Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Skype debekatuta Frantziako Unibertsitateetan

Eneko Astigarraga 2005/10/05 02:37

Egun hauetan, Frantziako ZDNet.fr edo Yahoo.fr bezalako albistegitean irakurri dugu albistea : segurtasun arrazoiengatik Ministeritzak Skype logizielaren erabilera debekatu egin du Frantziako Unibertsitateetan.

Ondorioz, Frantziako Unibertsitate edo Ikerketa Zentru guztietatik desagertu behar du:

"Skype doit disparaître des postes de bureau dans les laboratoires, les administrations des universités, les centres de recherches et les écoles supérieures."

Hori dela eta, URFIST (Unité Régionale de Formation à l'Information Scientifique et Technique) delakoaren Urfist.Info blogean, arrazoia segurtasuna bada ea zergaitik ez duten beste aplikazio batzuk debekatzen galdetzen dute.

Zergaitik ez pentsatu Windows-en? diote Urfist-en.

Zerikusia izango du France Telecom-ek?

Eibartarren ahotan, etorkizunerako artxiboa Interneten.

Eneko Astigarraga 2005/10/01 23:17

Interneten eskuragarri ipini berri diren Eibartarren ahotan proiektuaren emaitza batzuk aurkeztu ziren atzo arratsaldean.

Proiektuaren helburua Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak grabatu eta bideoz jasotzea.

Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Izugarrizko lan sistematikoa eta antolatua egiten dihardute 1999 urtetik, besteak beste Asier Sarasua lankideak eta Itziar Alberdi-k. Aurkezpenean, era batean edo bestean ikerketan parte hartu duten Bego Azpiri, Jose Valderrey eta beste batzuk zeuden. Txalotzekoa guztien lana.

CodeSyntaxetik Interneteko sarbidea eta artxiboaren erabilpena errazten saiatu gara: datu basea, bilaketak, nabegazioa, Interneterako diseinua, ...

Eibartarren ahotan Interneten

Internetari begira, lan txukuna geratu dela iruditzen zait, baina benetako ondarea grabaketak eta bideoak dira. Lekukoen hitza jaso duten grabaketek.

Eibartarren ahotan artxiboak balorea handia du gaur egun, baina handiago izango du hemendik urte batzuetara. Atzoko aurkezpenean Itziar Alberdik ondo azaldu zuen bezala, ez bakarrik hizkuntzalaritzatik begiratuta, XX mendearen hasieran eibarko euskalkia jasotzen duelako, era berean, ahozko artxiboak balore etnografiko, historiko, soziologiko, ... handia duelako.

Otxabiña, elkarrizketatuen zerranda luzean ageri den eibarko militante komunista euskaldun historikoa hil da aste honetan . . Eibartarren zerredan aipatu da : Zahar bat hiltzen jakun bakotxian, memorixa zati bat juaten jaku. .

Proiektuaren inguruan Asierrek esaten duen bezala, hauen testigantzak orain ez baditugu grabatzen eta gordetzen, aurrerago ez dugu izango horretarako aukerarik: hau da garaia.

The Ubuntu Experience. Mark Shuttleworth Gasteizen

Eneko Astigarraga 2005/10/01 20:32

Mark Shuttleworth , Hego Afrikako ekintzaile, espazioko bigarren turista eta Sotware Librearen mezenas da. Ostegunean, urriak 6an, Araba Enpresa Digitalak Miñaoko Parke Teknologikoan antolatu duen hitzaldian egongo da.

Duela ia 10 urte, 1996. urtean, Shuttleworth-ek Thawte enpresa garajean sortu zuen, ziurtagiri digitaletan eta Interneteko segurtasunean espezializatutakoa.

Beranduago, 1999. urtean, Verisign enpresak Thawte erosi zuen.

Lortutako etekinekin HBD Venture Capital , negozio eta arrisku kapitaleko hazitegia, eta Shuttleworth Fundazioa , - Hego Afrikako gizarte-berrikuntzan eta hezkuntza-proiektuetan aritzen zen irabazi asmorik gabeko erakundea - sortu zituen.

