Serendipity, edo aurkikuntzak egiteko artea
Duela gutxi, Xabier Mendigurenen Egunen Harian blogean Serendipity hitza aipatzen zen . Kontzeptu erakargarria iruditzen zait eta inoiz erabili izan dudan hitza da.
Outils Froids blogean aipatzen zutelako, gaur otsaileko Robotique, vie artificielle, realite virtuelle aldizkarian, gaiari buruzko Pek van Andel holandarraren artikulua ikusi dut: "Sérendipité, ou de l'art de faire des trouvailles", Serendipitia, edo aurkikuntzak egiteko artea. Printzipioz, gai garrantzitsua eta erakargarria ikerketa mundurako.
Horrela, ez da harritzekoa Groningue Unibertsitateko Pek van Andel bezalako ikertzaile batek gaiataz arduratzea - munduko Serendipity bilduma handiena omen dauka-, edota artiluaren sarreran aipatzen denez, Holandan serendipitiologiataz berba egitea.
Serendepitia espero ez duzuna aurkitu, inbentatu edo sortzeko artea da. Serendipity hitza duela 251 urte sortu zen eta Serendip-eko (Sri Lanka-ren antzinako izena) erregearen hiru semeen historia polit batekin zerikusia du.
Serendipity hitza 1754 urteko urtarrilaren 28an sortu zen. Gutun batean, Serendipeko hiru printzeen abilezia definitzeko Horace Walpole-k erabili zuen lehen aldiz. Espainolez, "serendipia" erabiltzen dute eta frantsesez "sérendipité", baina ez dut uste akademiek esan dutenik hitza zuzen nola erabili behar den.
Kontua da, arteologia bezala, berriro apur bat modan jarri dela. Pek van Andel-ek bere serendipity bildumatik ondoriatutako hamar puntu politak eskaintzen ditu artikuluan.
Esate baterako, kimika, fisika, geologia, medikuntza, astronomia, ... bezalako zientzia esperimentaletan serendipity adibideak maiztasun handia dutela; ikerkuntza sistematikoa eta serendipitia ez direla elkar baztertzen, elkar osotu egiten direla, eta beste esateko interesgarri asko daude "Serendipite, ou de l'art de faire des trouvailles artikuluan.
Pek van Andel-en adibideen arabera, sistema adituak adituen laguntzarako dira, baina ezin dituzte ordezkatu eta, zorionez, ikerketetan sakontzen dugun neurrian agertzen dira bilatu ez ditugun arazoak.
Van Andel-en esanetan, aurkikuntzataz ari gara zeozer berria eta egiazkoa (zientzia), berria eta erabilgaria (teknika) edo berria eta liluragarria (artea) sortarazteko bi edo gehiago elementu jakinak ikertzailearen begien aurrean originalki konbinatu edo elkartu egiten direnean.
Bidebatez, iaz, Princeton University Press-ek Robert K. Merton zientziaren soziologo famatuak eta Elinor Barber-ek, 1958 urtean idatzitako The Travels and Adventures of Serendipity: A Study in Sociological Semantics and the Sociology of Science liburua lehen aldiz argitaratu dutela jakin izan dut.
Ez nekien soziologia serendipity-arekin lotzen zela Merton-en bitartez: hau aurkikuntza!
Langile falta Txinan
Ezusteko albistea gaurko China Daily albistegi digitalean: Txinako hegoaldean langile faltan daude.
Teoriaren arabera, eskasia dela, langileen aldarrikapenak direla, ekonomia txinatarra gora doala eta, ... pixkanaka langile txinatarren soldatak gorantz jo beharko dute. Joera berria, beraz, hor dago.
Oraindik, luzaro itxaron beharko dugu haien lan kostuekin parekatzeko, baina Mikel Navarroren teoriari jarraituz Euskal enpresentzat mehatxua ez dago, askotan pentsatzen den bezala, Asia Ekialdeko dragoietan edo Europa Batasunaren ekialdeko estatu berrietan dauden enpresetan, baizik eta herrialde horietan kokatutako kapital atzerritarreko konpainietan. Konpainia horiek geuriek duten antzeko produktibitate, edo kasu askotan hobea, dute, baina lan-kostu urriagoak dituzte, eta horietan dago mehatxua lehiakurtasunaren ikuspegitik.
