Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Unibertsitateen rola gizarte aldaketan

Eneko Astigarraga 2005/06/08 09:35

Izenburuagatik behinik behin, gai garrantzitsua jorratzen duen proiektua aurkitu dut sarean The Role of Universities in the Transformation of Societies, edo Unibertsitateen rola gizarteen aldaketan.

Proiektua lurralde azpigaratuei mugatzen da, hegoaldeko Afrika, erdi eta ekialdeko Europa eta Latin Amerikako zenbait kasu aztertuz. Aztertutako lurralde bakoitzari dagokion dokumentu ugari sortu eta sareratu dituzte.

UK Open University-ko The Centre for Higher Education Research and Information (CHERI ) eta the Association of Commonwealth Universities (ACU ) bideratu dute proiektua, Rockefeller, Soros eta Stint Fundazioen finantziatziorekin.

Garrantzi handia dute Unibertsitateek lurralde azpigaratuetan, baina etorkizunari begira lurralde garatuetan ere, ezagueraren gizarte delako honetan, Unibertsitateek gizarte aldaketan edo egonkortasunean duten jokaera berraztertzea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Bitxikeri bezela: sarritan Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU, UPV aldetik Universitat Politecnica de Valencia-rekin (www.upv.es ) konfunditzen da, baina gaur jakin dut, ikerketa horretan aztertua izan delako, EHU aldetik urrutiago dagoen Bielorrusiako EHU European Humanities University-rekin (www.ehu.by ) konfunditua daitekela.

2025 Le Futur en face. Etorkizuna aurrean

Eneko Astigarraga 2005/06/07 11:11

Gaur arratsalderako, France 2 Telebistan 2025 etorkizuna aurrean, 2025 Le Futur en face filma dago iragarrita.

Filmaren grabaketari buruzko informazioa eta filma egiteko WWF - World Wildlife Fund edo Naturaren babeserako mundu erakundetik izan den aholkularitza aipatzen da France 2-ren webgunean.

Filmaren ostean, Jean-Luc Delarue aurkezleak zuzendutako eztabaida izango da filmak jorratzen dituen hiru gai hauen inguruan:

  • Aldaketa edo beroketa klimatikoa eta ondorioak (le réchauffement climatique et ses conséquences)
  • Ingugiroarekin zerikusia duten gaixotasunak edo pandemiak (les maladies dites environnementales)
  • Etorkizuneko teknologiak (les technologies du futur)

Christophe Janin filmaren egileak dioen moduan, 2025ean jakingo dugu arrazoia duten edo ez :-)

Robotak dantzan

Eneko Astigarraga 2005/06/06 12:22

Inork ez duela zurekin dantzatu nahi? edo, herriko Larrain Dantzara jende gutxi animatzen dela? Bada, ez kezkatu: ipini itzazu robot-ak dantzan.

Tohoku University -ko Bioingenieria eta Robotika saileko ikertzaileek dantzan egiteko kapaza den Partner Ballroom Dance Robot izeneko robota garatu dute. Bikotea norantz mugitu behar den aurreikusten du.

Momentuz robotek emakume aurpegia dute, bi koloretan baino ez daude, baina gona azpian izkutuan dituen sensoreei esker zentzu guztietan mugitzen dira.

Laster, zergaitik ez, sentsore txikiagoak eta arinagoak asmatuko direnez, agian gizonezkoak, emakumezkoak eta robotak ikusiko ahal izango ditugu euskal dantzetan .

Robot dantzariei buruz gehiago jakiteko: Baku Today

Wirelessa, Software Librea eta enpresa

Eneko Astigarraga 2005/06/05 23:29

Ostegunean, ekainaren 2an, Zamudion Wirelessa, Software Librea eta enpresa jorratzen zuen jardunaldian egon nintzen.

Hasieran Pablo Garaizar, txipi , Deustuko irakasleak eta Jose Ignacio Sanchez, topo LB , adituek, Teknologia eredua: wireless eta software librea izenpean aritu ziren wireless eta sareen segurtasunaren inguran. Oso prestatuak eta gaiarekin inplikatuak ikusi nituen biak. Hitzaldi teknikoa izan zen eta ez nuen larregi ulertu, baina ondorio gisa sareekin fidatu gabe segurtasuna zurekin eraman behar duzula eta horretarako software libreko soluzioak egokienak direla atara nuen.

Gero Madrileko Daniel Martinez Ponce, Radionet enpresakoa, wireless eremuan lan egiten duenak, bere esperientzia kontatu zuen wirelesseko software libreko soluzioekin. Barneko wirelessetan ia dena asmatuta dagoela esan zuen, baina kanpoko edo kaleko wirelessean asko egitear dagoela esan zuen, lanerako eremu handia dagoela aipatu zuen behin eta berriro.

Azkenik, Ricardo Galli Illes Balears Unibertsitateko irakasleak Software Librea enpresan izan zuen mintzagai. Aurkezpena eta komentarioak bere blogean daude , eskuragarri.

