Zumalakarregi, Ormaiztegiko txakurra?
Azkenaldixan gai batekin bueltaka ibilli naiz (eibartarrak zerrendan eta Frentes de Euzkadi foruetan, bestiak beste), handik eta hamendik galdetzen, eta punto muertora allegau naizenez, hamen ipintzen dot inbestigaziñuen oingo egoeria. Botillako mezu bat ziber-itxasuan, iñoiz iñok ezer topau edo jakingo baleu, aurkitzeko morokua izan deiñ.
Zumalakarregi Museoko arduradunei bialdutako idazki honetan laburbildu leike nere jakinnahixa:
Zumalakarregi Museoaren arduradun agurgarriei:
Oier Gorosabel dut izena, eibartarra naiz eta kontsulta bat egin nahi nizueke.
Etxean beti izan gara kontu zaharren zaleak, eta Tomas Zumalakarregi jaunaren izena agertzen zenean gure aitak beti komentario bera egiten zuen: “Ormaiztegiko txakurra!”, hau da, Eibarren hala esaten ziotela Zumalakarregiri. Ez nion garrantzi berezirik ematen, izan ere, gaztea nintzen, karlistadei buruz ezer gutxi nekien...
Hala ere, urteekin eta etxean jasotako zaletasunarengatik, XIX gizaldiari buruz gehiago ikasi dut, eta hain zuzen ere karlistek eta liberalek Eibar inguruan izan zituzten tirabiren berri izan dut. Horretara ezizen horren zergatia hobeto ulertzen dudala esan dezaket, Eibarren etsaitzat baitzuten Zumalakarregi jauna.
Hau horrela geratuko zen orain dela urtebete inguru jakin nuen gauza batengatik izan ez balitz. Kasualitatez izan nuen Bergarako ikerketa filologiko batek jasotzen duen esaera baten berri, Ormaiztegiko txakur bati buruzkoa hain zuzen ere.
"arrapar y pasar. (c). esapidea. Norbait harrapatu eta pasatu (karrera batean, adibidez) egiten denean esan ohi den esapidea. Ormaiztegiko txakurrana egin jotsak: arrapar y pasar. Esaldia osorik entzun izan da. Ez dakit nondik norakoa izango den Ormaiztegiko txakur hori".
Hiztegi gehiagotan ere agertzen dira esaera honi buruzko erreferentziak, betiere jatorri ezezagunekotzat hartzen delarik.
Gauza biak lotuz, nire susmoa da karlistadetako borrokaldiren bateko erreferentzia ilun bat ote den, gudaroste batek bestea gainditu zuenekoa, Deba ibarra inguruan beharbada (esaera hau han erabiltzen dela baitirudi). Nire inguruan galdetzen egon banaiz ere, inork ezin izan dit honen berri zehatzagorik eman, eta azken aukera bezela zuengana zuzentzen naiz, ea kasualitatez argi pizka bat eman diezadakezuen.
Eskerrikasko aldez aurretik.
Eta eurak emondako erantzunian, oingo egoeria.
Gorosabel jauna:
Sentitzen dut baina zure gutuna jaso arte ez genuen sekula "Ormaiztegiko txakurraren" berririk izan.
Ez da erraza izango aipamenik aurkitzea. Gotzon Iparragirreren liburu dokumentatuan ("Debarroko osai liberala") ez dut honi buruzko ezer aurkitu eta ez zait beste iturririk bururatzen, euskaraz ez baita apenas idatzi Karlistadei buruz.
Dena den zure kontsulta gordeko dugu eta noizpait argitzeko aukera sortzen bazaigu, jakinaren gainean jarriko zaitugu.
Mila esker zure interesagatik. Jaso ezazu gure agurrik beroena
Mikel Alberdi
Zumalakarregi Museoko Dokumentazio Zentroaren arduraduna
Erantzun honen ostian begiratutako beste detalle bat. I Karlistadan Zumalakarregik egindako ekintzen artian, bat Deskargako “Batallia” izan zan.
http://1898.mforos.com/1026883/5408844-batalla-de-descarga/
Kokapenangaittik, eta batallian ezaugarrixengaittik (horregaittik kakotxak), errezelua dakat ia ez dan hau izango esakera honen jatorri illun hori. Gatxa konfirmatzia, baiña... horra hipotesisa.