XVIII mendeko gizon gris baten erradiografia
Renteria hau bere garaiko “gizon gris” bat izan zan. Moderatua, uste eze ez zekala ezelako fama-gogorik (edo beharrik), eta bere intereseko gauzetan ibilli izan zan bere bizitza osuan: bere ondasun haundixen kudeaketan, hasteko; progresuan aldeko lan intelektualian, Argien Garaian; eta Frantziar Iraultzakin akojonau ostian -beste ilustrau asko legez-, jarrera kontserbadoriaguetatik kanbalatxe politikuetan, batzutan arrakastaz, bestetan ez.
Liburu hau -doktore tesis baten oiñarrittuta- bere bizitza hori miatzen dau, autoriak biltzia lortu daben dokumentaziñuan harira: familia kontuak, zitz eta mitz (kaparetasun espedientiei esker); eta bizitza publikua, gorabeherakin (helduaroko dokumentaziño nahikua dago, baiña azken urtietakua ez hainbeste, seguraski gerretako suntsipenan ondorixoz).
Esandako moduan, genealogia eta familia ondasunen eta gorabeheren partia luze eta zabal aztertuta dago. Interesgarrixa da jauntxo baten azterketa ixa entomologiko hau, jente “normalon” ikuspegittik ezezagunak egin jatazen hainbeste gauza azaltzen dirazelako: errentak, zentsuak, patronatuak, hamarrenak... Oiñ arte familia aberatsak basarri eta lur askoren jabiak dirazela banekixan, baiña ondasunon kudeaketian detalliak ezagutzera ez nintzan sekulan sartu. Interesgarrixena, zentsuena egin jata: aberatsak basarrittarrei-eta egindako maillegu hipotekarixuak (eliziak "usuria" kondenatzen zebanez, infrañora juan barik dirua interesian maillegatu ahal izateko asmautako trikimaillua), erreztasun askoz emoten ziranak, eta askotan maillegua osorik itzuli ezin zanez, etxian desjabetzan amaitzen ziranak (basarrittarrak emon eta aberatsak hartuta).
Bestalde, aberatsetan askotan ikusten dan “itxurak egin bihar” hori ez dago Renteria honen kasuan. Itxuriak baiño, izatiak inporta zetsala dirudi; hortik diskreziñua. Emoten dau arbaso “bajuak” ezkutatzeko saiakera askorik be ez zebala egin; bera merkatari eta nekazari munduko familietatik zetorren, eta bere jardunian be (RSBAPen adibidez) tradiziñoz “nobliak” ez ziren jardun ekonomikuak bultzatzen ibilli zan, konplejo barik. Izan be, goiko klaseko jentian konplejo asko egoten diraz: “aberats barrixak”... “más valer”... halako ohore-lehia hutsal xamarrak, gauzia nahikua sinplia danian: aberastutako familixa bat -normalian modu ez oso etikuan-, bisigoduen denporan, gurutzadetan, zein beste edozein gerra sasoittan.
Gauza interesgarrixetara itzulitta, ibilbide politikuan atalian, oso esanguratsua egin jata BBNNetako "ordezkuen" figura hori, oligarkiak herrittarren ordezkapena bereganatzeko antxiñan asko erabilli zebana, legian eta gaztelerian ezagupenakin herrittarroi "laguntzeko" atxekixan. Renteria politikan sartu zanian, igual zintzua izango zan -politiko askori gertatzen jakona-; baiña behin mamoneo-mundu horretan sartuta, ibillixan-ibillixan, gatxa da korriente ustelari eustia, eta azkenian (lehen eta oin) ixa danak jokuan sartzen dira. Bere kasuan, Orduñako errepidian eta Portugaleteko portu barrixan proiektuetako tejemanejietan ikusten da hori: helburuak errespetagarrixak izango ziran, baiña prozedurak kakatsu xamarrak.
Gero, jakiña, deigarrixena dago, Ribechinik luze eta zabal aztertu eta nabarmentzen dabena: Ilustraziñoko progresismotik geroko absolutismo/integrismora egindako bira deigarrixa, tarteko Frantziar Iraultzan eragiñez. Trantsiziño hori oso ondo dokumentauta dago eta, neurri baten, Gotzon Iparragirrek Eibarren detektautako beste fenomenua gogoratu desta (Konbentziñoko Gerran absolutismuan alde burrukatzetik, I. Karlistadan liberalen alde egin zebenak).
