Lete it be
Xabier Leten herixotzia zala eta, bere herriko euskalgilliak hari eskindu zetsen urtero egitten daben azokia. Nere andria (Ane Lardi) be hortan ibiltzen da eta bideo hau prestau zeban amaiera ekittaldirako, bertako radixuan egindako entrebista inedito baten gaiñian. Oso politta geratu da nere ustez. Oiartzuarrez ulertzen ez dozuenendako, subtitulauta dago.
Hamen barriz, 12 minutotako entrebista osua dago, montau barik. Gustatzen jata, betiko tronpeta musikiaz biharrian, bizitza normaleko gauzetaz dihardualako. Bizkaittarrak ulietatik tirauko dabe gauza bat entzutzian, baiña... ura juan danian ezin hasi presia egitten.
Oier, ba ni apur bat beldurtuta geratu nintzen Argian atera zuten elkarrizketa postumoarekin (http://www.argia.com/albistea/xabier-lete-ez-naiz-inoiz-iraultzailea-izan), ez nator bat ia ezertan. Lete artista izugarria da, baina miresten duzuna omentzeko modu onargarri bat izan daitekeenez kritika, pare bat arazo:
Letek dio: "Bizitzaren une batean konturatu ginen plazerak eta gozamenak baino gehiago lotzen dituela bi pertsona gaixotasunak, sufrimenduak eta porrotak. Bizitzaren irakaspen sakonagoak dira".
Nire ustez, berriz, sakonagoa da gozamena sufrimendua baino. Oinazeak batzuetan sakontasun-inpresioa eragiten du, baina hori gertatzen da heriotzatik hurbilago dagoelako; bizitzarekin sakonago egiten du bat pozak oinazeak baino. Eta bikotekideak ez ditu zertan sendoago lotu gaixotasunak, sufrimenduak eta porrotak. Hori izan zen noski Leteren eta Lourdes Iriondoren esperientzia, baina ezin da unibertsalizatu. Hainbat eta hainbat dira sakontasunean barneratzen diren bideak, eta beste hainbeste dira bikotekideak uztartzeko lotzeko abenturak.
Beste kontua: Leteren berbak: "Ez naiz ekoizpen handiko poeta izan ezta kantaria ere, baina ez diot garrantzirik ematen horri. Batzuetan pentsatzen jartzen naiz eta nire buruari galdetzen diot: Kantari batek zenbat kanta egin behar ditu? 60, 70, 80? Hortik gorakoak soberan daudela esango nuke. Nahikoa da, sei, zazpi edo zortzi diskorekin. Jacques Brelek hamar edo hamaika disko egin zituen. Ni alferragoa naiz. Dena den, uste dut, ekoizpen handiegia ere ez dela ona. Lehengoan irakurri nuen, ez dakit egia edo gezurra den, baina Bob Dylanek bostehun kanta inguru eginak dituela [450 bere webgunearen arabera]. Ez da posible pertsona batek barruan 500 kanta egiteko materialik izatea. 500ekin esan nahi duzuna 50ekin esan zenezake. Eta ez baduzu esan, ez duzu esango."
Bob Dylan pertsona bat da, eta 500 kanta baino gehiago dauzka barruan. Hogei urte bete baino lehen ekin zion kantagintzari. 70 inguru dauzka honezkero eta ikaragarri aldatu da. Entzun bestela 1964ko Live-ko Don't think twice it's all right (http://www.bobdylan.com/music/live-1964), biologiari dagokionez gorantz datorren bizipoz hori, bere burua aurkitzeko zorian dagoen artistaren alaitasuna doinuan...
eta ondoren adibidez 1997ko Tryin' to get to heaven (letrak: http://www.goddylan.com/Letra_TryinToGetToHeaven.htm; eta abestia: http://mp3lemon.org/song/321277/Tryin%27%20To%20Get%20To%20Heaven)
Bigarrena egiteko 60 urte inguru behar dituzu gutxienez, bizi indarra ahiturik, larregi erre izana, eta orduan, gainbehera orokorraren erdian, "uste duzunean dena galdu duzula/ohartzen zara oraindik pixka bat gehiago galdu dezakezula" abestu, bizitzak pitzaturiko ahots horrekin, bestela ez da sinesgarria
Bizialdi oso batek aldi eta buelta desberdin ugari dauzka, eta horietako bakoitzari etekina kanten bitartez era obsesiboan ateratzen ahaleginduz gero, Bob Dylan bezala, eta bere talentua edukita, ez da ezinezkoa 500 abesti hilezkor idaztera heltzea