Lehen afrikarra espazioan?

Shuttleworthek mundu mailako ospea lortu zuen 2002ko apirilaren 25ean, historiaren bigarren kosmonauta zibila eta, kroniken arabera, espazioan izandako lehen afrikarra izan baitzen.

Baina, eztabaida dago puntu honetan, Wikipedian irakurri daitekenez batzuen iritziaren arabera, Kamerunen jaiotako Patrick Baudry , Kamerun frantziako kolonia zenean, kontsidera daiteke lehen kosmonauta afrikarra moduan. Beste batzuk, aldiz, Baudryk beti nazionalitate frantziarra izan duela diote eta ezin dela lehen kosmonauta afrikarra izan.

Dena dela, urtebete entrenatzen ibili ondoren, Soyuz TM-34-ren barruan Nazioarteko Estazio Espazialera heldu zen Shuttleworth.

Hantxe zortzi egunean IHESA, genoma eta beste gairi buruzko zenbait esperimentutan parte hartu zuen.

Software librearen bultzatzailea

Shuttleworth 90eko hamarkadatik Linux Debian-eko banaketaren garatzaile bat izan zen, eta 2004ean Software Librearen mundura itzuli zen Linux-aren garapenari eta hedapenari ekin zion; Ubuntu izeneko proiektuaren bidez.

Doan eta erraz erabiltzeko modukoa zen. Orain dela gutxi Ubuntu Fundazioa sortu du eta hasieran 10 miloi dolar inbertitu ditu horren garapen eta euskarrirako.

Ubuntu-rekin (Linux for Human Beings), hizkuntza anitzeko eta plataforma anitzeko Linux erraz eta doan baten erabilera komunitate guztiei zabaltzea zuen helburu.

Markek Ubuntu proiektuaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz hitz egingo du, ostegunean, urriak 6, 12.00etatik 13:30etara, Arabako Teknologi Parkean, Miñaon.

Gizartean, eta bereziki enpresen eremuan, Software Libre-ak zer nolako abantaila eta aplikazio dituen ere azalduko ditu, eta beste ekintzaile batzuentzat Software Librean oinarritutako negozio-eredu batzuk ere erakutsiko ditu. Guzti hau, Araba Enpresa Digitalak antolatu duen hitzaldian.

Seguru gauza interesgarriak dituela esateko, ni behintzat han izango naiz entzuteko eta ikasteko. Gainera, egun berean, duela gutxi martxan ipini dugun eta Software Librearekin zerikusia duen proiektu baten aurkezpena egingo dugu Miñaon.

Nahi duzu Europako Teknologia Instituto bat?

Eneko Astigarraga 2005/09/28 22:34

Europako ikerkuntzaren lehiakortasuna Ipar Amerika eta Asiaren aurrean mantendu nahiean, Komisioak Europako Teknologia Institutoa sortu nahi du.

Cordis ikerketa buletinak jasotzen duen bezala , AEB-n MIT (Massachusetts Institute of Technology) zentroa dagoen bezala, Europan EIT (European Institute of Technology) ikerketa zentroa izan behar genuela bota zuen Barrosok joan zen otsaileko bilera batean.

Eurodiputatu batzuk Strasburg-en bertan izan behar zuela zioten, baina nolakoa, zein eremu, zein egitura,... izan behar duen jakiteko, galdekizuna ireki da duela gutxi Europako Komisioaren webgunean .

Iritzia eman nahi baduzu, hemen duzu galdeketarako Europar Komisioak ireki duen orria: European Institute of Technology Consultation

Lau galdera nagusi dituen galdetegian zuzenean erantzuteko aukera dago

Emaitzak 2006 urtearen hasieran argitaratuko omen dituzte. Erantzunen arabera erabakiko da proiektua aurrera eraman edo ez, eta nola.

