Jipixa balkoian
Lekeittion, negu astegun goizetako etxekoandros errutina gozuak emoten jok, bai, pentsatzeko aukeria. Batzutan.
Gaur argitsu hasi dok eguna, eta goizago jaiki bihar izan nok, umiakin batera. Jaizkibel gaiñeko eguzkixak betetako sukaldian armozua hartu eta ondiok bedratzirak zittuan, kaleko errekauak egitteko goizegi. Halan, kalera juan gaittuk denporapasan. Azken egunetan Niko alper xamarra dagok, ez dittuk hogei metro oiñaz egitten Asierren burdira igotzeko eskatu barik.
Normalian oiñaz urtetzen gaittuk etxetik, eta hala goiaz aldia guztietara, burdixa aldian. Urte ta erdi pasauko ume honek 800 bat metrotako autonomixia jakak momentuz. Horretara, gure pasiuak eremu horretara mugatzen jittuagu. Hori dok Nikon munduan radixua, goizez behintzat.
Baiña alperraldiko fase baten gagoz, esandako moduan –hazkundian misterixuak- eta gaur burdixan ibilli bihar ixa denpora osuan. Horregaittik juan gaittuk Karraspixoraiñok.
Pasiorako goizegi, lau katu baiño ez zittuan ikusten hondar osuan. Eta txakur bi antxitxiketan, aretzan.
Nasaittasun hunkigarrixa. Han genguazen gu, pretillian jarritta, lurreko arian marrazkitxuak egitten eta olgetan.
Halako baten, atzeko hotel txikiko balkoi haundira morroi bat urten dok. Ezagun zuan jaiki barrixa jeguala, ule luzia bustitta, arpegi eta bizarra igurzten, nagixak kentzen goizeko freskuran. Arpegixan sekulako pakia ikusten jakon. Begirada panoramiko bat egin jok, Artzabaletik Antzorizeraiñok, geldiro, han aurrian genguazen goiztiar guztiak ikusitta. Irribarrez jeguan.
Batek daki ze hiri zaratatsutik etorrittakua dan. Igual gabardixan allegau zuan, Lekeittioko argixak, Antzorizeko farola eta itsasua parian zekazela –aeropuertoko argixekin- eta goizeko ikuspegixakin harrittu egin dok. Pentsau juat: “Beste momentu baten neu izan neikian; nere bidaixetan leku ezezagun eta ederretan jausi naizenetan lez, bertako jentian bizimodua ikusten, egunero han bizitzia izango litzajena imajinau nahi daben parakaidista arrotza”. Eta gizon horrekin asko identifikau nok. Hamen bizitziaz dakagun suertiaz konturatzen ez garala pentsauko zeban igual.
Baitta asmau be, seguru. Eta beraz, Nikongana bueltau naizenian –hau guztiau segundo laren baten pasau jata burutik- gogo doblez heldu jetsat jolasari, buruko uliak nahastau detsadazen bittartian. Eta beste behin be, inguruak parakaidista begixekin begiratu jittuadaz, nun eta noiz nagon konturatzeko.
Horrek etxok kentzen hau guztihau idazten nabillenian ume alua hamen beheian joditzen egotia, papilla lata metaliko batekin sukaldeko lurran kontra zarata jasaneziña etaratzen. Eskerrak furrustada batekin ixildu dala.
Egunerokotasuna.