Yojimbo bat Xiberuan
Asko dosifikau juat liburua, harrapaladan irakortzeko morokua dalako eta ez nebalako nahi detalle ugarixetatik bape galtzia. Jeneralian asko gustau jatak liburua (gomendau zestanari eskertzekua), halan be, bere txatalak aparteko aittamenak merezi jittuek.
Txina eta Japoneko aldixa dok ederrena. Fondoko zarata moduan gerria dala, hanguen bizimoduan zertzeladak emoten jittuk. Gaixa sakonian ezagutzen dabenandako biharbada superfizialegi izango dok, baiña nere modukuendako oso sujerentia dok “Go” jokuan papela, maisua eta ikaslian arteko hartuemona, antziñako Japon eta gerraostekuan arteko desbardinttasunen azalpena... Handiko usaiña liburu osuan mantenduko dok, batez be Zuberoako gertakarixetan.
Liburu osua dok irakorterreza eta harixa eten barik jarraitzen dok; Iparramerikarren eta flashbacken tartiak intentsuak eta suspentsezkuak diraz; Euskalherriko txatalak, ostera, hori eta gehixago jakak. Idazlia euskaltzalia dok guztiz (ez zentzu linguistikuan, bestela) eta bertan kokatzen jittuk be umorezko kolpe onenak. Le Cagoten pertsonajia berez dok genio y figura, Pierre morroia Volvo autua gidatzen daben pasartia antologikua dok (ezagun dok idazliak halako gidari bat baiño gehixago “sufridu” zebala bere aurrian...).
Aurrekoz irakorri doten liburuan lez, hamen be idazliak “arraza” guztiendako dakaz makillakadak: amerikano-ingles-australiano hirukotiak, eslabuak, frantsesak, italianuak... zein ez. Japonesak eta euskaldunak libratzen jittuk bakarrik, eta ez guztiz: lehelenguen kasuan, “antxiñako” kultura japonesa bakarrik, gerraostekuen alienaziñuaz kejatzen; eta euskaldunen kasuan, ostera, ondo baiño hobeto bereizten jittuk “berezko” euskaldunen ezaugarrixak –sinpatikuak egitten jakozenak- eta frantses eta kristauengandik etorrittako “kontaminaziño” arbuiagarrixa (Atharratzeko tabernarixa eta aitta Xavier abarian pertsonifikauta).
Liburuan zatirik haundiña Basabürüan gertatzen dok, Etxebarre herrixan eta bortüetan. Honen barruan, espeleologixiak dakan presentzixia ez dok txikixa. Batez be bi pasarte dittuk garrantzitsuak, bata tamañuangaittik (50 pajina leza barruko esploraziñua kontatzen) eta bestia tramiangaittik, liburu amaiera trepidantian barruan.
Interes haundikua dala esatiaz aparte, espioitza tramia ezin juat balorau ezagutzen ez doten arlua dalako. Baiña ezagun dok idazlia Euskalherrixan bizi izan dala eta espeleologixia egin izan dabena. Noiz eta zeiñekin, hori nahiko neuke jakin. Kontuan hartuta: liburua 79xan argitaratutakua dala; “Jumar” teknikia aittatu be ez dala egitten eta Lepineux lezian itxieria aittatzen dala, 70 hamarkadan ibilli zala esango neuke nik. Beste elukubraziño bat: protagonistak 50 bat urte dakezela aittatzen jok, eta dedikatorixetan esaten danez Le Cagot benetako pertsona baten oiñarrittuta dagok; idazliak 39 urte bazittuan 1970an, bera baiño nagusitxuaguekin ibilli zala jirudik, eta háren ahalmenak miresten zittuala; hónek datuekin ez litzakek gatxa izango, ez, Whitakerren lagunak lokalizatzia.
Lezia imajinarixua dala argi dago (Orhin kokatzen jok), baiña eredu modura San Martin Harrixa hartu dabela argi ikusten dok. Ezagutzeko morokuak dittuk behintzat hango esploraziñuari erreferentziak (txorixen hegaldixakin topauta, pedalezko tornua, tripodia...), Lepineux eta La Verna gelen deskribapenak, Ruiz de Arkaute eta Loubensen istripuak, trazadorien probak... Izan leike Whitaker bera bertan egon izana, edo deskripziñua Tazieffen liburutik etaratakua izatia. Edozelan be, esploraziñuen detalliak eta kobetan gertatzen dirazen fenomeno eta arazo arruntak (hondoko pausu sifonaua, progresiñua oposiziñuan)... ezin dittuk modu horretan deskribau, espeleo ez badok egin. Beraz, gitxi-asko, baiña idazlia lurpian ibillittakua dok, eta ez pasiotxua egitten bakarrik. Sinplifikaziñuak be ba dagoz egon, baiña akatsak baiño lizentzia literarixuak dirazela esango najeukek, irakorliari lurpeko ordu luziak zeozelan arindu nahixan hartutakuak.
Bestalde, ikusten dok idazliak errefuxiatuekin be kontaktua izan dabela, eta kolektibuan barruko arazuen barri ba dakala: Le Cagot eta aitta Xavierren arteko ezinikusixa ezkertiar ateo eta abertzale kristauena irudikatzen jok, eta Whitaker zeiñekin alineatzen dan be begibistakua dok.
Azkenik, gaztelerazko itzulpena ez dok ona: batetik itzultzailliak etxakik euskeraz (“Zazpiak bat” “murciélago Zazpiak” moduan itzultzen jok, esate baterako) eta bestetik espeleologiaz zeozer gehixago badaki be, dana bez eta “sala” edo “galería” ipiñi bihar zan lekuan “cueva” ipintzen jok, ulertzia oztopatuta. Honek guztiak, eta ediziño hobia dagola jakitziak (plano topografiko batekin-eta), inglesezko orijinala irakortzeko gogotan jarri nok.