Nora hoia, Kajoitxu
Udako sargorixan, hiru hille pasau dittuk Eibarren gerra hotsa ixildu zanetik. Harrapaladako erretiradan, alde bateko eta bestekuen parapetuak, pika eta alanbradak abandonauta geratu dittuk. Metalez eta odolez ereindako zelaixetan zihar, destripautako lur-zakuetan iria ernatzen hasi dok. ¡Hara! naturaleziak aurrera egitten jok, gizonen zoramenen gaiñetik. Klik, argazki bat.
Gerra kontuak urriñetik entzutzen dittuk oiñ; Santander aldian eta Valentzian ei jabizak eibartarrak. Herrixan zaharrak, andrazkuak eta umiak gerratu zarie bakarrik, eta pizkaka bajoiak bueltatzen ebakuautako jentia; ez habe begi onez ikusten, orraittiokan.
Hiru hille lehenagoko bistia buruan grabauta jakak: etxiak lehertzen, sua dana jaten, herrixak beheia jotzen... Herri askotatik basarri, eskudo eta paisajiak erretratatzen ibilli eta gero, damu hintzan hire herriko txoko guztiekin gauza bera eiñ ez izatiaz. Zeiñek esango juan 50 urte beteta halako paraderuan egongo hintzanik: hauts eta kei artian, makiñia eskutan, suak dana jan baiño lehen irudixak hartu nahixan... Ezin baiña, ezin.
Oiñ kalietatik ibilli leikek behintzat; Aprillan 24an osteko egunetan hori bez. Oiñ etxien lekuan dagozen harri eta egur montoietatik etxok keirik urtetzen; paretak kalaberak emoten jittuek, eta euren begi hutsetatik zeru urdiña ikusten dok. Sanjuan tristiak aurtenguak.
Lapur modura habil erretratuak hartzen. Mutu, iñork jakiñ ez deixan zertarako dirazen. Heuk be ez dakik barren... ¿irabazittakuen alde, galdutakuen alde ete dittuk hartutako irudixok? Batek daki. Ez dok sasoi ona pentsatzeko, arrazoitzeko: beste klik bat, eta ba hoia aurrera.
Kaleko ixilttasunan erdixan, txorixak kantuan jiharduek. Paisaje negargarrixan gaiñian zeru garbixa ikusten dok; etxe-hondakiñen gaiñian bedarra ernatzen hasitta jagok, eta ume batzu ikusten dittuk olgetan. Baitta Akondiako burruka zelaixan: han be txorixak, bedarrak eta umiak topau dittuk. Parapetuan gora igotzeko esan detsek, eta alanbradekin kontuz ibiltzeko. Pozik ipiñi jaz erretraturako.
Halako ixilttasun eta pakerik ez jeguan Akondian hille batzu lehenago, orraittiokan. Zakuen gaiñetik burua etara eta tiroz zulatuta jausi, dana bat; zenbat mutiko hilda halan... Urlixa ta sendixan semiak, danak ezagunak, hogei urte eskasekuak.
Háren korputzak babestutako trintxeretan gora eta behera hoia, ire-sasixak guztiz hartu baiño lehenago háren irudixak jaso nahixan; ez dakik ondo zetako, baiña jaso nahixan halan be.
60 metro gorago, reketien parapetuak jagozak. Hara igo biharrian baiña, Kalamuarutz abixatzen haiz. Bidietan topautako banakakuei agur egiñ eta begira geratu jaz, zertan habillen ikusteko.
Garagoitti pasau eta Tomas Meabe errefujixua ikustian sabela zimurtu egin jak. Sozialistena izanda be, makiñatxo bat ogibittarteko janda hago bertan, aterpe politta zuan-eta. Zatittuta geratu dok, ez ezagutzeko moduan.
Diruzulotik pasau haiz. Harek be basurerua emoten jok; zakuak, burdiñak, adarrak, kaskilluak... Parlamentutik zihar Markiña-Etxebarria aldera bajatzen haiz: Ubegiburu partera allegauta, parapeto gehixago, eta bertan be ametralladora kaskillua ugari. Kalamuako tontorreko bista ederra; beste erretratu bat hartuko dok. Han goiko naparrak birrittan atakau ei juen leku hau, baiña hamenguak eutsi. Irribarre garratzez sakatzen dok disparadoria.
Eguna garbi dagok, eta Santanderrerutz begiratu dok: han ibilliko dittuk gure mutillak, Franco, Hitler eta Mussolini diabru hórrei eutsi ezinda. ¿Zer gertatuko ete dok hamen geratu zarienokin? Dana aidian jagok, hauxe dok baltza.
Hónek erabilli dittuk buruan arratsaldian, erretratatzeko makiñia eta plakak kajoitxuan gordetzen dittuan bittartian. Eta, txiri-txiri, Eibar izandako horretarutz bueltan abixau haiz...
PD: Akondia eta Ixilek azaldu destenez, Kajoitxu bai igo zan golpisten posiziñuetaraiñok. Neskak agertzen dirazen argazki bixak, barrena, han etaratakuak diraz (Akondiako tontorrian).