Tremesa
- Berez, benetako tremesa beste gauza bat zala. Ogi hau Okamikako ogitegi industrial baten egindakua da, haren antza emonda.
- Tremesa, berez, basarrixetan astero egitten zan, ogi normalen labakadian ostian, sobran geratutako oriakin.
- Eurak be egin izan dabe oin dala 6 urte arte, etxeko laban ogixa egittiari laga zetsen arte.
- Ogi zapala zan, talo tipokua, gaiñetik arrautziakin gorrittuta. Ogi korrientia baiño berezitxuagua zan, astian behin jatekua, eta mamin gitxiago zekanez egunian bertan jan bihar izaten zan, bestela gogortu egitten zalako.
- Hortaz aparte, Pazkoan antzerako ogi bat prestatzen zan, baiña apaingarri gehixagokin: “mokotza” esaten jakon. Ohitturia zan amabitxixak besuetakuari mokotza erregalatzia.
Honaiñok Zarrabentako gizonak kontautakua.
Ogixak historia luzia daka gure gizartian. Paleo dietako jarraitzailliak ados izango ez badira be, nik maittasun haundixa detsat ogixari, bai gusto ona dakalako, baitta gizakixan historian izan daben papel garrantzitsuangaittik. Izan be, Homo sapiensan garapenian salto haundixa izan zan laboriak menderatzia, giza elikagai bihurtzia, eta honekin energia itturri merke eta ugarixa lortzia. Horren ondorixua gara gu.
Horregaittik, gizakixa eta ogixa alkarrekin ibilli diralako juan dan millaka urtietan, lexikuan leku haundixa izan dau beti (hiztegixetan dakazen aldaerak begiratzia baiño ez da bihar). Halan be, Historian gauzak aldatu egin dira eta berba bakarrak esanahi desbardiñak hartu izan dittu aroz aro: gogoratu lehengo artua (Panicum miliaceum) arto barrixak (Zea mays) ordezkatu zebanekua... gari motak be asko aldatu izan dira, azkenak oin dala ez urte asko... gure gurasuak gaztetan jaten zeben “fota” eta ogi baltza guk ez doguz ezagutu... Halan, etxata arrarua egin Zarrabentako gizonak kontautakuak eta Eibarko hiztegixan topau dotenak bat ez etortzia:
tremes. iz. (TE). Torta de pan moreno, (pan) bazo, comuña. "Eralgi bako urunakin egindako ogixa, zahi eta guzti; gehixenetan arturuna eta urun zurixa nahastian daukazena" (ETNO). "Biribilla, erre gabekoa eta irina gainetik izaten zuen. Umeek eta ez hain umeek oso estimatua izaten zuten" (EEE, 144). Elgeta-kaleko labarixak eitten eban tremesa gozuetarikua zan. / Gerra ostian jaten genduan ha tremesia eta, artua eta... ha zan ona!!.... / Tremesa izeten zan bueltakue. Ogixe piskat luzantza. Izena diferentie, zer ostien jateko igul txamar: Zeozer izeten zien bastotxuago, baiña ez, ez eukan... Loditxuago izeten zan, ta pixkat tronkotxuago urtetzen zan, tronkotxuago. Ik. ogi-tremes.
http://www.eibarko-euskara.com/hiztegia/berba/6704
Beraz, nahiz eta Zarrabentako ugezaban iritzixan, “benetakua” ez izan, zapatuetan hor izango dozue ogitxo berezi hau. Ni behintzat zale-zalia naiz: bestiak baiño gatz gitxitxuago daka (eskertzen da), ariña da jateko, kobara (edo mendira) eruateko erreza, ogibittartian gauzak sartzeko forma egokixa daka... Probatzen badozue, kontau!