Toxunekuk, Kojunekuk eta Hankamotzenekuk
Argazkiak.org | Maria Luisa Mâitre-Jeanekin © cc-by-sa: txikillana
Harrezkero “antenia ipiñitta” nerabixan, Lasarte abizeneko pazientiei galdetzen-eta... arbol genealogikuan kopixia iragarki-taulan ipiñitta-eta... Baiña neuk nittuan izen guztiak, BEHA-n topautakuak, 1900 aurretikuak ziran (Jose Manuel “Zapatero koxua” eta bere seme-alabak), eta iñok ezin zittuan gaur eguneko jentiakin lotu.
Klabia Gil Pío Lasarte Arrizabalaga izan zan. Imanol Oruemazaga paziente historiazaliak jarri ninduan pistan, izen arraro horretako gizona gaztetan ezagutu zebalako, eta “gazteren bat” be ba ei dagolako izen horrekin Ondarrun. Imanolek abisua emonda, laster egin zesten bisittia Fernando Agirre historiazaliak eta Jesus Mari Lasarte Garalde “Toxuk”.
Argazkiak.org | Jesus Mari "Toxu" © cc-by-sa: txikillana
Jesus denpora bat zebixan Lasartetarren arbola egitten. Bere motibua erronka xelebre xamarra zan: Ondarrun Lasarte batzu “Toxunekuk” dira, bere modura; baiña badagoz beste Lasarte batzu “Kojunekuk” eta beste batzu “Hankamotzenekuk” dirazenak, eta euren artian behiñ baiño gehixagotan entzunda zekan “Bai, ni Lasarte na, bañe Kojuneku. Gure familixik ez takar zerikusirik Hankamotzeneku eta Toxunekukin...” eta halakuak. Berak ostera, etxian entzundako kontu zaharrengaittik, baietz uste zeban; eta halan hasi zan tira eta tiraka, epaitegira, artxibuetara eta elizetara jotzen eta bataixo, ezkontza eta herixotz partidak biltzen. Topau giñanerako bihar asko aurreratuta zekan, eta piramidian puntia topauta: Jose Manuel Lasarte Unamuno zapatero kojua, Ondarruko Lasartetar guztien aittitta (“toxu” = kojua esan gura dabelako, “hankamotz” moduan).
Puntu horretan topau neban ba, Jesus Mari Toxu: ez zekan zapateruan jaixotetxian barririk, ezta bere anai-arrebenik be. Eta, hain zuzen be, Josefa Lasarte Unamuno gure tatarabuelia, zapatero koxuan arrebia, izan zan Otola basarrixan geratu zana, Angiozarko Gorosabel batekin ezkonduta. Beraz, Toxuk jasota zittuan 500 izenei Eibarko Gorosabeltarron beste 250ak gehittu jaken, bapatian. Baiña igual berandako garrantzitsuena Zapatero Koxuan jaiotetxian barri izatia izan da, Maria Luisa Mâitre-Jeanek gordetako argazki eta guzti.
Gaur bertan bere aurkikuntzen barri emotekua zan, Kofradixa Zaharrian; halan be, bere anai batek izandako istripuak (ezer graberik ez) hitzaldixa atzeratu eragin dau. Tira: gauzak hobeto prestatzeko balixoko al desku behintzat! Izan be, ni neu be partehartzekua nintzan, Eibarko konexiñua azaltzen. Momentuz, bertarako prestauta nittuazen materixalak hamen blogian argitaratzen hasiko naiz, “lasarte” etiketia erabillitta.
Urte askotarako, lehengusu ondarrutarrak!