Oso interesgarria iruditu zitzaidan aurkezpena. Software librearen inguruan eman zuen ikuspegi orokorra eta software librearen eredu ekonomiko orokorraren inguruan egin zuen hausnarketa. Izan ere, hemendik pare bat astetara beste jardunaldi batean antzerako gaia jorratu behar dut eta oso baliogarria egingo zait ostegunean entzun eta ikasitakoa. Beharbada enpreseei begira praktikotasunari denbora gehiago eskeini behar zion Gallik, software librea enpresetarako soluzio lehiakorrak ematen dituela eta etorkizunari begira apostu irabazlea dela aipatuz, baina egia esan, 40 minututan ezin da dena aipatu.

Azken boladan enpresa digital ekimenean antolatzen ari diren jardunaldiak eskertzekoak dira, oso interesgarriak gehienetan.

Biobar

Eneko Astigarraga 2005/06/02 13:29

World Changing another world is here blogean irakurri dut geek bioteknologiko totala izateko, ezinbestean Biobar (biobar.mozdev.org ) Mozilla navigatzailearentzat atera duten plugin-a gehitu behar duzula.

Izan ere, akzesoa izango duzu 38 database biologiko ezberdinei. Hemen dago zerrenda .

Gorbatak kanpora Japonen

Eneko Astigarraga 2005/06/01 18:06

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izateko bost egun falta direnean, energia aurrezteko Koizumi Lehen Ministro Japoniarra alkondara hutsean ikusi dugu.

Kyoto-ko protokoloa betetzen laguntzeko, uda osoan lanera traje eta gorbata barik joateko erabakia hartu du Japoniar Gobernuak. Bero gutxiago jasatzerakoan, bulegoetako aire girotuan, beraz energia, asko aurreztuko omen dute.

Dirudienez, petrolioaren lehen krisialdian antzerako erabakia hartu zuten. Ez dago gaizki, seguruenez janzteko era informala erosoagoa da eta horregatik AEBetan ostiraletan Casual Friday delakoa aplikatzen dute.

Bitxia Cool Biz deitzen duten inguruko albiste hau, baina, egia esan, seguru Kyotoko protokoloa betetzearen aldeko funtzeskoagoak diren gauzak egin daitezkela Japonian.

Argazkia EFE agentziarena da

Pays Basque 2010

Eneko Astigarraga 2005/05/30 21:27

Asteazkenean, ekainak 1, Ecole de Paris du management delakoan: Projets de territoires, du Pays Basque aux Pyrenees-Atlantiques jardunaldia antolatu dute.

Bertan, Bernard DARRETCHE, Garapen Kontseiluko Lehendakaria eta Baionako Bazkundearen Zuzendaria, eta Jean-Jacques LASSERRE Pyrénées-Atlantiques Kontseilu Orokorreko Lehendakariak, azalduko dute, 1992 urtean Pays Basque 2010 hausnarketa prospektiboaren ondoren Garapen Kontseiluan egindako lanak eta esperientzia Pyrénées-Atlantiques departamentura zabaltzeko aukerak eta erronkak.

Michel Godet eta François Bourse-ren eskutik, duela hamairu urte, garaiko Baionako subprefeta gazteak bultzatutako Pays Basque 2010 lanaren hausnarketa saio batzuetan parte hartzeko aukera izan nuen Donapaleun eta, gaur bezala orduan ere, askoren asmoa ez zen Garapen Kontseilu soila lortzea, Iparralderako Departamentua baizik.

Iaz argitaratu zen berriro PAYS BASQUE 2010. La prospective participative dans un territoire d'exception izenburu erakargarriko txostena eta eskuragarri dago hemen .pdf formatoan (adi! .pdf astuna: 2.954 KB). Txostenak 103 orrialde ditu, Marc Mousli irakasleak idatzi du eta Cahiers du LIPSOR - LIPSOR Working Papers bilduman argitaratu da.

Prospektiba txostenean, retrospektiba eginez, dokumentuan Departametuaren afera argi ageri da: DEUXIEME PARTIE : LES INSTITUTIONS. LA QUESTION RECURRENTE DU DEPARTEMENT eta 19. orrialdetik aurrera aurkitu daiteke. 1790 urtetik, Conseil General esan beharrean Parlement de Navarre esaten zenetik, datorren eskaera. Ametsa oraindik.

Pariseraino Darretche eta Lasserre-ren mintzaldia entzutera joan beharrean, Internetari esker dagoeneko Pays Basque 2010. La prospective participative dans un territoire d'exception txostena irakurtzeko aukera dugu.

Roadcasting: irrati mota berria

Eneko Astigarraga 2005/05/30 08:30

Carnegie Melon Unibertsitateko Masters in Human Computer Interaction delakoaren ikertzaile gazte batzuek, auto-etxe baten eskaerari erantzunez 2010 urtean merkaturatzeko kotxeen aisialdirako ekipamendu aplikazio berritzaile hau egin dute: Roadcasting izeneko irrati mota berria.

Irrati sistema berri honekin, gutariko autogidari garen edozeinek, bere irrati estazioa sor dezake autoan.