Argazkia: China Daily
2050 urtea: Hilezkortasuna gure eskutan
Zaila sinesteko, baina nork daki. Igandean The Observer egunkariak argitaratu zuen albisteak - 2050 - and immortality is within our grasp - izugarrizko ohiartzuna izan du (gaztelerazko atelean jaso nuen atzo). Deabruarekin pakturik egin gabe hilezkortasuna lortzeko aukera zabaltzen zaigu.
Ian Pearson , British Telecommunications-eko Etorkizuneko unitatearen zuzendariak esan du: 2050 urtean zerebro eta burmuin osoak ordenagailu batetik jaitsi ahal izango ditugu.
Hori bai, 2050 urtean aukera hori bakarrik aberatsen esku izango da. Cyber-hilezkorrak izateko, pobreek 2075 edo 2080 urterarte itxaron beharko dugu. Ordurarte bizirik irautea baino ez dugu!
Gehiago jakiteko:
Ian Pearson-en etorkizunaren gida
Elkarrizketa BBC-an Ian Parsonekin
Albistea beste medio batzuetan:
Liburutegi infinitoak
IFTF's Future Now blogean irakurtzen dut Tech Review liburutegi infinitoa (The Infinite Library) izeneko artikulua dakarrela.
Eleberri baten izenburua dirudi, baina gero eta gertuago dugun errealitateari buruz ari dira artikuluan. Gure ordenagailuetatik liburutegi askorekin konektatuak egon gaitezke. Era berean, liburutegi askok elkarlotuak egon daitezke, gure ordenagailuetatik liburutegi horietako testu osoko liburuak kontsultatu ahal izango ditugu, gure ordenagailutik kontsultatzen dugun liburutegia ia infinitoa eginez.
Ekimenak martxan daude, artikuluan Sir Thomas Bodley-ek Oxford-en lehen unibertsitate liburutegia, Oxford Unibertsitateko Bodleian Library, finantziatu zuela 400 urte betetzen diren honetan, adibide bezala ipintzen dute. Digitalizazio prozesuei esker, XI mendetik XVII mendera doazen eskuizkribuak kontsultatu ditzakegu gure ordenagailuetatik. Eskuizkribu eta irudi bitxiak. Eskubiko honetan, medikuntzarako eskuizkribu lagungarria XII mendean.
Gainera, aukerak gero eta zabalagoak izango ditugu. Berdin, kontsultatuko ditugu XI mendeko eskuizkribuak edo azken generazioko makina-erremintaren kontrola eta funtzionamendurako dokumentazio teknikoa eta bideoak.
Baina digitalizazio prozesuaren onurak jasotzeko, lehen inbertsio bat egin behar da. Artikuluaren arabera, inbertsio horren kostearen estimazioa honako hau da: bataz beste 30 minutu liburu bakoitzeko eta liburu bakoitzeko 10 dolar (hau da 8 euro ggb). Beheko taulan ikus daitezke hainbat AEB-etako liburutegi handietarako egindako aurreikuspenak.
Guztira ez dakit zenbat diren, baina 1977-1994 tartean 10.248 liburu argitaratu ziren euskaraz. Guztiak digitalizatzea, amerikanoen kalkulu estandarren arabera, 102.248 dolar edo 81.984 euro. Grafikoan ikusten direnekin konparatuz, ez dirudi asko. Gainera, elkartrukaketa eta erreproduzio arauak ondo antolatuz, argitalpen bat behin digitalizatzea nahikoa litzateke.
Mapa berriak globalizazio garairako
The International Network Archive , Princeton University famatuaren inguruan biltzen den aditu eta akademikoen elkartea da. Miguel A. Centeno Yale-ko soziologoak hasi zuen.
