Mairu euskaldunen loraldi zimeldua
Katxondeo nahikua nerabixan ediziño honen azpititulu harruakin (“el magistral cierre de la trilogía...”), eta Anek liburua amaitzeko bihar izan daben denpora luziakin, beste bixak baiño txarragua izango zalakuan. Baiña ez, txarragua ez: desbardiña. Eta ona, oso ona begittandu jatak bere berezittasunian.
Nik be denpora asko bihar izan juat liburua amaitzeko. Baiña ez astuna egin jatalako, ez: kontrara. Irakorterreza dok, baiña oso mamintsua: gauza asko gertatzen dittuk. Tentsiño narratibua oso ondo mantenduta jagok nobela osuan zihar, hiru-lau eszenario paraleluetan batera doiazen korapilluetan (Tutila, Burbaster, Qurtuba, Iruñea). Gehixago esango juat: hiru liburuetatik onduen idatzittakua berau dala esango najeukek. Esate baterako: historia pertsonalak protagonismo gitxiago jaukek, hari historikuan jarraipenan mesedetan eta hau, duda barik, interesgarrixagua dok. Protagonismo gitxiago jiñuat, baiña egon bajagozak historia pertsonalak (entertainmentan elementu klasikuak: maitasuna, heriotza...); liburuan egittura historikuan hobeto integrauta, eta etnografikoki relebantiaguak: harem barruko girua, sexu eszenak, esklabo eta eunukuen bizimodua, gerra galtzaillieri emondako tratua, homosexualidadia... Behin liburua amaittuta be, hainbeste gauzari buruz gehixago jakitzeko gogua geratzen dok eta horretarako aukera zabala jagok, autoriak amaieran ipiñittako zerrenda bibliografikuari esker.
Hirugarren liburu honetan Banu Qasitarren dekadentzia kontatzen dok, Kordobako emir eta kalifak beheia jo eta berrindartziakin batera, eta leiñu honen presentzixia gero eta txikixagua dok nobeliak aurrera egin ahala. Penagarrixa, baiña historikua: hala izan zuan-eta. Horregaittik, uste neban interesa galduko nebala (nere jakinmin printzipala mairu euskaldunak ziran), baiña ez dok hala izan. Iruñea eta Al-Andalusen arteko txokiak jan jittuan Banu Qasitarrak X gizaldixan, eta billakaera hori be interesgarrixa dok hamengua ulertzeko, naparrak neurri haundi baten “mairuen kontura” indartu ziralako.
Hónek hiru liburuak irakorri aurretik, Espainiako “benetako” historixia neretako XI gizaldixan hasten zan. Nik ikasittako lekuetan, behintzat, hori baiño lehenago gertatutakuei etxaken garrantzi haundirik emon, eta eremu akademikuetatik kanpo be, mairu asuntua urriñeko nahaste borraste illuna da, alkar ezin ikusi zeben tribuen kaosa. Bistan da, baiña, Al-Andalusen zibilizaziño maillia berreskuratzeko kristauak gizaldi eta gizaldixak bihar izango zittuezela...
Laburbilduta: oso gomendagarrixak Carlos Aurensanzen hiru liburuok, Banu Qasitarren historixia modu fidagarri eta interesgarrixian jasotzen dabelako, auzoko erresumetako “lehengusu txikixekin” batera (izan be, biharbada horixe da historia honetako gauza xelebriena: Abd al Rahman III kalifa boteretsuan 4 aittitta-amametatik 3 euskaldunak izan ziran, eta Eneko Haritzan ondorengua zan, Iruñeako erregia lez).