Otaola Erdikoa (“Otolerdikua” edo “Otola”)
Hamentxe dakazu testua inprimitzeko moduan.
Lasartetarrei buruzko artikulu gehixago hamen, eta dokumentaziñua (arbolak-eta), hamen.
********
Etxiari buruzko datuen laburpena
Gaur egunian Otaolako auzua Ermua, Zaldibar eta Eibarko lurren artian banatuta badago be, historikoki entidade propixua izan daben harana da. Auzoko erdigunia San Lorenzon ermittia da, eta oin dala gitxi arte mantendu dira bertan Erdi Aroko ohitturak eta ospakizunak (1).
Otaola Erdikoa izeneko etxia torria izan zan, 1792an frantsesak Ermua eta Eibar erre zeben arte (2). Gero basarri modura berreraiki zan. Etxeko jabiak, jatorriz, Otaola abizenekuak ziran (Regina Otaola PP-ko politikari eibartarra, esate baterako, familia horretakua da).
Seguraski, Lasartetarrak Otaolatarren zerbitzarixak izan ziran; ez dakigu noiztik. Ezagutzen dogun senide zaharrenak Mateo Lasarte eta Josefa Ignacia Unamuno dira, 1800 inguruan jaixotakuak. Euren seme-alabak izan ziran:
• Miguel Bruno “Kapitantxua”: Zaldibarko balnearixuan hil zan.
• Jose Manuel “Zapatero Koxua”: Ondarrura ezkondutakua, “Toxu”, “Koxu” eta “Hankamotzeneku”en aittitta.
• Maria Josefa, etxian geratu zana.
Maria Josefa Lasarte elgetar batekin ezkondu zan (Jose Domingo Gorosabel, Arrueta basarrikua), eta etxia erosi zetsen Otaolatarrei, beste familixa batekin erdibana.
Maria Josefak eta Jose Domingok 8 ume izan zittuezen. Háretatik Juan José Hilario Gorosabel Lasarte geratu zan etxian (“Hilario Tuertua”).
Juan José Hilario Joaquina Aranzabalekin ezkondu zan, eta 4 ume izan zittuezen: Francisco, Clara, Justa eta Ramona. Gurasuak hil ziranian, Ramona bakarrik geldittu zan basarrixan eta Maria Luisa Maître-Jean Gorosabel loibia juan jakon laguntzera (Justan alabia). Maria Luisa eta bere senarra (Jose Mari Lasa) izan ziran basarriko azken biztanliak.
Otola basarrikuak luza-ruan mantendu zeben Ondarrura juandako familixakuekin hartu-emona. Maria Luisa gogoratzen danez, bere denporan Maria Dominga izeneko senide ondarrutarra behin baiño gehixagotan egin izan zetsen bisittia etxian.
Otaola Erdikoa 1960 hamarkadan eraitsi zan, Unibertsidade Laborala egitteko. Hurrengo irudixetan, aire-ikuspegixen anpliaziñua ikusi zeinkie: 1956ko irudixetan basarrixa ikusi leike, eta 2014kuan leku berdiña gaur egunian.
Hurrengo irudixetan, barriz, kale ikuspegixak dakazuez errezago ezagutzeko: lehelengo irudixan Ermutik Eibarrera sartzen, eta bigarrenian kontrako norabidian, Eibartik urtetzen. Kuriosidade moduan, bigarren irudixan agertzen dan hormia Otaola Erdiko orijinala da, kamiño onduan zittuezen terrenuei eusteko.
Maria Luisa Mâitre-Jean Gorosabelen berbak
2010ian Maria Luisan etxera juan giñan pare bat bidar, antxiñako gauzei buruz barriketan egittera. Jarraixan elkarrizketian pasarte batzu dakazuez, nere ustez Ondarruko Lasartetarren interesekuak izan leikiazenak.
Jokiñe Lasa Mâitre-Jean (ezkerretik lehelengua) eta Maria Luisa Mâitre-Jean Gorosabel (ezkerretik hirugarrena) ama-alabak. | Maria Luisa Mâitre-Jeanekin 2 © cc-by-sa: txikillana
(Otola eta San Lorentzo auzo bera ziran?) Ez, ha Zaldibar da. Baiña haren izena San Lorenzo de Otaola da. Eta guk bagenkan Zaldibarren terrenuan, hamentxe, Ibur partian. Bueno, guk baiño, torretxian jabiak. Eibarko historixan agertzen da errekatik “todo al sur pertenece el valle de Otaola”. Eta San Martinek ipintzen dau Isasittik gora. Eta nik lagunak dakadaz Topinburun dakezenak terrenuak, eta eskritturetan agertzen da valle de Otaola.
