SS-etako elementuen atzetik
Nazixena ez da izango munduan egin izan dan sarraskirik krudelena: Historixia luzia da, eta gizakixan doillorkerixiak (batez be odolez mozkortu ostekuak) mugarik ez dakala esango neuke. Halan be, nazixen sarraskixau bai izango da kroniketan onduen jasota geratu dana. Batez be judixuei esker –antxiñako tradiziño intelektualeko herrixa-, 1930-40 hamarkadetan hitlertarrak egindakuak ondo baiño hobeto ezagutzen dira gaur egunian. Lekukotasunak ugarixak dira, eta zaindarixak presuekin egindako gauzetako batzu irakortzian barrua zimur-zimurra eta hotz-hotza geratzen jatsu.
Hortik hasten da liburu hau, fokua Rigako konzentraziño eremuan jardundako Eduard Roschmannen jarritta. Flashback lazgarrixan ostian, kazetari batek SS-etako kide honen atzetik egindako bidia da liburuan bizkarrezurra. Tentsiñua oso ondo mantentzen da liburu osuan zihar, eta bide batez “erakundeko” kide pillo batek (asko be asko!) II Mundu Gerra osteko errepresalietatik iges egitteko modua azaltzen da, asko izen barrixekin Alemanian bertan geratuta. Tartian, 1960 hamarkadako Alemanian bat egitten zeben hainbeste faktore be azaltzen dira, neretako ezezagun xamarrak: Altzairuzko Teloian gauzak... belaunaldi barrixen informaziño faltia eta sortzetiko erruduntasuna... belaunaldi zaharren “ahaztutzeko gogua”, eta gerra krimenak inbestigatzeko gogo faltia... Israel gaztian papela... SS-etako beteranuen botere faktikua Egipto Israelen kontra xaxatzian...
Liburuan alde ahulena, biharbada, protagonistia bera da. Kazetarixori, pertsonai modura, lauso xamarra geratziaz gain, “profesionalen” artian modu oso torpian mobitzen da, eta ez da oso sinisgarrixa hainbesteko suertia izatia... Halan be, horrek ez detsa balixorik kentzen tramiari, eta bide batez azaltzen diran gauza guztiei. Liburu ona.