Lacan greloekin
Txillardegin garrantzixan batti euki banajeukan, baiña liburu honekin jabetu nauk bere dimentsiño erraldoiakin. Aitortzia merezi dabena, duda barik, nahiz eta erreza ez izan, poderian “B aldian” biharrian jardun daben baten kasuan. Edozelan be. Liburu honekin bildurra be banajeukan, Alvarezek landutako eremuetatik bat baiño gehixago -psikoanalisisa, esate baterako- irunsteko oso gatxa egitten jatalako; horregaittik, “gerrarako prest” najentorren (=irakorketa diagonalian barra-barra jarduteko), baiña, aittu, gai astunenak “guarniziño” aringarriz lagunduta datozelako-edo, uste nebana baiño gitxiago egin bihar izan juat. Bigarren zatixa, batez be, interesgarrixa eta irakortzeko oso erreza egin jatak. Eta -zelako efektistia haizen Markos-, bereziki hunkigarrixa alfa eta omega biografikua, Muitzeko asto zaharran aldaparan.
Paperjale.eus-en botatako iruzkin batzuk, atzetik aurrera:
- Eta hara sorpresia: neure burua ezagutu juat, "Defizit bi. Barne migrazioa. Andreak" txatalian, zein eta Joseba Gabilondo aittatuta. Izan be, gaur arte, neure lau aittitta-amametatik bakarra kontsiderau izan juat etorkin/joale: amama Isabel, Argentinako baztandarren familiakua. Baiña oin konturatu nok beste hirurak be, deserrotutako barne migrarixak zirala: aittitta Demetrio (Elgetako basarrixetatik Eibarrera, eta Orbea fabrikian atzetik Bittorixara), aittitta Manuel (Otola basarrittik kalera) eta amama Ines (Agiñako basarrixetatik kalera).
- Eta hala izaten jiharduk: liburuan bigarren zatixau, aldapan behera legez, gero eta bizkorrago, irakortzen najabilk, anekdota eta bristada kurioso ugarixak lagunduta.
- Galera estrukturalen txatala, oso interesgarrixa, denbora alegiazkoa eta egiazkoa bereiztiana, euskera zaharrian oso korrientia (euskalki guztietan) baiña gaur egun galbidian, erderak kalkatzeko joeriangaittik. Nere kasuan, total. Baiña basarrittarren hizkera hain diferente somatzian gakuetako bat be izan lajeikek hau (alde haundixa somatu izan juat, baiña ez najenkixan esaten zergaittik).
- I SURVIVED TO LACAN. Markosen gauzak iñoiz irakorri doguzenori, ezaguna egitten jakuk Lacanen izena. Handik ez bada hamendik, beti agertzen jakuk aipuren edo ideiaren bat, neuri partikularki, buruko "relais"ak klak egin eta irakorketatik deskonektatzia eragitten nabena: ulergatxegi. Horregaittik jaukak garrantzixa neuk kapitulo hau amaittu izana. Etxuat esango ondo ulertu dotela -nahi bez- baiña Freud eta beran arteko aldien harixa jarraittu ahal izan juat, gitxi-asko, eta liburuan ekuatore hardcorea pasau izanan sentsaziñua jaukat. Izenburueri erreparauta oin entretenimentu gehitxuago datorrela emoten jok-eta, Torrealdaien sotana hegalarixakin-eta...
- Ahaleginak ahalegin, gauza interesgarrixak topatzen najabilk handik eta hamendik. Arrazoitzeko formia hizkuntziari lotziana (indoeuroparrok, gauza guztien arrazoia billatzera eruaten gaittuana, eta ez badogu topatzen, berau asmatzera) eta oin, mituen txatalian, gizaki talde guztiak naturatik kulturara eginiko jauzixen gakoak.
- Markosek berak abixauta, banajenkixan liburu hau ez zala bestia bezain erreza izango. Gaixa bera (hizkuntzalaritza) trabes sartzen jatak, eta horrenbestez irakorketa diagonal xamarra egitten najabilk, hau da, ez esaldi guzti-guztien zentzu oso-osua harrapau nahixan, baizik eta ildo orokorrak bakarrik.