(Otolako basarri guztietakuak zekazuen San Lorenzorako joeriori?) Hara, ni juaten nintzan amandriakin; da beti ipintze eskuen lehelengo filan reklinatorixo bi. Eta han egoten nintzan ni amandriakin. Hango auzokuak, nik ez nekixan zergaittik -gero jakin dot nik ha San Lorenzo de Otaola zala-, baiña otolatarrei beti ipintzen zeskuen markesen modura. San Juan egunian juaten giñan, sorbia bedinkatzera (kipulia, garixa, keixak...); gero sorbatik jatekuak jan, eta enparaua gorde egitten zan San Juan egunian erretzeko. Ni keixak jateko goguakin egoten nintzan, amandriak laga ez, ta... umiak, badakizu.
(Otolako zaharrek zeken suskripziñuori zer zan?) Orduan famelixa guztiak tanto bat pagatzen zeben astero "contribucion a guerra" modura, gerra denporan, karlistadan. Baiña ez dakitt karlistei ala liberalei. Ni pentsatzen dot Kapitantxua liberalekin ibilliko zala, ze… bestela ez zeban euko pentsiñorik! Anaia bai, Zapatero Koxua bai, karlista amorratua... bera erdi miserixan bizi, ez dakitt zenbat diru eskaiñi zetsen botuangaittik eta ez zeban emon (barre), Zapatero Koxuak... Ta andria euki biaeban oso guapia, eta Maria Domingak esate zeban eze, ezagutu zirala... zelan zan kojua, zaldi eder batekin juan zan Santa Eufemiako erromerixara, eta hantxe ezagutu eban nobixia, eta zaldixan joialako gustau jakon... Antxiñako gauzak. (barre)
(Otola noiz erre zan) 1794, 29 de agosto, en la batalla de Olarreaga. Ermua be erre eben, eta Eibar be zati bat, frantsesak. Gure solo barrenian, kamiño onduan, kurutze bat eguan; han hildako ofizial frantsesen batena, ez dakitt zein; gure aittak esaten eban behiñ edo behiñ garbittu egin bihar zala eta... gatxa zan baiña... karretera onduan, horma gaiñian zeguan... eskillaria jarri bihar zenduan, automobillak eruateko moduan...
Lehen Otaolatarrena zan; frantsesadan erre eta gero, zati bat Zamakolanekuak erosi zeben, Lucas Zamakolan aittak; beste zatixa, gu bizi giñana, nere aittittan aittak erosi eban (Jose Domingo Gorosabel, Maria Josefa Lasarte Unamunon gizonak).
Gero 1950-1960 artian, ez dakitt zihetz fetxia, ahizta bi etorri ziran, bat Marruecosen bizi zan eta bestia Parisen; Eibarrera euren jatorrixa ezagutzera etorri ziran; Otaola eta Bildosolatarreana juan ziran, baiña ez zetsen jaramonik egiñ; gero Ayuntamentura juan ziran, para conocer la casa solar, eta hárek guregana bialdu zittuezen; bat pizkat gaixua zan eta kamiñuan egon zan, automobillian; eta bestia, Clavel de Otaola abizenekua, etorri zan gora eta nik erakutsi netsazen háren basuak, eta aurreko aldapia, eta euren terrenuak, abeletxia, karabixia, ogixa egitteko labia... gero bera hil artian eskribidu egitten giñan. Berak ekan eskudua, matasellos bat, guk dakaun modukua...
Historia de Eibarren agertzen da, 1500 eta ez dakitt zenbaten, Arrateko amabirjiñak izan zeban lehelengo koroi bat Pedro de Otaolak erregalau zetsan; 1600an beste bat alkate zeguan, Domingo; "Ermitas de Eibar" liburuan be agertzen da, Sevillan hil zan Otaola batek diru bat emoebala Santaiñeseko ermittarako... (Eibar Origenes y Evolucion liburuan Otolari buruz info asko dagola aittatzen dot) Bai, Elorza hori be hamen egon zan, galderak egitten.
(erosi 1800 inguruan, baiña Lasartetarrak bertan noiztik bizi ziran ba ete dakizu?) Ez, nik ez… biharbada nere amak-eta jakingo zittuezen hórrek, baiña nik neuk ez dot sekulan entzun noiztik bizi ziran. Nik uste dot pentsatzen zebela hango kriauak zirala, edo etxia zaintze ebenak edo... nere amari entzunda detsat, biharbada harek bere aittari edo entzunda... orduan, badakizu, etxian ez zeguan telebisiñorik-eta telefonorik-eta... konbersaziño gehixago egoten zan... Nik ez dakitt seguro baiña.