ProspecTIC 2010 - Joerak eta erronka teknologikoak

Eneko Astigarraga 2005/09/22 17:51

FING Foundation Internet Nouvelle generation delakoak, IKT-en etorkizunari buruzko ikerketa prospektibo-teknologikoa egin du: ProspecTIC 2010.

Ikerketak Informazio eta Komunikazioen Teknologien norabideak aztertu nahi ditu 2010 urtearen epemugan eta IREPP (Institut de Recherches et Prospective Postales) erakundearekin batera egin da.

Txostenak pixkanaka eta mezu ezberdinetan joango dira argitaratzen, eta behin denak argitaratakoan, dena batera deskargatzeko moduan ipiniko omen dute.

Komunikazio estrategia izango da..., diot nik. Hori txostena bukatu gabe dutelako dela dio hemen aldameneko batek ...

Hilda dago dmoz?

Eneko Astigarraga 2005/09/20 01:12

¿DMOZ está muerto? galdetu du norbaitek Barrapunto bitakora espainolean eta Dmoz - Open Directory Project proiektuko world/euskara atal euskaldunarekin akordatu naiz.

Ez dakienarentzat, labur azalduta DMOZ - Open Directory Project editore bolondresen lanari esker egindako web direktorioa da. Gizakiek egindako munduko web direktorio handiena. Kreditoetan ageri den bezala, mozilla.org , ChefMoz , MusicMoz , Open-Site eta Wikipedia guneen webgune anaia.

Gaurko datuen arabera, Dmoz-ek 5 miloi webgune baino gehiago indexatuak ditu eta ia 70.000 editore bolondresak lanean edo gutxienez izena emanda ditu ( 5,148,836 sites - 69,629 editors). Beraz, datu handiak eta gende asko kolaboratzen proiektuan.

Baina, nola aldatzen diren gauzak, gaur eguneko bilatzaileak oso indartsuak dira, duela urte batzuk baino askoz ere potenteagoak, dudarik ez.

Hasiera batean, direktorioek Interneteko anabasa ordenatzeko balio zuten. Informazioa ataletan sailkatzeko. Horrela, 1998 urtean Netscape-k hasi zuen Dmoz-ODP proiektu librearekin, Yahoo-k bere direktorioarekin, eta horrela Altavista eta beste askok, bakoitzak berea egiten. Baina, bilatzaileak indartzerakoan direktorioak ez dira hain erabiliak, eta jendeak zuzenean bilatzaileetara, Googlera esango nuke nik, jotzen du, direktorioak baztertuz, edo alde batera utziz.

Hori egia izanik, nere ustez arrazoi ezberdinengatik eta ez dakit zenbat denboratarako, Dmoz-ODP garrantzitsua izaten jarraitzen du oraindik:

  • Alde batetik, Googlek (eta beste batzuk), DMOZ - Open Directory Project-eko direktorioa darabil. Esate baterako, Google Directory-ren atal euskalduna, www.google.com/Top/World/Euskara/ , Open Directory Project-eko www.dmoz.org/World/Euskara/ atal euskaldunetik ateratzen du. Konparatu biak eta berdinak direla ikusiko duzue.
  • Bestetik, Googleren emaitzetan ageri diren definizioak , kasu askotan Dmoz -ODP-tik ateratako definizioak dira. Esate baterako, Google-n Kontseilua bilatu eta ematen den definizioa The Council is bringing together all those organisations and groups whose prime aim is to encourage the normal, everyday use of the Basque language, Euskara, zuzenean Dmoz-ODPtik hartutako definizioa da.
  • Gainera, Googleren algoritmoa ezkutua bada ere, badirudi hobeto indexatzen dituela Dmoz-en jasotako webguneak.

