Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua / RIP ezagutzen

RIP ezagutzen

Oier Gorosabel 2018/12/05 19:13
URIACH, Judit. ALONSO, Fernando. 2018. Larga vida a R.I.P. Ed. Tóxico Records + El Lokal. Associació cultural El Raval. Barcelona.

Oparirik ederrenak ustekabian datozenak dira; halako baten, Zulo tabernako ugezabak (bere izenik be ez dakitt!) kalian geratu, eta “liburu bat emon bietsut!”. Eta ekoizpen txukun eta mardul honekin etorri jatan. Hori oin dala hiru bat aste izan zan, eta denpora horretan, gabero-gabero lotara aurreko orduak 80 hamarkadako punkixen munduan murgiltzeko desiatzen egon naiz. Dan-dana iruntsi dot, gogoz, bai lekukuekingo elkarrizketekin osatutako kapitulo monografikuak, baitta liburu amaieran prentsa-txatalekin egindako hemerotekia. Txapela kentzeko moduko liburua, 375 pajinatakua, disko batekin lagunduta. Eta 12 € ziztriñetan!!

Liburua asko gozatu dot, eta 80-90 hamarkadako oroitzapen-zaparradia ekarri destaz. Ohar pillua idatzi dittudaz, eta hamen botako dittudaz, idatzittako orden berian; ez dakat tolosteko gogorik, ez premiñarik.

Berez, hamen kontatzen dan zati haundi bat (1979-1987) neuk ezin neban ezagutu, edadiangaittik (jente honek nik baiño 10 bat urte gehixago dittu); baiña fetxa horretatik aurrera be, oso kontaktu gitxi izan neban hamengo punk giruakin. Izan be: kalian parrandan ibiltzen hasi nintzanian 1987-88 ingurua izango zan; eta 15-16 urtekin, gu ibiltzen giñan tabernetan Modern Talking, Lessons in Love, Call me, Sultans of Swing entzutzen ziran; baziran taberna batzuk musika makarria entzun geinkiana (Elgoibarren Zuribeltza, edo plazako Gaztetxia bera; Eibarren Hilbehera-eta), baiña gitxi ziran eta kuadrillakuen ez oso gustokuak –neuriak bai, baiña artaldia artaldia da-. Urte háretatik, tabernetatik ez dot RIP-en kanturik gogoratzen (bai ostera Cicatrizen “Lola”, greatest hita). Beraz, punk mobidia kanpotik ezagutzen neban; kontuan hartu bihar da, gaiñera, ordurako RIP-ekuak esate baterako, urte onenak eta kañeruenak pasauta zittuezela (ordurako bost urte zeroien, jo ta sua,  zaldixari total engantxauta zebizela, eta aldapan behera); orduan grabau zeben LP-a, baiña nik ez neban horren barririk izan. Klaro: lehenguari (adiña eta girua) gehittu bihar jako etxian ez genkala radiokasetik. Seguraski nere inguruan jotzen egongo ziran, behin baiño gehixagotan, baiña nik erreparau bez.

Artalde barruan egonda be, laster izan neban nere bolara ibiltzeko gogua; ez zan arrarua ni, kuadrillaz aparte, bakarrik juatia zinera (Megavixens orduantxe ikusi neban), edo mendira (Eibar inguruak ezagutu nittuan); parranda giruan be, kuadrillako “alde illunakin”, batzuetan lege zaharreko txikiteruengandik apartauko giñan, leku “arriskutsuren” batera juanda; imajinatzen dot hórrek urtietan sartuko nintzala Lekeittioko Gaztetxe famatura (gaurko hostala); halan be, zaldixan urte txarrenak ziran (txutak eskillarapetan, parkietan, hondarrian) eta ez neban eszena underground horretan asko sakondu. Hori Valencian gertatu zan.

1990an juan nintzan bertara, eta lehelengo urtian nere “primerramor” jipixan eraginpian izan nintzan; folk interludixua. ;-) Bigarren urtian, paz y flores sasoia pasauta, Radio Klarari –lliure i llibertaria- afiziñua hartu netsan, eta Flora kaleko Kasal Popularrera juaten hasi nintzan. Orduan izan ziran nere lehelengo kontzertuak (Andanada 7, Zakarrak, Carmina Burana, Corcobado & Chatarreros de Sangre y Cielo...), diskuak (Ramones, AC/DC...) eta kontzientzia politikuan pizkundia. RIP-en lehelengo kantua, konszienteki, nere etxeko sukaldian entzun neban, 1992xan, Radio Klaran. “Terrorismo Policial” zan, eta barru-barruan eragin ninduan; ez nekixan musika taldian izena, eta gitxiago EH-kuak zirala.