Antza denez, Roadcasting sistema honek kotxetik, 30 mila edo 50 kilometrotako inguru batean, gure musika edo grabaketak zabaltzea bideratzen du, sistema tekniko berdina duten kotxe sarearen bitartez. Diseinua hemen .

Erabiltzaileek bere musika autatu dezakete, edo beste autogidarien musika selekzioa jarraitu eta botoi bat sakatuz hitz egin dezakete.

Hau da, ulertzen dudanagatik, sistema honekin irrati estazio mugikorra naiz: nere musika selekzioa entzuten eta, era berean, banatzen noa, 50 kilometrotako inguru horretan. Gainera, Malmasineko tunelera ailegatzerakoan, "Talk" botoia sakatuz , abisatu dezaket atasku edo butxadura demasa dagoela, txingorra ari duela edo istripua izan dela. Norbait nere emisioa entzuten badoa, nere musika entzuteaz gain, nik esanda Malmasinen ataskoa dagoela edo beste edozertaz enteratuko da.

Bi kontzeptu bateratzen ditu Roadcasting izeneko irrati mota berri honek: mugikortasuna, kotxea bera da emisora, eta kolaborazioa, hau da, sistema tekniko berdina duten kotxe sarean, banatu eta jaso dezaket musika, grabazio edo berriketak.

Agian teknikoki oso berritzailea da, eta etorkizuneko kotxe guztietan fabrikatik ekarriko dute horrelako sistemaren bat. Ezagutzen ditugun aurkikuntzak nahasten ditu, baina kontzeptualki ez zait iruditzen saltzen duten bezain berritzailea denik. Baina agian arrakasta handia du, nork daki. Kodea behintzat, edozeinek jeisteko moduan ipini dute.

Smart Mobs The next social Revolution.

Frantziarrek ezetz esan diote Europar Konstituzioari, eta orain?

Eneko Astigarraga 2005/05/29 23:46

Ordu honetan ez dago oraindik emaitza ofizialik, baina IPSOS, CSA edo Sofres etxeek egindako sondeoen arabera, %56arekin Ezetzak irabazi egin du.

Frantziako egunkarietan jarraitu daiteke albistea: Le Monde La France rejette nettement le traite constitutionnel, Liberation Un non ecrasant, Le Figaro Le non historique du 29 mai, Soud Ouest Pour les Francais, c'est NON , L'Humanite ez dago sarean eguneratua, baina beste toki batean irakurri dudanez, Europe liberale: c'est non! eramango du azalean, Les Echos Large victoire du non au referendum , eta abar.

Chirac-en dimisioa eskatzen ari dira batzuk, Europar batasunerako B plana ote dagoen galdetzen dute beste batzuk, ezetza esaten duten estaturik gabe edo, Holandan ezetzaren garaipena espero dute analistek edo Blair-ek Britaina Handian ez duela egingo erreferendum-ik..., bitartean ezetzaren aldekoak nahasian garaipena Bastillen ospatzen daude .

Iparraldean (bon, Pyrénées-Atlantiques-etan, momentuz datuak bateratuak bait daude) ezetzak irabazi egin du baina gutxiagotik, %52-%48.

Bitartean, Giscard d'Estaing-ek zera esan zuen larunbateko Le Figaro-n Il n'y aura pas d'autre solution que de revoter si le non l'emporte... Berriro bozkatu beharko dela.

Baliteke, agian bigarren aukera bat izango da Frantzian, edo Europar Batasunak aurrera egingo Frantziarik gabe, edo beste 5 edo 10 urte itxaron beharko dugu beste Europar Konstituzio bat adostu eta onartu arte, epe laburrera edo luzerako eszenategiak, guztiak irekiak, nik uste,

Baina, baietzak zentesima batengatik irabazi izan balu, demagun %50,01a baietzaren alde, Europako Konstituzioa onartua izango litzateke. Ez onartua izan den bezala Frantziako ezetzen %55 edo %56arekin.

Orduan, zergaitik eskatzen dira %51etik gorako gehiengoak beste erreferendum hipotetikoetan?

Marrazkia Jochen Gerner Liberation-en

Marketing online: joerak

Eneko Astigarraga 2005/05/28 00:05

Auna Fundazioaren Notas de Analisis y Prospectiva argitalpen sortan, El Marketing on-line izeneko dokumentua kaleratu dute. Dokumentua ez da apartekoa, lau orrialde baino ez dira, baina marketing online-aren joeren laburpen modura balio dezake.

Eskuragarri dago .pdf formatoan (adi .pdf 445 KB).

Ikerketen arabera, edozein sektoretan marketing onlinek erosteko intentzioa 5 puntutan hobetzen du eta web orrialdeak dira kontsumitzaileek gehien erabiltzen dituzten informazio iturriak produktu edo zerbitzu bat erosi baino lehen. Normalean, bilaketa motoreak erabiliz.

Etorkizunari begira, on-line egiten den publizitate inbertsioa eta on-line egindako marketina gorantz egingo dute, zalantzarik gabe.

Azpian txostenetik ateratako grafiko batzuek:


Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.