Orokorki, INA - International Network Archive delako horretan, datorkigun etorkizun globalean geografia erabili ezinezkoa izango dela uste dute eta ondorioz, toki batetik bestera ematen diren interakzio globaletan oinarrituta, mapen bitartez gure mundua hobeto ulertzeko moduak asmatzen ari dira. Argitalpenak , Datu artxibo interesgarriak , loturak kolaboratzaile, lanerako software libreekin eta argitalpen gehiagorekin dituzte.
Gainera, Infographics izeneko mapen proiektua martxan dute eta atzean dagoena, Jonathan Harris da, Flaming Toast delakoaren fundatzailea. Bere mapifikazio lana 2006 urterako amaitzea nahi dute.
Orain arte egindako mapa batzuk: Choose your weapon, Armei buruz , SSSmokin, Tabakoari buruz , Red Tape, Administrazioari buruz , ...
Garraioei dagokionez, ez nekien bizikleta dela munduan gehien erabiltzen den ibilgailua .
Z + blog bidez
Lanaren Etorkizuna eta Etorkizuneko Lana
EHU-k urtero antolazten dituen Uda Ikastaroen barnean, Lanaren Etorkizuna eta Etorkizuneko Lana aztertuko duen Uda Eskola antolatu da.
Uda Eskola Mik-eko Igor Calzada-ren zuzendaritzapean dago eta lanaren inguruko aurreikuspenak, hausnarketak, kontzeptualizazioak, joerak, baldintzak, ondorioak edo etorkizunerako eszenategiak aztertzeaz gain, berrikuntza bezala, beste toki batzuetan normalak diren, lanaren etorkizuna eta lana etorkizunean gaiaren inguruko Saiakera Lehiaketa antolatu da.
Saikera lehiaketan parte hartzeko izena eman eta saiakera bidaltzea baino ez dago. Lau hizkuntza onartzen dira eta baldintzak hemen daude
Duela urte batzuk, 1995-1996ean, Ramon Jauregi Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburua eta Francisco Egea Ekonomia Sailburuordea zirelarik, mundu mailan puntako jendea ekarriz, gure artean lanaren etorkizuna eta lanaren banaketari buruzko saiakerak egin ziren. Izan ere, Jauregui berak lanaren etorkizunari buruz, 1997 urtean Universidad Complutense de Madrid delakoak El Escorial-en antolatzen duen Uda Ikastaroetan parte hartu zuen .
Baina, nik dakidanez, azken boladan, etorkizuneko lanari buruz eta gaur eguneko lanaren kalitateari buruz uste baino gutxiago pentsatzen eta hausnartzen dihardugu. Beraz, ongi etorria Uda Eskola hau.
Etorkizuneko aldizkarien azalak
Magazine Publishers of America delakoak, XXII mendeko aldizkari azalak argitaratu ditu.
Aldizkari famatu askoren azalak - Time, BusinessWeek, Cosmopolitan, Fortune, Parents, Reader's Digest, Entertainment, Travel + Leisure, Car and Driver, ... -, XXII mendean nolakoak izan daitezkeen ikusteko aukera eskeintzen digu.
Bitxia eta interesgarria bai aldizkari azalak, bai artikulu nagusiak. Hona hemen adibide batzuk:
- Haurdunaldia 75rekin. Arriskuak eta onurak (Parents, maiatzak 2105)
- Espazio-yologia, Hollywood-eko erligioa edo kultoa? (People, 2105-11-23)
- Quantum travel. Profitatu neguko eta udako oporrak batera (Travel + Leisure, Ekainak 2105)
- Marte 100 aurkikuntza ederrenak. (Reader's Digest. Maiatzak 2105)
Azalaren indarra aipatu du Joxe Aranzabalek, etorkizuneko beste azal hauek gogoratu dizkidate, eta egunero jende askok egunkari, aldizkari, liburu, ekitaldi, ... azalak prestatzen sekulako lana egiten duela konturatu naiz.
Blogak, zelata sistemak eta adimen ekonomikoa
Blogak eta prospektibarekin hain lotuta dauden zelata sistemak, zelata teknologikoa edo adimen ekonomikoaren ("Intelligence économique" edo "Business Intelligence") inguruan teoria, tesiak eta praktika berriak sortzen hasi dira.