Baina, etorkizunari begira, eragozpenak ditu:

  • Gaur egun jendeak ez ditu direktorioak erabiltzen, eta joera honek direktorioen etorkizuna baldintzatu dezake, argi eta garbi.
  • Googlek Dmoz erabiltzen zuela zabaldu zenean, webmasterrek eskaerak eta eskaerak bidaltzen zituzten Dmoz-ODPera, editore bolondresak lanez gainezka ipini arte. Bolondresak izanik, erantzuteko kapazitaterik ez genuen eduki.
  • Bestalde, webmaster batzuk editore "bolondres" giza sartu ziren dmoz-en beraien webguneak promozionatzeko asmoarekin, eta ez lan serio eta objetiboa egiteko.
  • Editoreen onarpena ondoegi funtzionatzen ez duela iruditzen zait. Ezaguneren batek izena eman du aspaldi eta ez du erantzunik jasotzen. Horrelako zerbait aipatzen da Barrapunto-n

Eta Euskal Open Directory Project-a?

Ba, geldi xamar dagoela esango nuke. Editore gutxi gaude. Azken boladan Albertok lan izugarria egin du, baina atal nagusiak, Kultura eta Ekonomia izan ezik, ez dute editorerik.

Gaudenak "editore zaharrak" gara, 1999 urtetik ni, beste batzuk nere aurretik, eta hasierako kemena galduta dugula iruditzen zait.

Dmoz-eko atal euskaldunetik sortu zen Aurki direktorioa . Baina argi dago gaur egun Aurkiren bidea askoz ere biziago dagoen euskal blogosfera jaso eta sustatzera bideratu behar dela, nahiz eta oraindik martxan egon Dmoz-ODP proiektuarekin lotura zuzena duen Aurki Bilatzailea .

Aldiz, katalanak (bai, bai, beti katalanekin konparatzen, 8 miloi hiztun dira, badakit) World/Catala atala oso bizia, ODP-ko barne foroetan ikusten da, eta osasuntsua dute, 42.415 webgune indexatuak, Euskal atalak 2.406 webgune baino ez dituen bitartean (Orain lan gehiago aurreikusten dute ODP-ko editore katalanek, dominio asko .es-etik .cat-era pasatuko direlako).

Hemen duzue hizkuntza guztien zerrenda , asko, tartean Bable edo Interlingua bezalakoak.

Ez dakit editore berririk animatuko den euskal atalerako , lan erraza da, muzu truke baina estres gabekoa. Froga egin nahi baduzue, aukeratu atal bat eta eskatu editore izatea!

(editoreen interfazea, hori bai, euskaraz dago)

Antxitxiketaren etorkizuna

Eneko Astigarraga 2005/09/12 19:30

Azken boladan banebilen berriro hasi behar nuela pentsatzen, baina Ameztiren Maratoiak narabil bloga jarraitzen berriro saltaka hasteko grina piztu zait. Eta horretan nabil. Dagoeneko, Behobia egitera ez naiz ailegatuko, baina Santurtzitik Bilborainoko edo Herri Kroserako, igual bai.

Duela 6 urte egin nuen nere azken Behobia, 1999an, eta ordutik hona, jantziak, oinetakoak eta gainontzeko parafernalia guztia dezente aldatu eta modernizatu egin dela konturatu naiz.

Esate baterako, Runners world aldizkarian ikusi dudan iragarkian argi azaltzen dute: Fusion, Running-aren etorkizuna.

Adidas eta Polar etxeek batu eta etorkizuneko jantziak eta oinetakoak asmatu dituzte : unero pultsua hartuko dizuten kamisetak, zenbat kilometro egin dituzun neurtuko dituzten zapatilak eta antxitxiketan egiten duzun bitartean, Running Computer erlojuaren antzeko aparatuak datu guztiak gorde eta nahi duzun erara, erritmoa, abiadura, bidaldia, ... erakutsiko dizkizu.

Kamiseta eta “top”-etan bihotzaren taupadak neurtzeko ohialezko sentsoreak ipiniko dituzte, zapatiletan abiadura sentsoreak eta GPS sistemak, eta eskumuturrean eraman dezakezun ordenagailu batean informazio guztia zuzenean jasoko da. www.adidas-polar.com webgunean proiektuari buruzko "info" gehiago dago.


