Liburuetan kabitzen ez dan gizona
2001 urtian herrixan antolatutako jardunaldixetako hitzaldixen bilduma honek, Azkuek egindako biharran ikuspegi orokorra hartzeko balixo dau. Interesgarrixa da hori neretako (nik aurretik egin barik nekan). Izan be, euskal kulturan interesa dakan edozeiñek, une batian ez bada bestian, Azkuekin tope egitten dau. Eta gizon honek arlo bakotxa sakon landu zebanez, bati buruz irakortzen hasitta bestien gaiñeko ikuspegixa galtzen da. Horretara, laburpen panoramiko honekin hobeto jabetu naiz Azkuen erraldoi izaeriakin, bai horixe.
Interesa, atal guztiak dake. Ez nekixan gauza asko ikasi dittudaz. Baiña danen artian deigarrixena, Itziar Lakan artikulua egin jata ( "Azkue gramatikalari"). Azkuek bere bizitza luzian garbizaletasunetik herrikoittasunera egindako bidia egin zeban. Hain zuzen be, Sabino Arana eta bere ingurukuak Azkuen lanetan oiñarrittu ziran euren "txukuneria" (Don Resuk hala esaten ei zetsan) bultzatzeko; Azkuek berak bide hori arbuiatu eta gero be. Bestalde, oso deigarrixa egin jata Mitxelenak "hiperbizkaiera" izendatutako horren historixia: Azkuen lehelengo urtietako biharretan oiñarrittu zan joera hori be, eta bere ezaugarri nagusixa beste euskalkixetatik gehixen aldentzen ziran formak lehenestia, edo barrixak asmatzia izan zan. Gaur egungo "bizkaiera batuan" oiñarrixan be badago, hiperbizkaiera hori. Esate baterako: "gintzazan", dauz", "dautse", "ebazan" formak asmautakuak diraz (tradizionalki Bizkaian erabilli izan dirazen "ginian", "dittuz", "deutse", "zittuzan" modukuen ordezkatzeko sortutakuak).
Azkenik, ez naiz garai honetako musika zalia. Baiña Natalie Morel, Angel Ugarteburu eta Mertxe Garcia Perezen artikuluak irakorritta, Azkuek ze hizkuntza musikal zerabixan entzutzeko kuriosidadia sartu jata. Eingot hori be.