EH-ra bueltau nintzanian (1993), oiñ irakortzen nabillenangaittik, RIP-ek “Guadiana” bidia egitten ziharduan, eta beraz normala ez izatia eurak ikusteko aukerarik –ez nintzan euren jarraitzaille sutsua bez-. Euren diskuak eskuratu nittuanerako (ZEN, No te muevas eta zuzenekua) 1996 ingurua izango zan, taldia akabauta zeguan; eta, kuriosua egin jata, Portuk ordurako Ume Gaiztuetan bidia eginda zekan, Lekitton. Seguraski kalietan koinzididuko genduan, baiña nik zein zan jakin bez.

Diskuak entzun ahala, RIP-eri afiziñua hartu netsan; musika ona begittantzen jatan (euren azken sasoiko kantuak, batez be), eta horrekin batera orduantxe etorri jatan eurekingo kuriosidadia, taldian historixia jakitzeko gogua. Zeozer handik, zeozer hamendik, enterau nintzan gitxi gora behera; baiña informaziño txatalak ziran, hutsune askokin (zorixonez, liburu honekin bete dirazenak). Halan etorri zan, Portu hil eta urte batzutara, Jokin Ume Gaiztuakekua be hiltzia; eta haren omenaldixan, 2001ian, RIP-eko bere lagunak ikusteko aukeria izan neban. Inpresiño itzala egin zestan, batez be Mahoma “animali eszenikuak”; ha kontzertua goguan iltzatuta dakat, benetako pitxia. Handik gitxira hilko zan Mahoma bera, eta taldiakin batera ikonuen Olinpora pasau zan. Jul eta Txerra anaiak musikan jarraittu zeben (bestiak beste Evaristo antxiñako “leihakidiakin” kolaborauaz) baiña pertsona diskretuak izanda –nahiz eta RIP-en soiñuan arduradun nagusixak izan- ez nittuan jarraittu.

Lehendik banekan halako sentsaziño bat, hárek urtiak pixkat “kanpo” bizi izan nittuala; gero, punki zaharren batekin harremana izateko aukeria izan doten arren, ez zeben gauza askorik kontatzen –punkixak beti punki-; baiña liburu honekin orduko gauza solte asko harilkatzeko aukeria izan dot; eta logikua begittandu jata; ez edadez, ez giroz, ha ez zan nere lekua; azken fiñian, punkixak zarata haundixa etara arren, gizartian parte txikixa baiño ez ziran -gure klasian, 30etik 1 edo 2-. Eta zorionez, esan biharko: 1985an ezagutu izango banittu, kezka politta emongo netsen guraso gaixuei (gure tallarran krisisan erdi-erdixan, etxian diru barik... semia punki sartzia falta jaken bakarrik!).

Liburu hau irakorritta, yonkixei aittorpena be egin bihar jakela argi geratu jata: eurak jaso zeben kolpe nagusiña, baiña era berian –mokuan erdixan, buru argittasuna gordeta- hurrengo belaunaldixandako parapetua izan ziran; yonkixetako askok ez zetsen laga taldekide eta groupie gaztiaguei heroinan sartzen. Eta eskerrak emon bihar jake. “Santos Mártires Yonquis” (Rafael Berrio)

Lau taldekidien artian, liburu honetan dir-dir haundiña Portuk daka, aingeru baltza, siniestruena; bere kasuan be, makarren artian askotan topau doten perfilla dago: tipo lotsatixa, sentikorra, vulnerablia, gogortasun itxuren atzian babestua (speed/zaldi zikluan laguntziakin). Mahoma hurakanan atzian beti bigarren planuan, baiña RIP-en arima eta konposatzaille nagusiña. Bere lagun guztiak hori diñue behintzat.

Gero, liburuan zihar anekdota ugari datoz. Euren artian, hau zoragarrixa begittandu jata: ezezagunak ziranian, RIPekuak ez zittuezen La Pollakuak festi batera gonbidatu, "nahikua punk" ez zirala iritzitta (Arrasateko kaletarrak vs. Aguraingo baserritarrak). La Pollakuen erantzuna "Muy Punk" abestixa izan zan. Zelako sorpresia! Ez nekixan kantu superfamatu hau zeiñi, eta RIPekuei dedikautakua zanik!! (bistan da, gero talde bixak adiskidetu ei ziran).

Amaieran, liburuak prentsa txatalen atal luzia daka (valga la redun).Hau pizkat astuntxuagua da, liburuak dakan erritmo bizi-bizixan aldian; baiña hori be osorik irakortziak merezi dau, orduko giruan testuingurua hobeto harrapatzeko. Adibidez: 1985ko “Bat bi hiru” suplementoko ale baten, kazetarixak Doctor Deseokuen "Gestos y actitudes corporales de mal gusto" azpimarratzen dittuanekua. Francis haundixa, Egineko kazetarixak be eskandalizatzen!

Hau guzti hau, argazki bilduma ederrakin lagunduta. Apalian ohorezko lekuan eskura izateko moduko liburua, bai horixe!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024