Ipoiña ez dan ipoiña
Kritikuak behin eta barriro aittatzen dabe liburu honen berezittasun bat: protagonistiak gauzak kontatzeko formia. Halaxe da bai, eta esango neuke hori dala liburuak izaten diharduan arrakasta haundixan sekretua.
Baldek ahoz kontatzeko formulak erabiltzen dittu, Arzalluzek idazkeran errespetau dittuazenak. Honek tradiziño oral zaharran kutsu erakargarrixa emoten detsa, gaurkotasun haundiko kontakizunari:
-
Esan nion aita hil zela eta amarengana joan nahi nuela herrixkara, baina erantzun zidan ez zeukala dirurik. "Oke" esan nion, eta etxera itzuli nintzen.
Bestalde, europar pentsatzeko forma kanonikuetatik kanpo dagozen burutaziñuak eten bakuak dira. Ipoin afrikarretan, erakargarrixen egitten jatazen gauzetako bat horixe da:
-
Lana goizeko seietan hasten zen eta ez zen sekula bukatzen. Etxe batzuk teilaturaino handitzen zirenean ondoan beste batzuk jaiotzen ziren, eta zimenta gehiago zegoen nahasteko.
-
"Timiauinen lana bide bazter batean egoten da", esan zidan, "guk hara joan behar dugu, eta han egon, mugitu gabe, lanaren zain". "Oke". "Lana berehala etorriko da, ikusiko duzu".
-
Hiru hilabete pasatu nituen Ghardaian. Nik hiru, eta Ismail txikiak bi, bien artean bost. Bost hilabete zimenta nahasten.
Pasarte hunkigarri asko dagoz, jakiña: ezer euki ez arren dana partekatzeko prest dagozen pertsonen elkartasuna; anaiari gertatutakua bera salbu danak dakixenian, eta lagun batek kontatzen detsanekua (zelako delikadeziaz)... Jarraixan sekulan irakorri doten shock emozionan deskribapen zirraragarrixena (eskolarik bako pertsona batek be primerako komunikaziño gaittasuna izan leikiala berresten dabena).
Bizitzan balixo dramatikua. Bizirautia lege dan lekuan, heroe gitxi:
-
Tarteka beste norbait ikusten genuen, hondarretan, gorpu, postura arraroan. Aurpegian egarria, egarri handia. Basamortua hola da. (...) Maliarrak ezin zuen gehiago, eta bide ertzean geratu zen. Guk aurrera egin genuen, zer egingo genuen bestela?
Aktualidadeko gai nagusixari helduta, pertsonen trafikuan detalle interesgarri/iraingarri asko datoz liburuan: jopuen errealidade gaurkotua (esklabutzia XVIII gizaldixan abolidu zala? Kar kar kar); pertsona-ehizia; "programak", edo paterak erosi eta bezeroz betetzetik bizi dirazen enpresak; biaje bat hartzeko zain dagozen jende "stockak"; eurak kontzentratzeko erabiltzen dirazen "trankilo"ak; tokixan tokiko gobernuen presiñua, Europako herrixei dirua eskatuta mugak itxitta (edo) mantentzian truke...
Halakuak benetan bizi izandako pertsona baten kontakizunan aurrian, lekutan geratzen da fikziñozko literaturia. Balde moduko pertsonak, kontatzeko dakenakin, telebistako plato baten dirua irabazten egon biharko litzakez, ama eta arrebei bialtzeko. Baiña publikuak nahixago izaten dittuz toreruen ex-neskalagunak eta halakuak...