Polbora usaiña
Inpresionau egin jestak bart 1937ko Eibarko pelikula irudixak ikustia Asierrenian. Hainbestetan ikusittako argazkixak, miatzian miatzez, aspaldiko ezagunak bihurtu jatazak; antxiñan desaparezidutako herri horren ikuspegi bakarrak, hutsune eta guzti. Haitzuluan modura; fokuan argipian ikusten dirazen kale eta eraikiñak agertzen dittuk bakarrik, fotografuan eritzixan argazkixak merezi zittuezenak; Arrandikale moroko kale zehiak ostera, iñok ez jittuan argittu. Halako milla txoko, Ojanguren eta Castrillon argazkixetako eraikiñen atzian imajiñau dittudazenak.
Baiña hori beste gaixa dok: pelikulatxo horretan (lau minuto eskas) eskuma-esker ikusten dirazenak betiko ikuspegixak dittualako, ezer be barririk barik. Halan be, kriston zirraria emoten jok, adibidez ixilttasunangaittik: filma abots barik hartu zalako dok, jakiña; baiña pentsau laeikek soiñu naturala ez zala izango oso desbardiña. Ixilttasun sepulkrala; luperixaren bat edo beste, eskonbruetan; txori despistauen bat; tente geratutako etxien sakeua... Keiak be atentziñua deitzen jok: hain delikaua, herixotzian gaiñetik oharkabian lez pasatzen... Eta aspaldittik ezagututako argazkixak, baiña mobimentuan. Etxuat amorrurik sentidu, golpistak gora ta behera ikustian, eta UGT-ri harrapautako banderia barrez eusten ikustian; garrulo gaixuak, txontxongilluak.
Arrarua amorrurik ez igartzia. Izan be, garuna pizkat erabiltzeko edadia izan nebanian, eta pasautakua ulertu nebanian, bai nekan-eta amorrua. Kontatzen zestezen kale eta leku polittak ezin ezagutu izatiana, etxekuei lapurtu eta zapaldutakua bengatzeko gogua... Fantasia asko izaten najittuan, ume guztien modura; eta euretako baten, Urkoko hegixan ametralladoriakin egoten nintzuan, Legarre goixan dagon porlanezko abixan –gero jakingo neban benetako gerrako abixia dala, orrattiokan-. Bertatik, Eibar bonbardeatzera zetozen hegazkiñak tirokatzen najittuan: nere tebeuetako bala trazadoriak fuselajeko latoi xaflak kentzen zetsezen; motorren ron-ron-rona ixildueragitten neban; hegazkiñak ketan jausten zittuan, bata bestian atzetik; suzko perretxikuak egitten jittuezen Galdaramiñon kontra... berunezko malkuak zittuan nik jaurtittakuak, inpotentziaz besterik egin ezin dabenanak.
Baiña ez, oiñ etxagok amorrurik. Egixa esan, ezin juat zihetz definidu gerra aurreko herrixa irudikatzian sentitzen doten emoziñua. Maittasunan antzerakua dok.
Eta pelikula horretan, inpaktantiena Portaleko Etxian irudixa izan dok, Iparkale behetik gora ikusten danekua. Biharbada horixe izango dok azken urtietan gehixen erreproduzidu izan dan gerrako argazkixetako bat. Pelikulan, golpista batek zine kamariakin hartzen jok irudi ber-bera; ixa Ojanguren eta bestien argazkixen lakoxia. Desbardinttasun bakarra jagok: goiko partian, argi indarrezko kable bat agertzen dok, kili-kolo, dantzan, hondatuta, hilda. Irudi honekin argazki historiko horrek errealidadera eztanda egin jok, nere barruan. Beste pauso bat.