Ipoin kontalari saio ultratraumatikua
Ez dakitt zein izango dan Roberto Mezquita, Joxe Mari Carrere, Pello Añorga eta beste kontalarixen iritzixa, baiña guri behintzat, kontalarixana eta antzezliana oso bihar artistiko desbardiña begittantzen jaku. Orokorrian, ipoiñak kontatzen dittuan aktoriak erritmo eta gain-interpretaziño arazuak izaten dittuez. Patxada faltia, beste era batera esanda.
Ondo dakitt nik, eta ez bakarrik ikusle modura. Antzezle saiatua nintzanian be, bardintsu zala iritzitta, ipoiñak kontatzera sartu nintzan behiñ. Behiñ, eta ez gehixago (kontalari teknikia garatu ezian, behintzat). Errez esan neike nere farandulero bizitzako momenturik estuena orduantxe pasau nebala.
Kale antzerki saiuekin harrotuta (aurrekuan esan neban: nere ustez, publikuari bildurra kentzeko onena), nere burua edozertarako prest ikusten neban. Halan, Kili Kolo antzerki taldera proposamena etorri zanian, ez neban larregi pentsau: ipoin kontaketa saiua egin nahi zeben Eibarko Liburutegixan, umiei zuzenduta.
Etxatan gauza gatxa begittandu: ¿ipoiñak? banekixazen (Las Mil y Una Noches irakorri barri), ¿kontaketia? antzezlia izanda, arazorik ez (gerora ezagutu dittudaz teknika desbardiñen ñabardurak) ¿umiak? publiko errezena (craso error).
Bigarren erroria: indarra ipoiñak ikasten gastau neban. Mil y Una Nochietako batzu aukeratu nittuan, nere gustokuenak (hirugarren erroria). Ondiok zeozer erdi-gogoratzen dot: koloretako arraiñak dittuan lakua, jauregixan parian... mendi puntako kasetatxuan dagon zaldunan estatua baltza... grifo mitologikuan gaiñian hegan... Kontakizun ederrak, baiña antxiñakuak (gaur egungo literaturan ohizko diran gag-ik bakuak) eta mezu lauso xamarrekuak.
Halako orientaltasun pizkat irabazte aldera, moro jaztia pentsau neban. Horretarako eredua, sultan itxuria barik, kaleko saltzailliena izan zan: nere alkondara bakarra (erreixaduna) goraiñoko botoiakin lotuta, panazko frakak eta halakuak. Buruan ez dot gogoratzen zer, seguraski Kili Koloko lokaleko txapelen bat. Eta, orijinaltasun toke “majistrala” emotiarren, arpegiko eta eskuetako azala baltzitzia pentsau jatan, zerekin eta... kafe hondarrekin. Zelako alternatibua, naturala, birziklatuta eta merkia. Hauxe izan zan laugarren erroria, eta larrapastadarik haundiña.
Izan be, ez da fisiologia asko jakin bihar azalan iragazkortasunan barri izateko. Hau da: azalian emondako edozer (pomadía, esate baterako) azpiko ehunetara pasauko dala, odoleraiñok allegauta. Nere ikasketekin behintzat, ez dago atxekirik hori ez jakitzeko. Tira, ba azalian zihar igurtzittako kafe hondarrekin (Portaleko tabernan eskatu neban, txarto gogoratzen ez badot) ezdakitt zenbat kafeina pasauko jatan odolera, baiña efektuak ikusitta... ¿bost taza? ¿sei taza? holakoren bat izango zala kalkulau neike. Idea bat egin deizuen, egunian zihar bi kafe hartzen dittudazenian, gabaz lo egitteko arazuak izaten dittudaz nik.
Liburutegira, beraz, egoerarik onenian allegau nintzan: errekurtso dramatiko barik, publikuakin konektauko ez zeben ipoiñekin, eta urtenbide bat topatzeko bihar izaten dan lasaittasuna galduta. Bost minutuan edo mantendu ahal izan neban momorro txikixen atentziñua: hortik aurrera, zoramena. Hain txarto pasau neban, eze, nere ustez hórrek errekuerduak burutik borrauta dakadazen, lotsian lotsaz. Bertan zeguazen gurasuak be gogoratuko dirazela uste dot, hain izan zan ipoin kontaketa saio txarra. Eskerrak sarrerarik ez zebela ordaindu, gitxienez...
Tira: biharbada saiua ez zan nik gogoratzen doten besain txarto urten. Baiña eskarmentu ederrakin urten neban handik: aktore biharra eta ipoin kontalarixana, ez dira bardiñak. Intrusismorik ez! ;-)