Olibonduan tenplez
astebete libre hartu juat, Mathilda lagun bakarra dotela, plan zehatzik barik hor zihar ibiltzeko. Zoragarri!
Planik ez, baiña ipar orratza bai. Zarama Espeleo Taldeko lagunei irakorrittako artikulua, Toloñoko mendilerruan gaiñian, San Kiliz kuebia aittatuz. Horrekin batera esan najuan: "Ez dok leku txarra hori, egun batzuk ermitaño modura pasatzeko".
Bidai espirituala izan dok, ez jangoiko asuntuengaittik-eta, ez bada eze norbera bakarrik egoteko. Ixilttasun totalan billa najindoian. Kostatzen dok, baiña unekadaka, topau juat. Zelako ondo, burua hutsik izatia, estimuloz betetako gizarte honetatik iges egin eta "pause" eginda. Xabier Zeberion musikia izan juat goguan, eta Lluis Llachen "Maremar", gizakixen erritmo laburretik olibonduen arnas luzera pasatzeko (el tremp de l'olivera): millaka urtian, inguru aldakorrari begirada konstante patxadatsuan diharduen izaki miresgarrixak.
Mendixak "egitten" dittuezen pertsonen hizkuntzan (#IronicModeOn), esan daigun Lekeitio-Barakaldo-Bilbo-Bittorixa-Lagran bidia autobusez egin dotela, gero Lagrandik Guardiarako bidia oiñez eginda, GR "Ardoa eta Arrainaren Ibilbidea"n zihar, egun batzuk Toloñoko mendixetan pasauta. Gero atzera autobusa hartu, Guardia-Bilbo-Leke.
Eta benetako gauza garrantzitsuetan sartuta:
• Apropos, biaje honetan etxuat ezelako entretenimendurik eruan nahi izan (liburuak, etc). Esandako lez, isilttasunan billa juan nauk, "pause" totala, inguruan kontenplaziño hutsian egoteko asmoz. Ber gauza, telefono mobillakin (ez sare sozialik, ez llamadarik, ez mezurik; egunian behiñ bakarrik konektatzen saiatu nauk, etxekueri ondo nagola justu-justu esateko).
• Modu barregarrixian, isilttasun horretan EZ sartzeko eten bako atxekixak topatzen najittuan, behiñ eta barriro: lotarako lekua garbitzia ez bazan, moskittuen repelentia korputzian untatzia; edo egurretara juatia; edo suari begira egotia; edo hau edo beste pentsatzen egotia; edo atzazkolak ebatia, edo motxilako gauzak tolostia, edo... BETI ZEOZER. Ahalegiña egin bihar najuan zer-pentsauok baztartu eta EZERTAN BE ez egoteko, burua hutsik. Baiña ez nintzuan hasarratzen: umorez norbere piloto automatiko horren lekuko nintzuan, isilttasun totalian egotia eragozten zestana. Eta, ahalegin pixkat eskatu izan badau be, lortu juat. Eta unekada polittak izan dittuk.
Hortaz aparte zer? Gari soruetan zihar ibiltziak emoten daben pakia, ezin dala berbaz esan. San Kilizen kuebia ezagutu dotela bai, baiña ez dala izan uste bezain friendlyxa, bertan gelditzeko. San Juan errefujixua, ostera, izan dala neure etxe akogedoria (Lagrango mendizaliei esker infinitua). Ibiltariren bat edo beste pasau jatala bertatik, baiña jente gitxi, oso gitxi ibiltzen dok bide horretan. Neure zeregin nagusixa, sua izan dala. Sekulan ez dotela hainbeste gozamen sentidu, zanahorixak jaten. Izarrak ikustia faltan bota izan dotela, baiña pagadi erraldoi baten erdixan bizitziak be badaukala enkantua. Toro mendateko oihartzun mediebalak, Rioja gaiñera begira, betetasun itzala ekarri destela. Eguzki sutsua, eguardixan, ondo jasan leikiala urakin, poliki ibillitta eta tartekako kerizak aprobetxauta. La Hoya aztarnategi/museua ezagutzeko aukeria izan dotela, Armando eta Nieves speleo lagunen kutuna, eta asko gustau jatala bertako kudeaketia (beste adibide on bat, Bizkaiko Foru Aldundixak kopixatzeko). Guardian ordu gozuak pasau dittudazela, kaliak ezagutzen eta sefardixen aztarnak billatzen.
Hori guzti hori eta gero, isilttasun unekadok egunerokora ekartzia nahiko najeukez, altxor hori beti dagolako eskuragarri (ahalegintxo bat eginda). Eta hurrengo Mathildakingo biajia, seguraski, dinamikotxuagua egingo juat, bideren bat jarraittuta, aldez aurretiko planifikaziño gehitxuagokin (minimua halan be, eta malgua BETI).
Bale.