Konbentziñoko Gerra-mobimenduak ezagutzia be interesgarrixa egin jata. Oiñ arte, nere ikuspegixa oso mugatua zan: leihatilla batetik ikusten neban, frantsesak etorri zirala, triskantzak egin zittuezela, eta leihatillan bistan galdu nittuala. Ez nekixan testuingurua: nundik zetozen, zeintzuk izan ziran euren gerra-mobimenduak, eta zergaittik egin zeben alde. Liburuan hori nahikua ondo kontatzen da (sintetikoki), oiñ arte irakorri dittudazen baiño ikuspegi zabalaguakin behintzat, eta gaiñera bertako gudarostietan jardundako baten ekarpen kritikotik (Renteria defentsak antolatzen, eta okupatzailliekin tratuan ibilli zan). Argitzen da, bestiak beste, Baskongadetakua bigarren maillako frentia izan zala. Horrek azalduko leuke generalak egindako maniobra arraruak (martxak, kontramartxak, burrukarik eza...) eta Crespok egindako erretirada famosua ("a Pancorbo con toda la tropa"). Bittartian, Bizkaixari nahikua papel erridikulua betetzia tokau jakon: kontrafueruak tragatzia, militarren abandonua jasatia eta errendiziñua onartu biharra -in extremis gauzatu ez arren-. Renteriari egindakua leku itxurosuaguan lagatzeko biharra esleitu jakon, idatzizko manifiestu “zuri” xamar baten bittartez; baiña, bertan esandakuakin konforme geratu ez, eta apendize bat gehittu zetsan, argitaratu ez zana, baiña artxibuetan gordeta dagona. Ribechinik hori be aztertu dau, eta deigarrixa da, Renteria moduko gizon moderatuak ezin izan zebalako eutsi bere keja gordiñak idatzi biharrari (ejerzituan eta Espainiako erregia ez beste -oi intokabliak!- agintarixen portaerian kontura, batez be).
Esandako moduan, behin idealismuan urtiak atzian lagata, Renteria jauna Batzar Nagusixen joko politikuan bete-betian kakaztuta ikusten dogu, oso-osorik ulertu ez doten interes-taldien arteko burrukan: zerga-bilketak, “komisiñua”, Zamakola populistiakin bat eginda (goixan zeguan urtietan), Bilboko merkatarixen kontra, Abandoko portu barrixan inguruko zurrunbilluan, 1804an bere alderdi bereko (!) Abendaño Ahaldun Nagusixan kontrako mobbingian parte hartzen, eta atzeko atetik bere ordez sartzen... Baiña bere puntu gorena hartziakin batera (Ahaldun Nagusi izendapena) "zamakoladia" lehertu jakon, soldautzian atxekixan, antxiñatik zeguan egoneziñari amain emon zetsana, bezero-sare osua astinduta. Ez nekixan honi buruzko detallerik, eta oso interesgarrixa egin jata gaur egunian Bizkaiko goi-esferetan ikusi izan doten portaerian aurrekari bat ikustia: helburu bat ezartzen da (335 soldadu bialdu bihar diraz, "vago eta malentreteniduen" artian bortxaz hartuta), eta helburua betetzia lortzen ez danian -alper nahikua ez dalako-, araua bigurtzen da, "vago y malentretenido" izateko irizpidia zabalduta (honen kontura mendekuzko salaketa faltsu asko egin ziran, sorgin ehizan eta 36ko gerraostian legez). Matxinadan, Renteriari -goi klasekuen arduradun nagusixetako bat legez- tiropitxoiko ittu papela tokau jakon, papeloi lotsagarri xamarrakin, eta ospe asko galduta (bere izena paskiñetan, eta abar).
Deigarrixa bebai, "apisonadora administratibuan" jokabidia; gaurkuan antz haundixa hartu detsat. Liskarra dagonian, jentian hasarrian zaparradia ahal dan moduan jasan, eta gauzak hotzittu eta gero... barriro lehengo bidiari heldu, eta salaketa-instrukziño-kondena kate luzia, urtiak irauten dabena, desterru, kartzela eta heriotza administratibo/ekonomiko zigor-eskarmentu ugarixekin.
Ederra liburua beraz, Kaia tabernako bookcrossing gunian eskuratu neban hau: kontsultarako egokixa, eta herriko gaixei buruzko alien artian bere lekutxua (edo leku haundixa, totxo haundi xamarra da eta) izango dabena.