Nere kamiseta zaharra

Momentuz daraman abiadarekin ez ditut holakoak behar, momentuz nahikoa ordu erdi baino zeozer gehiagotxo patxadaz egitearekin, baina behin martxa hartu ondoren, nor daki...

Australiatik: Smart Internet 2010

Eneko Astigarraga 2005/09/05 19:39

Australiako Swinburne University of Technology Unibertsitateak Smart Internet 2010 txostena koordinatu eta argitaratu du. Ikerketa Australiako erakunde askok parte hartzen duten Smart Internet Technology CRC (Cooperative Research Centres Programme) programaren barruan egin da.

Txosten luze hau egiterakoan ikerlari australiarrek epe muga ertain-hurbil samarra erabili dute, 2010 urtea, eta era arrunt eta garbian, hasiberri eta ikasientzat, Interneten geroari buruzko gako edo klabeeetan jarri dute arreta. Txostena hemendik (Adi 1278 KB .pdf formatoan) eskuratu daiteke.

Bukaeran, bosgarren eta azken atalean, txostengile batzuek prospektiba apurra egiten dute eta laburki bada ere, Interneten etorkizuneko irudiak (Visions of 2010) eskaintzen dizkigute: aniztasuna, mugikortasuna, eramangarritasuna, bapatekotasuna, bizitza moduak, edukiak sortzeko aukerak, ...

Hona hemen etorkizuneko irudi horien izenburuak:

  • Non-linear understanding of the world (Doug Rushkoff)
  • Mobile is key (Danah Boyd)
  • More commercial, less diversity (David Rooney)
  • A shift towards real-time interaction (Stowe Boyd)
  • Informational pressure threatens hierarchies (Mark Pesce)
  • The Internet in our pockets (Cory Doctorow)
  • Lifestyle is key (Darian Stirzaker)
  • Millions of producers (Howard Rheingold)

Etorkizuneko teknologiak: BT Technology Timeline 2006-2051

Eneko Astigarraga 2005/09/04 19:35

British Telecom-eko prospektiba arloko ikerlariek etorkizuneko teknologien kronologia (2006-2051) egin eta sarean ipini dute bi bertsiotan: bertsio interaktiboa eta bertsio klasikoa (.pdf formatoa 216 KB).

Kaleratu duten prentsa oharraren arabera (BT reveals insight into the future ), Ian Neild, Matt Bross, Ian Pearson eta bestelako kideek, gogor egin dute lan BT Technology Timeline 2006-2051 izenpean argitaratu duten teknologien zerrenda hau sortzeko. Hau da, etorkizunean gure bizitzetan eragin handia izango duten teknologien zerrenda sortzeko.

Technology Timeline delakoak era guztiko arloak ikutzen ditu: adimen artifiziala, osasuna eta medikuntza, negozioak eta hezkuntza, demografia, energia, robotika, espazioa, telekomunikazioak, garraioak eta bidaiak, ...

Gaztelerazko albiste honetan ageri dira zerrendatuta garrantzitsuenak eta Barrapunton agertu zen joan zen astean.

Hain epe luzera aurreikuspenak egiteak zenbait kritika jaso ditu, batzuk oinarri gutxi dutela diote eta beste batzuk asmakizunak baino ez direla. Askok eszeptikoak.

Nere ustez, British Telecom-eko jendeak ahalegin polita egin du gure bizitzetan eragin nagusia izan dezaketen teknologiak zeintzuk izango diren aurreikusten, eta ez da gutxi.

Seguruenez, ez dute asmatuko. Baina horrelako aurreikuspenen helburu nagusia ez da asmatzea, baizik eta horrelako teknologien hedapenak ekar dezaketen aldaketetara gure gizartea, gure hezkuntza sistema, gure ekonomia, ... prestatzen joatea eta, batez ere, horretaz hausnartzea. Beharbada, berrikuntzarako ideia berriak sortuko dira.

