Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba / Serendipity, edo aurkikuntzak egiteko artea

Serendipity, edo aurkikuntzak egiteko artea

Eneko Astigarraga 2005/05/27 00:52

Duela gutxi, Xabier Mendigurenen Egunen Harian blogean Serendipity hitza aipatzen zen . Kontzeptu erakargarria iruditzen zait eta inoiz erabili izan dudan hitza da.

Outils Froids blogean aipatzen zutelako, gaur otsaileko Robotique, vie artificielle, realite virtuelle aldizkarian, gaiari buruzko Pek van Andel holandarraren artikulua ikusi dut: "Sérendipité, ou de l'art de faire des trouvailles", Serendipitia, edo aurkikuntzak egiteko artea. Printzipioz, gai garrantzitsua eta erakargarria ikerketa mundurako.

Horrela, ez da harritzekoa Groningue Unibertsitateko Pek van Andel bezalako ikertzaile batek gaiataz arduratzea - munduko Serendipity bilduma handiena omen dauka-, edota artiluaren sarreran aipatzen denez, Holandan serendipitiologiataz berba egitea.

Serendepitia espero ez duzuna aurkitu, inbentatu edo sortzeko artea da. Serendipity hitza duela 251 urte sortu zen eta Serendip-eko (Sri Lanka-ren antzinako izena) erregearen hiru semeen historia polit batekin zerikusia du.

Serendipity hitza 1754 urteko urtarrilaren 28an sortu zen. Gutun batean, Serendipeko hiru printzeen abilezia definitzeko Horace Walpole-k erabili zuen lehen aldiz. Espainolez, "serendipia" erabiltzen dute eta frantsesez "sérendipité", baina ez dut uste akademiek esan dutenik hitza zuzen nola erabili behar den.

Kontua da, arteologia bezala, berriro apur bat modan jarri dela. Pek van Andel-ek bere serendipity bildumatik ondoriatutako hamar puntu politak eskaintzen ditu artikuluan.

Esate baterako, kimika, fisika, geologia, medikuntza, astronomia, ... bezalako zientzia esperimentaletan serendipity adibideak maiztasun handia dutela; ikerkuntza sistematikoa eta serendipitia ez direla elkar baztertzen, elkar osotu egiten direla, eta beste esateko interesgarri asko daude "Serendipite, ou de l'art de faire des trouvailles artikuluan.

Pek van Andel-en adibideen arabera, sistema adituak adituen laguntzarako dira, baina ezin dituzte ordezkatu eta, zorionez, ikerketetan sakontzen dugun neurrian agertzen dira bilatu ez ditugun arazoak.

Van Andel-en esanetan, aurkikuntzataz ari gara zeozer berria eta egiazkoa (zientzia), berria eta erabilgaria (teknika) edo berria eta liluragarria (artea) sortarazteko bi edo gehiago elementu jakinak ikertzailearen begien aurrean originalki konbinatu edo elkartu egiten direnean.

Bidebatez, iaz, Princeton University Press-ek Robert K. Merton zientziaren soziologo famatuak eta Elinor Barber-ek, 1958 urtean idatzitako The Travels and Adventures of Serendipity: A Study in Sociological Semantics and the Sociology of Science liburua lehen aldiz argitaratu dutela jakin izan dut.

Ez nekien soziologia serendipity-arekin lotzen zela Merton-en bitartez: hau aurkikuntza!

etiketak: Bitxikeriak, Joerak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.