bizimodua jarraitzen badute.

Earth Policy Institutek mundu ekonomiaren proiekzioa egin du eta garapen eredu hau jasanezinezkoa dela diote. 2030 urtean Txinan 1.450 miloi biztanle izango dira, eta gaur egungo hazkunde erritmoarekin per capita errenta 38.000 dolarrekoa litzateke.

Eta munduan ez dago errekurtsorik (energia, janaria, papera, ...) horrelako errenta batek sortzen duen eskaerari erantzuteko.

Suposatzen dut antzerako zerbait gertatuko dela lehenegunean aipatzen genuen BRIC (Brazil, Russia, India, China) delako guztietan.

Ondorioa: oso zaila dirudien errekurtso gehiago bilatu, edo bizimodua goitik behera aldatu behar dugu.

Aurreikuspenak betetzen badira, hau bai erronka!

Informazio gehiago:

  • Leraning from China. Why the Western Economic Model Will not Work for the World (Earth Policy Institute )
  • Una catastrofe ecologica se perfila en 2031. El dia que China alcance el nivel de vida norteamericano, el modelo de desarrollo colapsara (Tendencias sociales )
Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.