Munduan lekua topatzen
Nerabezarorarte ez neban kuadrillarik izan. Familian eta Mekolako laguntxuekin ibiltzen nintzan (edade desbardiñeko neska-mutillak: Poti, Enrique, Jose Antonio?, Monica, Virginia, Iker, Alberto, Arantzi, Jon, Maria, Nerea...), baiña momentu baten bakotxa bere aldetik jo zeban, bere edadekuekin edo, neskak-neskekin eta mutillak-mutillekin edo... Jon eta bixok bakarrik geratu giñan, eta batez be auzuan eta bata bestian etxian ibiltzen giñan. Halako baten, bera be nerekin nekatu zan-edo, eta bere ikastolako lagunekin hasi zan: bakarrik geratu nintzan.
Neure erara moldau nintzan. Kuelge haundiko sasoi baten ostian (buf! txarto pasau neban gero!), eskolako lagun taldetxo batengana jo neban, Jardiñetakuak. Zorionez, arazo barik adoptau ninduen Fernanek, Jose Andresek eta Payok. Artian 13 bat urte izango nittuan.
Edade beretsuan egin nittuan lagunak Lekeittion. Baiña hango egoeria ez zan Eibarkua besain kritikua izan. Izan be, udan ez nintzan bakar-bakarrik ibiltzen: familixakuak (ama, gitxienez) oporretan egoten ziran. Halako baten, amak neri lagunak topatzeko saio batzu egin zittuan: ezin dot esan danak urte berian izan ete ziran (ez dot uste), baiña baizin dot esan amari asko eskertzen detsadazela hórrek saiuok. Lehelengo auzoko mutiko batekin ibiltzen ipiñi ninduan: Josu, ermuarra, beraneantia gure moduan. Lekittarrekin ibiltzen zan kuadrillan. Ez genduan “konektau”, eta hor geratu zan gauzia.
Hurrengo baten, hondarrian gure parian egoten ziran ume batzungana eruan ninduan, ia eurekin olgetan ibilli neikian eta baietz. Han ezagutu nittuan Patxi, David frantsesa, Ramon, Ibon eta Gorka, urte gitxira hurrengo pausurako pertsona klabia izango zana.
Pozik ibilli giñan bi-hiru urtian, eta tira; baiña edade desbardiñak genkazen. Patxik eta Davidek guk baiño 2 urte gehixago zittuezen, Ramonek eta Ibonek 2 gitxiago eta, naturala danez, halako baten nagusiñak neskatan hasi ziran (neska aspergarrixak! ;-) )eta txikixak umeegixak ziran. Beraz umetako kuadrilla zoriontsu ha desegin zan, eta Gorka eta bixok bakarrik geratu giñan. Aspertu xamar, egixa esan: pare bat udatan bizikletan asko ibilli giñala gogoratzen dot.
Gorka gernikarra da, eta hango Institutuan lekittarrak zittuan klasekide. Hori aprobetxauta, adore harrigarrixa bilduta (ez dakitt nik halakorik egingo neukian, 17 urtekin!) háretako bati, Laurentziri, udan eurekin ibiltzeko proposamena egin zetsan. Ez dakitt Kuadrillako Kontseilu Orokorretik pasauko ete zan, baiña erantzuna baiezkua izan zan. Hala hasi giñan ba, uda horretan, sekulan ezagutu doten kuadrilla ugarixen eta prototipikuenan barruan bizi izaten (azterketa soziologikorako material ugari). Eta gaur arte.
13 urteko edadera bueltauta, Eibarren, hango laukotekuak trankil xamar ibiltzen giñan gure Jardiñetan, batez be Institutoko parkian-eta, Aldatze-Musataixan-eta... Mozkortzeko sasoia etorri zanian, Elgoibarrera be gu laurok juaten giñan artaldian parte modura. Institutuan hasi giñan, eta segundon sartu giñanian, Sanjuanetan txarangak egin bihar zirala eta, gure ikaskide batzu jentia bihar zebela eta, Lekeittion moduan kuadrilla haundixian sartzeko aukeria izan genduan: eta (txan-tatatxaaaan) neskekin! (alperrik, jakiña: 17 urtekin egoten dan elbarrittasun emozionalakin, gutako gehixenak ez giñalako kapazak ez lagun moduan ibiltzeko, ezta enrollatzen saiatzeko be). Jente oso majua zeguan han. Tamalez, urtebete baiño ez nintzan eurekin ibilli: Valenciara estudixatzera juateko sasoia etorri jatan, eta egitten neban juan-etorri bakotxian kuadrillia zartatuta topatzen neban, fakziño bat bestiakin hasarre-eta. Ni, kanpotik etorrittako martzianua, batzukin zein bestiekin ibiltzen nintzan baiña, azkenian, Valenciatik 21 urtekin bueltau nintzanian Ernesto eta Aitorrekin geratu nintzan: hortik aurrera martxa eta kulturia uztartu genduzen, bide horretan jente gehixago ezagututa, baiña... hori beste historia bat da ;-)