Txikittako gauzak
Telebisiñorik izatia zer dan. Bazkal ostian, Tomax siestan dagola, eta Ane biharretik etortzeko dagola, Nikok ohittura xelebria hartu dau. Sofan etzintzen gara eta, bera nere tripa gaiñian jarritta “Zuk zer egitten zenduan txikittan?” galdetzen hasten da. Kontu zaharrak entzutzia gustatzen jakok, nunbaitt. Eta neri kontatzia...
Hasieran erreza zuan: edozer balixo detsak-eta, han hogei minutuan barriketan egoteko. Nik zeozer kontau; berak detalle bat galdetu; gero zeozer gehixago kontau nik... Hasieran erreza zuan; hille batzun ostian, baiña, gero eta gatxagua egitten jatak kontatzeko moroko ezer topatzia. Baiña gustora najabik: guztiz ahaztuta nittuan hainbeste gauza gogoratu jittuadaz joko honekin.
Aurreko baten, aittitta Demetrion kontu bat kontau najetsan, nerekin batera berenjenal pare baten sartu zanekua.
1972ko Iraillan 2xan, San Antolin egunian, guardiazibillak Lekeittion ETA-ko kide bi akabau zittuezen. Erasua oso salbajia izan zala diñue, errenditzeko aukerarik emon barik. Anaiak kontatzen dabenez, lagunak “sextotik” bueltan zetozela herriko sarreria itxitta topau zeben, eta ezin izan ziran gaberarte etxera bueltau. Artian anaiak 10 urte zittuan, nik 5 hillabete. Amak kontatzen dabenez, ni aittitta Demetriokin nenguan pasiuan; eta gizona alde zaharretik zihar ibilli ei zan, “ia zer pasatzen zan ikusteko”, karro eta guzti. Jentia antxitxiketan, pegoretan babesten-eta. Eta 200 pikolotik gora ametralladorekin. Etxera allegau giñanian entzutekuak entzun ei zittuan gizonak (gure aman jeniua bildurgarrixa da).
1976ko Martzuan 3an, benetako Greba Orokor baten testuinguruan, Polizia Armauak Bittorixako eliza baten bildutako bihargiñak gas lakrimogenoz eraso zittuan, eta gero atetik urten ahala ametrallau zittuezen. Artian amama Ines operau barri zeguan Eibarren, eta gurasuak amama Isabelenera bialdu ninduen amak bera zaindu ahal izateko. Bueno, ba gauza bera: kristona montau ei zan (elizan 5 hil eta 150 zaurittu zittuezen), eta aittitta eta ni kaletik zihar, istilluen erdixan. Herreria kalian bizi ziran, eta amama gaixua imajinau neike balkoian, beheko zalaparta eta tiro hotsakin bildurtuta, eta gu bixok etxera ezin allegauta. Amanak (jeniua) eta amamanak (jenio doblia) hartu bihar izan ei zittuan Demetrio bigurrixak.
Hónek entzunda, Nikon galderia hau izan zan:
- Eta zuek ¿zer egitten zenduen kalian?
- ¿Guk? ba peoretan ezkutau, edo...
- ¿Zertarako?
- Ba... poliziakuak ez hiltzeko.
- Eta ni ¿aman tripan nenguan?
- Bai, bai... aman tripan ondiok.
- Ba hori... (barre) ¡bai ezkutaleku ona!