Laginketia
Lehenengo lagiña.
Speleo kontuak dirala eta, bezperan ezagututako Urdiñarbeko familia batek etxian bazkaltzera gonbidatu gaittu: familia giruan, sutondo goxuan, ez ahazteko moduko otordua izan dogu. Arratsaldian, etxeko alhaba Baionara eruan dogu, astian zihar han bizi da eta. Bidian, bestiak beste, berak esandako gauza bat oso deigarrixa egin jata: “Züek, Lekeition eta Ondarroan, dendetan-eta eüskaraz egin dezakezüe?”. Miresmenez galdetzen zeban, guria pribilejio haundixa balitza legez. “Gürean, gaur egün, ia ezinezkoa beita ogia eüskaraz erostea...”.
Bigarrengo lagiña.
Lekitton, egunero moduan, umiak eskolara eruan ostian, guraso asko bi-hiru lagunetako taldetan juntatzen dira herrirutz juateko. Kafia hartzera edo errekauetara doiazen bittartian, barriketan doiaz. Hiru begiz jota dittudaz: hirurak euskaldunak dira, hirurak euren umiekin euskeraz egitten dabe, baiña umiak eskolan laga eta gero, halakuak esaten juaten dira:
- Ya bas?
- Ssi! Hai ke aprrobetxarr! Buen tienpo haze y.
- Los rrekaos tambien ai ke azerr peró.
- Ya e etxo yo la buelta de Eroski.
Eta holan doiaz, txor-txor-txor barriketan, bistatik galdu arte.
Interpretaziñuak, zuen esku.
Txiripaz ni ere atzo Urdiñarben maskaradan, eta Donostian astebete egon den Urdiñarbetar batek esaten zidan ze gustora ibili den Tabakaleran, kafetegian eta ostatüetan üskaraz, eta esan nion zorte handia izan zuela, ez bait da erraza izaten, Urdiñarben baietz, zenbat euskaldun. Bere erantzuna, guk ere zorte handia izan dugula asteburuan, egoera berezia izan delako.