Take a walk on the chung side
Eskaparate parian geratzen nok, neuri gustatzen jatazen gauzei begira. Ezin jittuadaz erosi. Hala eta guztiz be, gustora najagok, eta etxakixat zergaittik dan: premiñarik eza sentitzen dotelako biharbada. “Aberatsagua ez da gehixen dakana; gitxien bihar dabena baiño...”. Kafeterixa aberatseko emakume pameladunak meriandatzen gogoratzen dittudaz, argittasunian eta alai; leiho illunian, kristalera pegatuta, kaleko umiak eurei begira. Harek ez jagozak ni besain gustora...
Hille amaieraraiñok ez nok allegauko. Enpresako dirua eta soldatakua ondo bereiztuta jaukadaz, eta pasa dan hillian oporrak hartu dittudazela eta, nominan asko igartzen dok. Egunero, tuperwaria etxetik eta eguardixan lantokixan jaten juat, bakarrik. Zapata eta fraka barrixak bihar jittuadaz baiña zaharrekin aguantau biharko juat. Eguneroko gasto bakarra 1,10 euro dittuk, kafianak. Datorren astian igual hori be kendu biharko juat.
Baakixat aukerako pobria naizela. Nahi izan ezkeriok, lantokixan edo lagunari dirua eskatu eta lagako destela. Kontua dok, ez dotela nahi. Gerrikua estutzen ikasi nahi juat.
Erropak apurtu arte erabiltzen jittuadaz nik; basurara juan orduko makiña bat txaplata eta adabaki izaten jittuek, hori ez badoguz trapuak egitteko erabiltzen. Ez gastatziangaittik baiño, militantzia moroko kuestiño bat dok. Voto de pobreza edo.
Kotxerik etxuat sekula erosi. Bi izan jittuadaz bakarrik, eta erdi-erregalauta, hirugarren eskukuak. Ezin esan hau pobrien kontua danik, gasoliñia eta asegurua pagatzeko nahikua diru bihar izaten dok-eta. Suertia bebai, gehixenetan beti izan dotelako aukeria garraio publikua erabiltzeko. Beste batzu kotxia noiz aldatuko bizi dittuk, eta euren harrotasuna urtero kotxe barrixakin agertzia izaten dok; neu alderantziz: zenbat eta kotxe zaharrak urte gehixago hartu, orduan eta harruago najoiak berau erakusten...
Lagun batek esan jestan aspaldi, eta betirako geratu jatan grabauta: danok ibilli biharko giñake iñoiz eskian, gitxienez bizitzan behin. Aterik ate, dendarik denda edo kalian. Jentian begirada hotzak sentitzia zer dan jakitzeko; atia muzturretan ixtia zer dan igartzeko.
Baten Iruñan, murallen inguruko parketxo baten egon nintzuan gittarria joten. Ez dok merittu makala, hango aguazil salbajiekin (artian ez najittuan ezagutzen). Etara najittuan berrehun peseta edo. Gero gabian, pentsiño merke baten billa, leku baten irakorri najuan: Hogar del Transeunte. Arrazonamentu erreza egin neban: “ni transeuntia nok, izan (Iruñara kurrikulumak botatzera juanda nenguan, pare bat egunerako); horretara, hau neretako morokua izango dok”. Sartu eta, jakiña: pobrien egotetxia zuan. Egixa esanda, hainbesteko premiñan be ez nenguan; dirua ez najekan asko, baiña bai edozein pentsiño pagatzeko bestekua. Baiña gabeko bedratzirak ziran...
Bertan geratu nintzuan. Lehelengo, datuak hartu eta ohe batera eruan najinduen, takillatxo baten giltza emon, eta dutxak nun zeguazen erakutsi. Ohe guztiak gela haundi baten jeguazen, 3-4ko moltzuetan, eta takillekin halako parapeto edo mampara batzu osatzen zittuan, leku desbardiñak bananduta. Segiduan etorri zuan afalordua. Sukalde haundi baten, mahai korriduan jarri giñan 15-20 lagun eta gure kidietako batzu egin eta zerbitzatu juen jatekua: sobreko txanpiñoi zopia eta okelaren bat-edo. Gozua. Goguan dakat ez genduala berba askorik egin; ni, batetik aluzinauta nengualako (¿zertan nagok ni hamen?) eta bestetik zomorro xamarra nintzalako (hortan ez neban asko desentonatzen). Segiduan jan eta bueno, komunera eta lotarako prestatzen hasi zittuan danak, eta tira, donde va Vicente... Denporapasan, bertako iragarki tauliari egon nintzuan. Hainbeste informaziño, eta tartian hurrengo eguneko biharren arduradunen zerrendia. Egunero txandaka egitten dittuk kontizu: sukaldian, garbiketan... ¡Erredios! ¡Hantxe nere izena! Segiduan juan nintzan zaindarixangana, ni hurrengo egunian goizez bihar billa ibilli eta gero Eibarrera bueltau bihar nintzala eta... jakiña, ez zeban arazorik ipiñi. Baiña gustora jakingo neuke poker arpegi haren azpixan ezkutatzen ziran pentsamenduak... (ezer berezirik ez, seguru: “beste bat eskakeau nahixan”).
Gabian, oheratu eta gero izan ziran kontuak. Eskekuen artian kopuru haundixa gaixotasun psikiatrikodunak dittuk, edo erretzailliak. “Box” moduko hartan onduan tokau jatan laguna, bixetatik jekan. Bizar gris luzeko gizon lodixa zuan, kamiseta/kaltzontzillo luze batekin ohian sartu eta segiduan hasi zuan eztulka, bronkitis kronikodunen eztul produktibo horrekin. Berakin batera, gela haundi hartan zeguazen beste hamar edo. Gabe guztian. Bestalde, Jangoikua ei zan bera; ahalguztiduna zanez, ba gauzak agintzen eta desiuak egi bihurtu nahixan hasi jakuan gizona, ta... gaba toledano xamarra emon jeskuan. Gaixua, oin lurpian egongo dok seguru.
Agurrak eta eskerrak emonda juan nintzan etxe haundi hartatik.
Hok eman izan ditut
Ondarruko herrian
gabonetako sobrak jaten
oi ne’lantokian
Bai eta kopiatu denpora berian... eskekuak mustur okerrik ipiñiko juek, txorixo iberikua jaten diharduan “pobre” honen kontura.