Taladrina úsaiña
Argazkiak.org | Elgetako bidetik Urko © cc-by-sa: txikillana
Egixa esan, gaur egunian igual aitta kartzelara sartuko juen horrengaittik: hango erremintta arriskutsu, produkto kimiko, eskillara eta aska elektrolitiko artian... ¿umia libre? Baiña artian normala izango zuan kontizu; neri behintzat sekulan etxataan ezer pasau.
Gehixen gogoratzen doten usaiña taladriniana dok. Hau idaztiakin batera, usaiña hartzen nagola jirudik. Asko gustatzen jataan. Iñoiz, gaiñera, torno revolverra martxan egotia suertatzen jatanian, han egoten nintzuan zulotik begira: barautsak, labañak, txiribirixak, txirlorak eta txipristiñak eten bako taladrina jarixopian, makiñian ahotik sartzen zan altzairu barriakin bizikleta-kurpil ardatzak egiñian. Eta usaiñ atsegin hori...
Irudixa: CIMA
Aziduan usaiña be gogoratzen juat; píezak halako parrillan jarri eta tankez tanke pasatzen zittuan, elektrolisisez –uste dot- kromatzeko. Baiña aska illunak bildurra emoten jesten, eta usaiñak larrittasuna emoten zestanez, etxakat hain errekuerdo onik.
Azken urtietan (alturan be gora nindoialako izango zuan kontizu) beste makiña lilluragarri bat be deskubridu najuan: halako tanbor bertikal bat, paretetan gora erreten espiralak zittuana. Pieza txikiz betetako baldia bertara isuri, eta dardarka hasten zuan. Orduan, píeza desbardiñak berez ordenau eta bakotxa bere erretenetik gora hasten zuan, pitufo txikixen modura bata bestian atzian, illaran, klase bakotxa bere banastara jausi arte. Ez galdetu neri zerk eragitten zeban bereizketa hori, gaur egunian be ez dakitt-eta.
Errekuerdo hobia jakat asken ondoko armarixuaz: han topatzen najittuan-eta komiki pillo bat, Conan estiloko fantasia mediebal distopikuak, eta onena, komiki guztien azpixan Interviu errebistak. Etxakat ahaztutzeko, ez, nesken komuneko dutxetan egindako peep-show estiloko erreportai ha...!
Gero, kalera begirako pabelloi argitsuan, píeza txikiz betetako arasak jeguazen. Eta esku-taladrua. Bularrian apoyau eta maratilliari bueltak emonda, multiplikadoriak puntako barautsa bueltaka ipintzen juan. Asko gustatzen jataan, baiña aittak ez jestan beti lagatzen, jakiña; tallarreko armarixo eta ohol guztiak zulatuko najittuan bestela.
Dana dala, denpora gehixen buleguan emoten najuan, aittan inguruan. Behintzat, hango gauzekin gogoratzen nok gehixen: idazteko makiñan ibiltzia asko gustatzen jataan; baitta kontabilidade liburuan prentsiari eragittia; askotan egoten nintzuan tanpoiekin papelak zikintzen be: “Tomas Amuategui SA, Tomas Amuategui SA, Tomas Amuategui SA”. Gero: “Pagado, Pagado, Pagado” eta halan.
Baiña zoratzen ninduana sakapuntia zuan: sekulan etxuat halako tresnarik barriro ikusi: behiñ txupoiakin mahai gaiñian pegauta, etxeguan kristorik ha mobiduko zebanik (ez nere edadekorik behintzat); harkatza zulotik sartuta, diafragma moduko bat itxi eta, maratilliari eraginda, leihatillatik ikusten zittuan espiral metalikuak bueltaka. Tallarreko harkatz guztiak zorroztasun biribil perfektuz lagatzen najittuan, zihero gastatzen ez nittuanian behintzat. Azpiko kajoitxuan geratutako aserrin usaiña be asko gustatzen jataan. Grapadoria eta papel-zulatzaillia be asko erabiltzen najittuan; danak “El Casco” markakuak, zelan ez.
Gero tio Tomasen bulegua izandakua jeguan, illuna eta misteriotsua: moldura bigurrizko mahaixa, pareta goraiñok liburuz beteta, botoi arraroz betetako telefono grisa. Gauza gitxi gogoratzen jittuadaz handik.
Bulego orokorretik pasillorako leihatillia be ondo gogoratzen juat. Pentsatzen dot, txikittan, aittak “kiki” egingo zestala handik eta grazia haundixa egingo zestala; baiña azken urtietan mutikua nintzanez, halako umekerixetan ez nintzuan ibiltzen.
Eskillaretan behera, bestekaldeko tallarretan be ibilli izan nintzuan iñoiz. Ez askotan; han makiña pisutsuenak jeguazen, montakargia-eta, prentsak-eta... arrisku haundiegixa kontizu. Tornuak be han egongo zittuan kontizu, ez nok ondo gogoratzen. Batez be tio Ernesto ibiltzen zuan han. Harekin egindako jolas hipnotiko bat jaukat goguan: etxetik autuak eruaten najittuan (olgetako kotxe zaharrak, burdiñezkuak), eta tio onduan nekala, prentsa azpixan ipiñi eta harek botoiari sakatzen jetsan (diñot nik; ez najuan ikusten-eta). Daunba! Eta metalezko talo fin-fiña eginda etaratzen najuan. ¡Zoragarrixa! Trenak zapaldutako pezetak be halatsu geratzen zittuan, baiña trena etortzian iges egin bihar izaten zanez, ezin zuan haiñ ondo ikusi. Prentsan bai: daunba, aurrez aurre.
Bai, tallarretik dakadazen errekuerdo guztiak onak dittuk. Idearik bez hanguak pasatzen ziharduen momentu latzetaz. Horregaittik, biharbada, inpresionauko najinduan hainbeste tallarra itxi eta gero egindako bisitta ha; 14 bat urte izango najittuan. Aittakin zeozer hartzera juan, eta dana hankaz gora ikusi najuan: atia lehertuta; bulegoko gauza guztiak botata; armarixuak zabalik, papel guztiak lurretik... nere edadeko gazte batzu be topau genduazen barruan, jolasian, eta ostikadaka bialdu genduzen. Etxakixat aittandako sorpresia izango ete zan; izango jittuan harek kezkatzeko beste motiborik-eta... Baiña nik amorru haundixa sentidu najuan, umetzaroko leku majiko haren errekuerdua bapatian zikinduta. Ez neban barriro bertara bueltau nahi izan.