(Eibarko artxibo falten arazua; Kapitantxuan barri topauko dot seguraski, artxibuetan… Ondarrura juandakuana be, han egongo dira datuak…) Haren izena ez dakitt; hari etxian "osaba koxua" esateetsen.
Gero etorri eta Urkusuko pasialekuan bizi izan ziran, Eroskik euki zeban ba, Juan XXIII edo... hantxe etxian nere aitta eta bere arreba bat jaixo zan. Gero bisabueliak (?) etxe bi erosi zittuan Arraguetan, eta hara ezkondu zan nere aitta, bere familixian etxera.
Baiña gero Otolako amandria hil zan (Maria Joaquina Aranzabal, Josefa Lasarten erraiña), eta tia Ramona eta Anton geldittu ziran. Eta gu hara bi bizi izatera juan giñan. Juan Jose (Hilario?) ni txikixa nintzala hil zan.
(Otolako argazkixeri begira) Hau izaten zan hamendik hona, hau añadidutakua da; hau osorik eguan,hau gaiñetik egindakua da; hamen beheian oso bentana ederrak, haundixak, harri landuakin. Hamen beheian saetera ikusgarrixa zeguan, erdi-erdixan parera begira; eta hamen bi saetera Bizkaira begira, bata bastante beheian eta bestia goratxuago
(Kuadruari begira; entrada nagusixa hauxe, ezta?) Guretako bai; beste bizitziak hamendikaldetik. Baiña torretxia hauxe zan, altuagua (?) eta hamen ez zeken ezer, hori gero añadidutakua da entradia egitteko, basarrixa eiebenian. Altura edo pretil hau erre eta gerokua da. Goixan Elgetako bidia ondiok egin barik eguan, eta hamen goixan aittittak begixa galdu zebaneko kanteria. Ta hónek soluak, goikuak beste bizitzakuak, baiña hónek guztiak Otolako torretxianak. Hor kamiñua, eta hamen be terrenuan. Solo honen barrenian eieben lehen esan detsuten kurutzia, frantsesana (argazkixa etaratzen)
(gure bisabuelo Pedro Marin argazkirik ez dakagula-ta… orduan jentiak ez zekan erretratuak egitteko ohitturarik) Gauza barrixa zan ta… Guk be ez dakagu erretratorik, dibujua bakarrik. (arbol genealogikuan kopixia eskatzen dau) Nik Otolako gauza guztiak, eskudua... karpeta baten gordetzen dittudaz, eta Maitrejeandarrenak beste karpeta baten. (eskudua erakusten desta) Eta dakat bat, tio Manuelek egindakua... (eskuduan marrazki bat?). Hoixe eskudua eken hárek (Otaolatarrak?) eraztunian, matasellos modukua, oso zaharra.
Guk genkan asmua, Unibertsidaderako terrenua expropiau zeskuenian... handik Elgetako kamiñora 50.00 m2 gelditzen ziran, soluetan. Bat Ibur aldera urteeria egitteko moduan zeguan, eta hantxe etxe bat egitteko asmua genkan, permiso eta guzti. Baiña arkitektuak esaeskuan "espera un poco, porque hay proyecto de hacer autopista y no se sabe si va a ir por esta parte, o por Elorrio... pero es probable que sea por aquí, y que te quede una casa al lado de la autopista es horrible". Eta hala erosi genduan hau (Amañako etxia) pentsau barik, gero bateronbatendako izango zalakuan. Eta gero, han autopistia egin eta hamentxe geratu giñan.
Ondarroa, 2014ko abenduan 17xa.
Jesus Mari “Toxu”n aurkezpenerako.
(1) Liburu honetan Otaolari buruzko informaziño ugari dago: ELORZA MAIZTEGI, Javier. 2000. Eibar, orígenes y evolución : siglos XIV al XVI. Eibarko Udala.
(2) Eibar eta Ermuakin batera Ondarru be erre zeben, 1794ko abuztuan 30an. Frantses liberalen eta espainiar absolutisten arteko Konbentzio Gerrako (1793-1795) pasarte hau luze ta zabal azalduta agertzen da liburu honetan: IPARRAGIRRE BURGOA, Gotzon. 2008. Debarroko oasi liberala : aitzindarien bila : Eibar, 1766-1876. Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo.