Victoriano Alcalde (the artist formerly known as Jeremiah Johnson)
Jeremiasen drama hauxe da: berak funebrea izan nahi duela -Bidasoaldeko Leonard Cohen, Jaizkibeleko Nick Cave-, baina funtsean katxondo bat dela. Horrela, bere kantuetan doinu minor eta melankolikoak entzuten ditugu; gai krepuskularrak nagusitzen dira, are eskatologikoak -azepzio bikoitzean-; kantuen letrak irakurrita ere, heriotzaren hurbiltasuna, kanposantuetako aingeruak neguko euripean irudikatzen ditugu, baina halere... Jeremiasi katxondeoa azaleko poroetatik dario. Bertso ezin ilunagoa osatu duenean -suizidiotik hurre-, ustekabean umore beltzezko keinu batekin borobiltzen du. Traszendentzia fatxada horren atzeko aldea erakutsiz, kantuen "making of" etan bere buruaren gaineko ikuspegi sarkastikoa da nagusi. Eta hain zuzen ere, horixe da nik berarengan gehien maite dudana. Serio nahi izan eta ezin hori. Horregaitik lasaitzen eta alaitzen naute bere diskoek.
Duela 20 urte Matrallako Irratiko lagun baten eskutik ezagutu -eta kopiatu- nituenez gero, Jeremiasen diskoak kontsultan bueltaka sarri izan ditut. Horregatik, eta duela gutxi disko berria atera duela jakinik, nire pirateoarengatik nolabait erredimitzeko, disko guztiak erosi nahi izan dizkiot. jeremiah@telefonica.net emailera idatzita segituan erantzun dit, eta orain esan dezaket bilduma ia osoa dudala. Alegia:
1996. Jeremiah Johnson goes to the planetarium. (agortua)
1999. The return of the legend.
2002. The monster is singing blue songs again.
2014. Rey de los Vagamundos.
2021. Kontrabandista de sueños perdidos.
Bidalketarekin batera, liburu polit hau ere etorri zait. Lehengo lepotik burua, %100 Jeremiah. Ez dira olerkiak bakarrik: kontakizun laburrak, adabakiak eta diskoetako liburuxketan ageri diren testu jostariz beteta dago, eta gustura eta erraz irakurtzen da. Egunero pixka bat hartuz, graduazio altuko pattarrak bezala. Eskerrik asko Jeremias, gure poeta traketsa, gure kantari kaskarra urte askotarako.