Gainera, errepasoa 2051ean egingo dugu ;-)

Tobin Tasa Soziala: UDF-ko Bayrou ezarketa aztertzearen alde

Eneko Astigarraga 2005/08/30 20:09

Azken urteetan, 1997 urtean Le Monde Diplomatique-n Ramonet-ek Desarmer les marches artikulua argitaratu zuenetik, Tobin Tasa aplikatzeko deia eta proposamenak egiten dabiltza globalizazioaren aurkako mugimenduak. Batez ere, Bizkaian delegaritza duen ATTAC (Association for the Taxation of financial Transactions for the Aid of Citizens) mugimenduak.

Tobin tasa - James Tobin , Yale-ko irakaslea eta Kennedy-ren aholkularia izandako ekonomilari amerikarrak proposatu zuelako -, espekulazioaren aurkako nazioarteko zerga modura planteiatu izan da eta, hasieratik kontrakoak izan arren, jende askori iruditu zaio zentzuzko proposamena dela.

Baina gaur arte behinik behin, logikoa zirudien arren, Europan izan ditugun gobernu sozialistek Tobin tasa aplikatzera, edo serioski aztertzera, ez dira inoiz ausartu.

Horregatik, Frantzian gaurko albiste nagusienetarikoa UDF-ko buruzagi, eta seguruenik 2007an Lehendakaritzarako hautagaia izango den Francois Bayrou -k Tobin tasaren alde egiteak izan da.

Honen inguruan,

  • egia da UDF alderdiaren gaztetxoen aurrean esan duela eta beti mezu erradikalagoak botatzen direla gazteen aurrean,
  • egia da Jesus Lizcanok La Tasa Tobin, mitos y realidades artikuluan argi esaten zuela: "Hoy día las formaciones políticas de derecha no deberían dejar a las de izquierda el monopolio de una medida de suma positiva como la tasa Tobin, la cual podría servir -al potenciar sustantivamente a los países menos desarrollados- para ampliar el libre comercio internacional, e impulsar, en definitiva, la Economía real frente a la Economía financiera, cuestión ésta que marcará el debate económico en este nuevo siglo, más que el clásico debate entre una economía de derechas y una economía de izquierdas",
  • eta egia da UDF -k Europar Alderdi Popularra utziz, Eusko Alderdi Jeltzalea , Romano Prodi-ren Margherita (La Margherita - Democrazia è Libertà) eta beste alderdi politiko europarrekin batera Alderdi Demokrata Europarra sortu zutela iaz, bere izaera eta demokrata-kristau ideologia indartuz,

baina, egia esan ere, orain arte sozialista frantziarrak ez badute egin, ez nuen nik espero UDF-ko buruzagi batek Tobin tasaren alde, kasu honetan langabezia eta behin-behinekotasunaren aurka, egingo zuenik. Adierazgarria, beharbada joera markatzen duen horietakoa.

Orain ikusi behar noraino ailegatzen den François Bayrou-k bere hitzaldian (107 KB .pdf formatoan) ikerketarako egin duen proposamena:

"Et je voudrais même que l’on étudie au moins pour en avoir le cœur net, l’idée d’une contribution Tobin sociale qui serait le prélèvement direct d’une fraction extrêmement faible, de l’ordre d’un millième, ou d’une fraction de millième, des sommes qui circulent dans les échanges bancaires."

"Dans un pays comme le nôtre (Frantzia), les échanges bancaires représentent des sommes en circulation considérables, de l’ordre de 70 fois le PIB, 120 000 milliards d’Euros."

Aplikatuko da inoiz? Aplikatu daiteke bakarrik Frantzian? Kapitalen mugikortasunarekiko eragina? Nola kudeatu tasa? eta beste mila galdera ... Baina, datorren tokitik datorrela, adierazpen interesgarria...

Gehiago jakiteko:

Argazkia Sipa

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.