Gaur Frantziako CNRS, hau da Frantziako ikerkuntza erakunde nagusiaren archivesic tresna interesgarriaren webgunean Weblogs : un nouveau paradigme pour les systemes d'information et la diffusion de connaissances ? , Applications et cas d'usage en contexte de veille et d'intelligence economique. izeneko dokumentua aurkitu dut.
Sistematizazioa eta kontzeptualizazioa egiten duen neurrian, dokumentu interesantea da, bai prospektibaren ikuspegitik bai informazioaren arkitekturaren ikuspegitik, bai ezagueraren kudeaketaren ikuspegitik. Egilearen iritziz, Olivier Ertzscheid, zelata prozesuei weblogek egiten dizkieten ekarpen kualitatibo eta kuantitatiboak kontutan hartzekoak dira.
Baina ez bakarrik teoriak, praktikak ere ugaritzen hasi dira: joan zen astean, La Gacela de Wirayut blog interesgarrian espainolez TodoBi izeneko bloga iragarri zuten . Aurkezpenean diotenez, Business Intelligence, DataWarehouse, CRM, Cuadros de mando, Balance Scorecard eta beste gai batzuen inguruan egunean egon nahi dutenentzat.
Joan zen hilean, antzerako gaietara (Intelligence Économique ) zuzenduko den Grupie izeneko bloga hasi zuten Parisko Ecole de bibliothecaires Documentalistes delakoaren lehen mailako ikasleek. Gogor hasi dira gazte hauek. Lastima bloga ekainean itxiko dutela iragartzea .
Jules Verne: Alegiazko egiak
Aurreko mezu batean duela 100 urte Jules Verne hil zela esaten genuen eta Javier Armentia-ren Entre La Ciencia Y La Ficcion izeneko artikulua gomendatzen genuen.
Jules Verne idazlearen heriotzaren mendeurrena betetzen den urte honetan, asteazkenean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Jules Verne: Alegiazko egiak, lurraren erdigunetik Verneren eleberrietara izeneko erakusketa zabaldu da. Webgunean bisitara animatzeko informazioa ipini dute:
Erakusketak ibilbide bat eskaini nahi du frantziar idazlearen fikziozko munduetan barrena, guztiak Enigma kontzeptu bateratzailean bilduta; Verneren munduan murgiltzea galdera batean sartzea da, hain zuzen ere iristerik ez daukagun horretan, ezinezkoan, ezkutukoan, gordetakoan erantzuna jasotzea eskatzen duen galderan.
*Ez da kasualitatea Julio Verneren eleberri asko Bidaia lurraren erdigunera, Jangada, Grant kapitainaren seme-alabak, Cynthiako naufrago txikia- hastea edo erabakitzea mezu sekretu baten bidez, errealitatearen giltza ezkutatzen duen kriptograma ulertezin baten bidez.*
Lehen Silicon Valley, etorkizunean Asia
Behin baino gehiagotan aipatu da blog honetan datozen urteetan Asiak, eta batez ere Txinak, izan dezakeen hazkunde eta garapena.
Irakurri dudanez , The Wall Street Journal-en iritziz, duela urte batzuk Silicon Valley-era jotzen zuten bezala, gaur egun ikasle aurreratuak eta profesional gazteek Asiarantz jotzen dute.
"Los jóvenes profesionales, que antes miraban a Silicon Valley en busca de oportunidades, se vuelcan actualmente en mayor medida para trabajar en Asia." (...) "la creencia es que los conocimientos sobre Asia, especialmente China, pueden ayudar a impulsar sus carreras. Otro atractivo, en especial para los de tipo emprendedor, es la oportunidad de unirse a un negocio cuando empieza y potencialmente ganar grandes sumas o ascender rápidamente en una compañía".
Duela urte batzuk, ikasi nahiean eta CodeSyntax sortu aurretik, California-n, Silicon Valley aldian ibili ginen. Dirudienez, gaur egun Asia aldera jo beharko genukeen.
Argazkian Luistxo, Eneko eta Gari Silicon Valley-en, Oracle erraldoiaren eraikuntzak atzean ditugularik